joxerra senar
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. ANALISIA

Berriro Madrilera begira

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Futbolean esan ohi da partida bat meloi baten modukoa dela: ireki arte ez dakizu nolakoa izan daitekeen. Ustez, talde baten eta bestearen ezaugarriak ezagututa, aldez aurretik antzeman daiteke partida bat nolakoa izan daitekeen; baina behin hasita, edozein nondik norakok goitik behera alda dezake hasieratik aurreikusitakoa. Horregatik izan ohi dira kirol lehiak hain zirraragarriak. Batzuetan, logikaren gainetik bestelako osagaiak nagusitzen direlako. A priori zentzuak eta arrazoiak marraztutako jokalekua astintzen dute ustekabeek.

Igande honetan, antzeko zerbait gertatu da Nafarroan. Inkestek iragartzen zuten, apirilaren 28an bezala, lehia estua izango zutela PSNk eta EH Bilduk. Inkesta batzuek koalizio abertzaleari ematen zioten azken eserlekua, eta beste batzuek, sozialistei. Objektiboki, ustez, PSNk irabazteko aukera gehiago zituen. Zergatik? Apirilean, foru hauteskundeak ate joka izanik, EH Bilduk bere boto emaile ia gehienak mobilizatzea lortu zuelako: maiatzeko emaitzekin alderatuta, ia 4.000 boto gutxiago soilik lortu zituen, eta 2015eko eta 2016ko emaitzekin alderatuta, nabarmen egin zuen gora. Horrek erakutsi zuen apirilean oso emaitza onak lortu zituela, eta, ondorioz, behin foru bozen eragina lausotuta, boto emaile kopuru bat gal zezakeela. Salbuespena 2011ko Amaiurren emaitza izan zen, baina ordutik honako esperientziak erakutsi du Espainiako esparru politikoa indartzen den aldiro indar abertzaleek dutela galtzeko gehien; alderantziz, PSN azken bi urteetan gorantz zetorren.

Kontrakoa gertatu da. Hauteskundeak berriz egitea nahi izan du Pedro Sanchezek, eta bere kalkuluetan, sasi negoziazioetako biktima gisa agertuz, botoak irabaztea espero zuen. Gaizki atera zaio jokaldia: Espainian botoen %10 galdu du, eta Nafarroan, %12. Historikoki, PSOEren botoek baldintzatzen dute PSNren joera, eta azken bi urteetan Sanchezen olatu gainean nabigatu duten sozialistek ikusi dute olatu horrek indarra galdu duela. EH Bilduk gora egin du, eta PSNk, behera; azken diputatua lortzeko lehia estu hori koalizio abertzaleak irabazi du. Uste baino errazago.

Hala ere, harrigarriena ez da hori izan. Ez da izan ere EH Bildu Ahal Dugu-ri gailendu zaiola eta hirugarren geratu dela. Ez, harrigarriena izan da alderdi nagusien artean gora egin duen bakarra EH Bildu izan dela. Gainerakoek botoak galdu dituzte, eta oso modu nabarmenean, gainera. Hortaz, baldintzak kontra zituen hauteskunde batzuetan gora egiteko ahalmena erakutsi du EH Bilduk eta, harrigarriki, desmobilizazioa Voxek izan ezik gainerako guztiek ordaindu dute.

Azkeneko urteetan Navarrometro inkesta soziologikoak islatu du EH Bilduk, gainerako alderdien aldean, oso oinarri sendoa eta fidela duela. Indargune horrek bozetan gorabehera handiak izatetik aske uzten du, baina, aldi berean, beste indarretako botoak erakartzeko zailtasunak ditu, hazteko tarte txikia utziz. Fisikarekin alderatuko bagenu, EH Bilduk nukleo handi eta irmoa du, baina beste eremuetatik elektroiak hartzeko gaitasun falta du.

Igandean, teoria hori hankaz gora geratu zen. Kataluniako eta Altsasuko auzien inguruko Gorenaren epaiek eta estatuak eman duen erantzunak sektore abertzalea aktibatu dute. Altsasuko gazteetako baten ama den heinean, Bel Pozuetaren hautagaitzak eta urteotan eman duen adibideak guztiz bat egin du EH Bilduk Madrilera eraman nahi duen mezuarekin. Boto baliagarrirako deia egin du EH Bilduk, eta dema baten modura aurkeztu du Baietz leloarekin. Horrekin guztiarekin, asmatu du: nukleoa aktibatu du, Geroa Baitik botoak erakarri ditu, eta, zergatik ez, aurreko bozetan Ahal Dugu-ri boto eman diotenetako batzuk bereganatu ditu.

Kopurua adierazgarria da. Geroa Baik 9.680 boto galdu ditu, eta EH Bilduk 9.600 irabazi. Egia esan, Geroa Baik oso zail zuen diputatua lortzea, apirilean lehiatik oso-oso urrun geratu zelako, eta maiatzean botoa eman zioten 60.000 herritarretatik askok zalantza zutelako botoa hari eman —ezertarako balio ez izateko arriskuarekin— edo beste alderdi bati, gehienbat EH Bilduri. Hori hala izanik ere, Geroa Baik egiturazko arazo bat du: Uxue Barkos hautagai ez denean, arrazoi bategatik edo besteagatik, elektroiek inguruko eremuetara ihes egiten diote, izan EH Bildura, izan Ahal Dugu-ra; izan udal bozetan izan Espainiakoetan.

Eta hori da aldatu den beste gauzetako bat. Apirilean 68.000 boto lortu zituen Ahal Dugu-k, eta maiatzean triskantza jasan zuen (16.500). Ordutik berriro gora egitea espero bazen ere, apiriletik hona gehien galdu duen indarra izan da. Horrek erakusten du bere nukleoa ezkerrekoa eta ez-abertzalea izanagatik, 2015eko zein 2016ko emaitza ikusgarrietan Geroa Baitik eta EH Bildutik ere jaso zituela boto ugari —hiruko horren barruan nolabaiteko eremu partekatu bat dagoela frogatuz—. Orain horietako batzuk EH Bildura itzuli dira, eta beste hainbat etxean geratu dira, abstentzioan.

Nafarroako Gobernua osatu duten lau indarrek jaitsiera handiena jasan dute. Ziurrenik, udan Nafarroan bakoitzak egin duen apustuak ez du zerikusirik izan emaitza horretan, baina bitxia da. Halere, eskuinak ez du pozik egoteko arrazoirik, ez baitute profitatu boto emaile sozialista batzuen atsekabea. Lehen indarra izan dira, bai; bi diputatu lortu dituzte, bai; baina eurek ere 9.200 boto galdu dituzte, eta UPNren egoitzan kezkatuta egon behar lukete. Izan ere, hauteskundeak irabaziagatik, argi dago politikoki gobernua osatzeko ezintasun erabatekoa dutela. Orain bigarren aukera honetan dena alde zuten igotzeko, eta akaso, hiru diputatu lortzeko. Ameskeria hutsa. Errealitateak erakutsi du Navarra Suman Ciudadanosen ekarpena hutsaren hurrengoa dela —haren botoak Voxera jo dute—, eta galdutako 9.000 boto emaileak etxean geratu direla, umezurtz. Horrekin guztiarekin, Navarra Suma egun 2011n UPN zena baino gutxiago da, eta historian atzera eginez, UPNk eta PPk lortu izan dituzten marketatik oso urrun dago.

Ironikoki, UPNren azken itxaropena PSOE da. Pedro Sanchezek oinean tiroa bota ondoren, PPren abstentzioa bilatzea dirudi logikoena orain. Pablo Casadok mahai gainean jar dezakeen baldintzetako bat da Nafarroako Gobernua haustea. Gaur A eta bihar B dioen agintari batek Txibiteri iragan astean babesa eman izana ez da oso lasaigarria. Ematen du berriro ere Nafarroako politika Madrilera begira jarriko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.