Madrilek bere gain hartu ahal izango du edozein zerbitzu digital

Urgentziaz itxi ahal izango ditu, argudiatuta ordena publikoaren aurka aritzeko edota kalte ekonomikoak eragiteko erabil daitezkeela

Guardia zibil batzuk, zenbait webgune ikerketzen. BERRIA.
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak edozein jarduera edo komunikazio elektroniko bere gain hartu edo itxi dezake, urgentziaz, webgune edo zerbitzu digital hori ordena publikoaren aurka egiteko erabil daitekeela edota kalte ekonomikoak eragiten dituela argudiatuta. Horretarako, gobernuak ez du beharrezkoa izango epaile baten baimena; orain arte, behar zuen.

14/2019 lege dekretua Pedro Sanchezen gobernuak onartu zuen, urriaren 31n, eta atzo argitaratu zuten BOE Espainiako Estatuaren aldizkari ofizialean. Jarduneko parlamentuaren —Diputazio Iraunkorraren— ala igandean egingo diren Espainiako Gorteetarako bozen osteko parlamentuaren onespena ala ezeztapena beharko du; edo lege egitasmo gisa tramitatu ahalko dute, zuzenketak jartzeko aukera emanez. Dena den, dekretua indarrean egongo da, behin-behinean, 30 egunez. Auzitegi batek ere eten dezake, jasotzen diren neurriak herritarren oinarrizko eskubideen aurkakoak direla argudiatuta norbaitek salaketa jartzen badu.

Funtsean, Mariano Rajoyren lehen agintaldiaren amaieran—2015ean— PPk eta PSOEk adostu zuten Segurtasun Nazionalerako Legearen eranskin edo gehigarri bat izango litzateke neurria. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak Espainiako Gobernuari aukera ematen dio autonomia erkidegoetako erakundeak bere gain hartzeko; helburu bera du Segurtasun Nazionalerako Legeak, baina gobernuak errazago aplika dezake. Funtsean, dekretuarekin osatu nahi dute lege horretan teknologia berrien alorrean zegoen hutsunea; bereziki, Madrilek autonomia erkidegoetako polizien kontrola bere gain hartzeko zegoen pentsatua legea.

Kataluniako prozesu independentistari aurre egiteko neurri gisa aurkeztu du gobernuak dekretua. Testuaren sarreran aitortu du hori: «Espainiako lurraldearen zati batean berriki jazo diren gertaera larriek agerian utzi dute egungo araudia aldatzeko beharra». Herrialde hartako erakunde publikoek eta bestelako talde eta eragileek prozesuaren alde erabili dituzten askotariko bitarteko digitalak jarri dituzte jopuntuan. «Errepublika digitala eteteko» neurri gisa aurkeztu dute.

Alde batetik, azken asteetan Katalunian izan diren mobilizazioak antolatzeko Interneteko sare sozialek izan duten garrantzia hartu du kontuan Espainiako Gobernuak. Bestetik, Kataluniakoak IdentiCat izeneko zerbitzu bat iragarri zuen irailean; horrekin, aukera eskaini nahi die herritarrei hango administrazioarekiko harremanetan identitatearen eta datuen kudeaketa segurua bermatzeko. Datu horiek Europatik kanpoko zerbitzarietan ostatatuko lirateke, eta hain justu hori debekatu nahi du Madrilek. Testuan zehazten da erakunde publikoetako zerbitzariek Europako Batasunean egon behar dutela edota sei hilabeteko epean ekarri beharko dituztela.

Baina, horrez gain, beste administrazio batzuen, norbanakoen eta taldeen esku dauden zerbitzu digitalak bere gain hartzeko aukera zabaldu nahi du Espainiako Gobernuak. Horiek «zuzenean kudeatu» edo «kontrolatu» ahalko ditu «salbuespen egoera batzuetan». Hauek aipatzen ditu: osasun publikoaren, ordena publikoaren eta segurtasun nazionalaren aurkako «mehatxu berehalako eta larri bat» dagoenean; eta zerbitzu elektronikoen bidez pertsona batzuek polizien, babes zibileko zerbitzuen edo larrialdi zerbitzuen lana oztopatzen badute, edota Interneteko gainerako erabiltzaileei kalte ekonomiko eta operatiboak eragiten badizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.