Hizkuntza gutxituentzako kuota zehatzak eskatu dituzte

Euskararen gutxieneko presentzia arautzeko, Ikus-entzunezkoen Legeak jaso beharreko «ardatz nagusiak» proposatu dituzte eragileek

Alex Aginagalde eta Paul Bilbao, atzo, Donostian egin zuten agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Ikus-entzunezkoen Legeak eragin handia izango du gure bizitzan. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela legeak arauak izatea», adierazi zuen Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Donostian. Izan ere, agerraldia egin zuten atzo goizean euskararen eta ikus-entzunezkoen arloan lan egiten duten hainbat elkarte eta gizarte eragilek, Ikus-entzunezkoen Legeak jaso beharreko «ardatz nagusiak» proposatzeko. Besteak beste, nabarmendu zuten hizkuntza gutxitu bakoitzak kuota jakin bat izan beharko duela.

Agerraldian izan ziren Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Iban Arantzabal Tokikomeko presidentea eta Igor Astibia Hekimen elkarteko zuzendari eta koordinatzailea.

Bihar ekingo diote Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren eztabaida formalari, Espainiako Diputatuen kongresuan, eta, beraz, orduan eztabaidatuko dira lege proposamen horrek izan dituen ekarpen eta zuzenketa guztiak. Aurreikusten da maiatzaren 26an bozkatuko dela legea osoko bilkuran.

Bilbaoren arabera, alderdiek aintzat hartu dituzte egin zaizkien ekarpenak. Hala ere, nabarmendu zuen horrek ez duela ziurtatzen ekarpen horiek legean jasotzea: «Alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta, batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik».

Legeak hizkuntza gutxituen presentzia «duina» bermatzeko, beharrezkotzat jo zuten elementu batzuk biltzea: besteak beste, finantzaketa eta emisio kuotak zehaztea, eta streaming plataformetan eta estatuko telebista publikoan arau batzuk finkatzea. Finantzaketari dagokionez, hizkuntza gutxitu bakoitzari %8 esleitzea proposatu zuten; emisio kuotari dagokionez, berriz, %40.

Streaming plataformetan, berriz, geolokalizazio bitartez tokian tokiko edukiak nabarmentzeko eskatu zuten, baita ordura arte diru publikoarekin bikoiztu edo azpidatzi diren eduki guztiak txertatzeko betebeharra ezartzeko ere. Gainera, plataformetako menuak euskaraz ere jartzeko eskatu zuten.

Telebista publikoei dagokienez, gutxieneko kuotak ezartzeko eskatu zuten: besteak beste, Clan TVko eduki guztiak bikoizteko eta euskaraz eskaintzeko, eta lurralde albistegiak bertako hizkuntza ofizialetan egiteko.

Euskal alderdiei eskaera bat

Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei ere egin zieten eskaera bat: gutxieneko duina onartzeko urratsak egin ditzatela. Zehazki, alderdiei galdegin zieten «ahalegin guztiak» egin ditzaten egindako eskaerak legean kontuan har daitezen, baita legearen tramitazioan «arduraz» joka dezaten ere.

Aginagalderen arabera, ikus-entzunezkoak «funtsezkoak izan dira eta dira» euskararen berreskurapen prozesuan. Horregatik, nabarmendu zuen garrantzitsua dela legean gutxieneko neurriak jasotzea, euskararen presentzia «duina» bermatu ahal izateko.Izan ere, ohartarazi zuen azken hogei urteotan euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentziaren egoera «erabat irauli» dela: «Pantailei begira igarotzen dugu gure aisialdiaren zati oso handi bat, eta, egun dagoen itsaso zabalean, euskararen presentzia erabat diluitu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.