GuraSOSek esan du matxura konponezin bat duela Zubietako erraustegiak

Erraustegiko transformadore nagusia hondatu da. Adierazi dute erraustegia geldirik egon zela hilabetez, apirileko matxuraren ondoren

GuraSOS plataformako Joseba Belaustegi, atzo, Donostiako Koldo Mitxelenan egindako agerraldian. JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 25ean hondatu zen Zubietako erraustegiko transformadore nagusia, eta erraustegiak ez zuen bere egitekoa bete—energia balioztatzea—hilabete oso batez, maiatzaren 25era bitartean. Gainera, transformadorearen matxura «konponezina» da, gailuaren fabrikatzaileek adierazi dutenez, eta hura ordezkatzeko jarri duten behin-behineko transformadoreak 6MW baino ez ditu sortzen, berez 24 megawatt ekoizteko ahalmena badauka ere. Datu horiek atera ditu argitara GuraSOSek, atzo Donostian egindako agerraldi batean. Azaldu dutenez, transformadorearen fabrikatzaileak egindako txosten ofizial batetik eta Elektrizitateko Merkatu Iberiarreko Operadorearen datu basetik atera dituzte datuok.

Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatu Jose Ignacio Asensiori galdetu zioten atzo GuraSOSek emandako informazioaren inguruan, eta esan zuen «hilabete honen amaieran» transformadore berri bat jarriko dutela erraustegian, eta erraustegia «normaltasun osoz» funtzionatzen ari dela baliabide osagarrien bidez. Era berean, GuraSOSen informazioa gezurtatu du: «Haiek jakingo dute nondik ateratzen duten informazio hori».

«Normaltasunez» martxan

Apirilean, EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegia geldirik zegoela adierazi zuenean, GHK-ko iturriek BERRIAri adierazi zioten matxura «enpresa hornitzailearen bidez konpontzen» ari zirela, eta instalazioko babes ekipamenduei esker ez zela «inolako kalterik» egon. Hala ere, adierazi zuten ekipamendu osagarrien bidez erraustegiak funtzionatzen jarraitzen zuela, eta Gipuzkoako hiri hondakinen tratamendua «normal-normal» egiten ari dela ziurtatu zuten. GuraSOSek atzo kaleratutako datuek, ordea, kontrakoa diote. Izan ere, EMIO Elektrizitateko Merkatu Iberiarreko Operadoreak bildutako datuak begiratuta, ikus daiteke apirilaren 25etik maiatzaren 25era bitartean Zubietatik ez zela elektrizitaterik igorri sarera.

Horrez gain, GuraSOSek adierazi du Ekondakinek, Zubietako Erraustegiaren kudeatzaileak, apirilaren 29an eman ziola matxuraren berri Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumen Sailari: transformadorea hondatu eta handik lau egunera. Legearen arabera, ordea, enpresak 24 orduan eman behar du horrelako istripuen berri, gehienez.

Hilabeteko geldialdiaren ondoren, behin-behineko transformadore bat jarri dute Zubietan, baina EMIOk bildutako datuek diote 6 megawatt baino ez dituela igortzen sarera —erraustegiak, berez, 24 megawatt sortzeko ahalmena dauka—, eta, horrez gain, sei hilabeterako baino ez du balio; hau da, azarora arte. GuraSOSek adierazi du erraustegiaren etorkizuna «ezezaguna» dela; izan ere, epe hori betetakoan, ez dakite nola ordezkatuko duten transformadore hori: «Transformadorearen enpresa fabrikatzaileak, orain Japoniako Hitachi enpresarekin elkartuta dagoen ABB alemaniarrak, ez du gomendatzen aparatua konpontzea jasandako kalteen larritasunagatik eta atzeraezintasunagatik, lehen txosten batean ageri denez».

Gainera, GuraSOSek azaldu du transformadorea matxuratu aurretik ere bertan sortzen zen elektrizitateak ez zituela aurreikusitako kopuruak betetzen. Izan ere, GHK-k 2021eko irailaren 9an emandako datuen arabera, Zubietako plantak urtean 160.000 MWh sortzea aurreikusten zuen, baina GuraSOSek salatu du egungo datuak «oso urrun» daudela iragarritako aurreikuspenetatik: «Elektrizitateko Merkatu Iberiarreko Operadoreak eskainitako datuen arabera, Zubietak urteko 55092,4 megawatt-ordu energia igorri du elektrizitate sarera 2021eko apirilaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra bitartean: hau da, GHK-k iragarritako aurreikuspenaren %34,4 eta ahalmenaren %28,5».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.