Albistea entzun

Problematika sozialari aurre egiten

Harrera elkarteak bazkideen batzarra egingo du etzi, Elgetan. Hizpide izango dituzte euskal iheslari ohien eta erretiro aldian direnen kasuak
Sebas Barinagarrementeria Harrera elkarteko presidentea eta Karlos Ioldi kidea, aurreko astean, Andoainen.
Sebas Barinagarrementeria Harrera elkarteko presidentea eta Karlos Ioldi kidea, aurreko astean, Andoainen. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2019ko apirilak 25 - Andoain

Harrera elkarte asistentzialak bazkideen urteko ohiko batzarra egingo du etzi, Elgetan (Gipuzkoa), 2012an sortu zenetik zortzigarrena, eta aurten «garrantzia» emango die euskal iheslari ohiei, «asko etxerik, dirurik eta paperik ez dutela itzultzen baitira, urteetan Euskal Herritik kanpo egon ondoren», Sebas Barinagarrementeria elkarteko presidenteak dioenez. Bilkuran, erretiro adinean dauden euskal preso ohien-eta «problematika» ere izango dute hizpide —Espaloia Kafe Antzokia, 10:00—. «Arazo sozial handiak dira, eta gizartetik ere egin behar zaie aurre, gure ustez».

Harreraren datuen arabera, iaz zazpi iheslari itzuli ziren Euskal Herrira, eta euren egoera juridikoki erregularizatu zuten. Biren kasua nabarmendu du Karlos Ioldi elkarteko kideak: 70-72 urte dituzte, ez dute familia babesik eta behar ekonomiko handiak dauzkate. Haietako bati harrerako ekitaldian telebista aparailu handi bat oparitu zioten, «baina etxerik ez dauka jartzeko!». Lehenik eta behin, Harrerak lo egiteko toki bat aurkitu zien biei: pentsio bat. Elkarteak hartu zuen ardura ekonomikoa. Ondoren, alokairua lortzen ere lagundu zien, eta, horrez gain, laguntza ekonomikoa ematen die hilero. Bat, gainera, diabetikoa da, eta elkarteak laguntzen dio odontologoarengana, erietxera…

Badago eragozpen bat euskal iheslari eta preso ohien alokairurako: nomina bat behar da, eta haietako askok ez daukate. Ondorioz, beste pertsonaren batek eman behar izaten du izena.

Harreraren iazko beste datu bat: hemeretzi laguni aurkitu zien lana. Zortzi urteko ibilbidean, 159ri. Elkarteak makina bat kontaktu du politika, ekonomia eta gizarte alorretan, eta gustura dago jasotzen duen erantzunarekin: irekitzen dizkiote ateak. «Eragozpenik ez dugu aurkitu preso ohien-eta ibilbideagatik; gehienez, lanposturako prestakuntza ezagatik izan ditugu arazoak», dio Ioldik. «Kontuan hartu preso ohiak urteak egin dituela sasian eta espetxean, adina ere baduela jada, eta saiatzen gara aske geratzean edo iheslaria bueltatzean lana aurkitzen, bizimodua aurrera atera dezan».

Preso ohi ugari daude 65 urteren bueltan, eta «oso kotizazio txikiarekin» iritsi dira erretiro adinera, Barinagarrementeriak ohartarazi duenez. «Erretirorako baliabide gutxi dute, beraz. Bazkideen batzarrean gai hori aterako dugu, eta azalduko dugu zer egiteko asmoa daukagun arazo horri aurre egiteko».

Lana pilatzen ari zaio Harrerari: etxea eta lana aurkitzen lagundu, nortasun agiria eta gidabaimena ateratzen, mediku sarea... «Kalera ateratzerako edo itzultzerako badute Harreraren berri, baina ez dakigu zenbateraino dakiten gure erantzukizuna noraino heltzen den», esan du Ioldik. «Egoera latzak dira; laguntzeko gaude gu, baina gizarteak ere jabetu behar du horretaz».

Gero eta euskal preso gutxiago dago, gainera: Harrera sortu zenetik (2012), 350 gutxiago. Espainiako Estatuan, Konstituzionalak aldeko ebazpena eman ondoren, hiru hilabete pasatzen dira preso ohiek kartzelaldia amaitu osteko urte eta erdiko laguntza eskatu eta jaso arte —hilero 426 euro—; premia dutenei, Harrerak 1.300na euro ematen dizkie bitartean; behar larriagoa dutenei, hilero beste 205na euro. Kartzelaldi osteko laguntza bukatzean, zenbaitek diru sarrerarik gabe segitzen dute, eta, egun, Harrerak 500na euro ematen dizkie hilero sei laguni. Beste lau pertsona zahar etxean daude; instituzioetatik jasotzen dute dirua, baina ez zaie iristen; falta zaiena elkarte asistentzialak jartzen du: hilero ia 300na euro. Urtean, denera, 200.000 euro inguru dira. Iaz, era batera edo bestera, 35 lagun lagundu zituen diruz. Medikuetan eta tramiteetan jartzen duena gehitu behar da. «Gero eta behar gehiago dago», dio Barinagarrementeriak. Dena neurtu behar. Ioldi: «Beti aztertzen dugu bakoitzaren egoera ekonomikoa, banan-banan». Batzuek esaten diete ez dutela behar, badutelako sostengua; horiek ez dituzte laguntzen.

Bazkidetza, laguntzak...

Etziko batzarrean, Harrerak 300.000 euroko aurrekontua aurkeztuko du. Hiru langile ditu. Bazkideak, 3.165; urtero 60 euro ematen dituzte gutxienez. Bizkaian eta Gipuzkoan dituzte gehien: %80 —erdia eta erdia—. Nafarroan berrehun bazkide dauzkate, eta, proportzioan, elkarteak diru laguntza handiagoa bideratzen du hara Bizkaira eta Gipuzkoara baino.

Herentziak ere lagungarri zaizkio. Gutxi izan ditu orain arte, eta gehiago nahi. Hala, «gustatuko» litzaioke herritarrek jakitea Harrerari ere eman ahal zaiola laguntza, herentzia bidez, «inolako lege eragozpenik gabe».

Bestelako laguntzetan, hiru kasu nabarmendu dituzte: auzibide politikoetan bermea berreskuratu zuten bi lagunek Harrerari bideratu zioten dirua; eta Aralar alderdiak elkarteari eman zion bere desegitean geratu zitzaion diru kopuruaren zati handi bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

Xabier Martin

Merinok ez zuen espero, 40 urte pasatuta, segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko saio batera deituko zutenik. Fisikoki aldatu arren, Merino ziur dago aurpegiez: «Haien eskuetatik pasatu garenok badakigu».

Gregorio Eskuderoren aldeko manifestazioa, gaur, Orion. ©Gorka Rubio / FOKU

Gregorio Eskudero 70 urteko presoa Euskal Herriratzeko eskatu dute Orion

Berria

Eskuderori hirugarren gradua ezartzeko ere eskatu du Sarek. Orain, Dueñaseko (Espainia) kartzelan dago preso, lehen graduan.

Plaza Hutsan 350 lagun baino gehiago elkartu dira. ©SORTU

«Herrigintza aro berri bat pizteko oinarria» jarri du Sortuk Burlatan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Plaza Hutsa bete dute 350 lagunek baino gehiagok, herrigintzaren eta estrategia independentistaren arteko lotura sakontzeko helburuarekin.

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Iosu Alberdi

Euskararen kontrako «erasoei» aurre egiteko, hizkuntzaren inguruko herri akordio bat proposatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...