Madrilen eragina izateko gaitasuna goretsi dute EAJk eta EH Bilduk

Espainiako Gobernuaren sei dekretu babestu dituzte bi indarrek. Datorren astean bilduko da eskumenei buruzko Batzorde Mistoa.

Aitor Esteban EAJko diputatua eta María Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jon olano
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun

Desegin dira Espainiako Gorteak, eta apirilaren 28an egingo dituzte berriro osatzeko hauteskundeak. Tarteko epe horretan, ordea, Diputazio Iraunkorrari dagokio hainbat erabaki hartzea; atzo, esaterako, Espainiako Gobernuak onartutako azken dekretuak baliozkotzea edo baztertzea. Sei onartu zituzten atzo Espainiako Diputazio Iraunkorrean: guraso baimen guztiak bost astetik zortzira luzatzea, etxebizitzen alokairua sustatzea, zamaketarien baldintzak hobetzea, inbertsioak zorren ordainketaren aurretik lehenestea, Brexit-ari aurre egiteko neurriak hartzea eta epe luzeko langabeen diru laguntza jasotzeko baldintza 55 urtetik 52ra jaistea. 65 diputatuk osatzen dute Diputazio Iraunkorra, eta, gainerako indar politikoen botoa zehaztuta, EAJren eta EH Bilduren botoak ezinbestekoak izan ziren atzo dekretu horiei oniritzia emateko.

Horregatik, EAJk eta EH Bilduk beren botoen eta Madrilen duten indarraren balioa aitortu zuten atzo. Joseba Agirretxea EAJko diputatu eta Gipuzkoako zerrendaburuak nabarmendu zuen «eragiteko eta erabakitzeko ahalmenak EAJren esku» jarraitzen duela, eta atzoko bozketez harago sei diputatu jeltzaleek legealdian izan duten esangura azpimarratu zuen: «Euskal gizarteak duela denbora asko adierazi zuen EAJrenak direla herrialde honen aurrerabidean gehien eragiten duten politikak». Goizean mintzatu zen Agirretxea, eta suspenseari eutsi nahi izan zion, arratsaldean Diputazio Iraunkorrean emango zuten botoa argitu gabe: «Madrilen dekretu batzuk onartuko dira, edo ez, eta erabakiko duena EAJ izango da». Seiak babestu zituen EAJk, «orokorrean onak» direlako eta espero duelako «laster ekintza zehatzetan» islatzea.

Joan den urteko ekainean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izan zedin, EAJren botoak beharrezkoak izan ziren; Sanchez gobernuburu izanda, berriz, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua lanean aritu dira hilabeteotan, 1979ko estatutuan jasotako eskumenak transferitzeko. Testuinguru horretan, Agirretxeak nabarmendu zuen «eragiteko ahalmena» ez dela «inprobisazio» kontua: «Esperientziak bermatzen gaitu, eta gizarteak askotan erabaki du EAJk ordezkatzea nahi duela Euskadiren interesak defendatu behar direnean».

Hala ere, erantsi zuen PPk nahiz PSOEk ez dutela, «motu proprio, aurrerapausorik eman bide emateko euskal autogobernuan eragiten duten kontuei eta herri honetatik erreklamatu diren gaiei».

Hain justu, azken egunetan eskumenak eskualdatzeko prozesua etenda zegoela eta, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak idatziz adierazi zion Sanchezi horri buruzko kezka. Atzo, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu zuen astearte iluntzetik «ugaritu» egin direla bi gobernuen arteko «kontaktuak, dokumentuak eta proposamenak». Eta, azkenean, atzo iluntzean jakinarazi zuten bi aldeek datorren astean bilduko direla eskumenei buruzko Batzorde Mistoan. Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, ondoko eskumenen inguruan arituko dira bileran: AP-68 autobideko Bizkaiko eta Arabako zatiaren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutakoentzat eta eskola asegurua.

EH Bildu, «erabakigarri»

Sei dekretuak aurrera ateratzeko, ezinbestekoa izan zen EH Bilduren babesa ere, eta posizio hori balioetsi zuten Arnaldo Otegi indar subiranistako koordinatzaileak eta Marian Beitialarrangoitia diputatuak. «EH Bildu erabakigarria da autogobernua defendatzeko, eskubide sozialen alde eta faxismoaren kontra», esan zuen Otegik Euskadi Irratian: «EH Bildu erabakigarria denean, jendearen interesak jartzen ditu mahai gainean, ez alderdi interesak. Ezker independentista erabakigarria denean, jendearen bizi baldintzak hobetzen dira».

Beitialarrangoitiak, berriz, ziurtatu zuen PSOEren gobernua «makina bat aldiz» jarri dela harremanetan azken orduetan haiekin: «Gobernuak gure botoa nahi zuen. Hainbeste aldiz deitu badigute, argi dago besteen botoa ziurtatuta zeukatela».

EH Bilduk dekretuak onartu izana hauteskunde kanpaina egiteko baliatu du, ordea, PPk. Sare sozialetan bideo bat zabaldu zuen, #DecretazOtegi traolarekin batera, «Espainiaren etorkizuna» EH Bilduko koordinatzailearen «esku» dagoela adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.