Hezkuntza lege berria, onarturik jada

Espainiako Senatuak azken oniritzia eman dio LOMLOE legeari. Gorteek azken 40 urteetan onartutako zortzigarren hezkuntza legea da

gotzon hermosilla
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Senatuaren oniritzia jasota, azken oztopoa gainditu du LOMLOE Hezkuntza Legea Hobetzeko Lege Organikoak. Orain, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean, baina jadanik onartuta dago Espainiako Gorteek trantsiziotik hona egin duten zortzigarren hezkuntza legea.

Lege proiektua azaroaren 19an onartu zuten Espainiako Kongresuan. Egitasmoak aldeko 177 boto jaso zituen, behar zituenak baino bat gehiago; 148 diputatuk aurka bozkatu zuten, eta hamazazpi abstenitu egin ziren. Atzo, berriz, Senatuak atzera bota zituen PPk, C's-ek eta UPNk aurkezturiko betoak, eta, ondoren, zenbait taldek proposaturiko zuzenketak ere bozkatu zituzten, 700 inguru; bat bera ere ez zuten onartu. Azken bozketan, 142 senatarik egitasmoaren aldeko botoa eman zuten, 112 kontra azaldu ziren, eta bederatzi abstenitu egin ziren.

Beraz, Senatuan ere gailendu da Kongresuan legea onartzeko zenbait indar politikok ehundu zuten adostasuna. EAJk baiezko botoa eman zion proiekuari; EH Bildu abstenitu egin zen, eta UPNk aurka bozkatu zuen.

Zenbait aldaketa dakartza lege berriak. PPren gobernuak onarturiko LOMCE legearen arabera, gaztelaniak izan behar zuen irakaskuntzarako hizkuntza Espainiako Estatuaren menpeko lurralde guztietan. Praktikan, arau horrek ez du aldaketa handirik ekarri berezko hizkuntza duten nazioetako hezkuntza sistemetan, nahiz eta Katalunian gaia auzitara iritsi den, gaztelaniazko irakaskuntza sustatu nahi zutenen eskutik. Orain, lege berriak indargabetu egin du puntu hori, eta nazionalismo espainiarraren sektore batzuk sumindu ditu. Atzo, PPk Senatuan duen eledun Javier Marotok esan zuen legea «independentistei emandako saria» dela, eta ondorio gisa ekarriko duela «gaztelania leihotik behera botatzea».

Bestalde, ikasturtea errepikatzea «salbuespenezkoa» izango da; ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeek ez dute diru publikorik jasoko. Ezingo diete lursail publikorik utzi itunpeko eskolei; erlijioaren ordez ez dute derrigorrez beste ikasgai bat izango, eta ez dute notarako aintzat hartuko; 0-3 urteko etaparako leku publiko gehiago jarriko dituzte; eta hezkuntza bereziko ikastetxeetatik ohiko ikastetxeetara pasatuko dituzte ikasleak hamar urteko epean.

Curriculumari dagokionez, Espainiako Gobernuak horren erdia zehaztuko du gehienez ere gaztelaniaz besteko hizkuntza propioak dituzten erkidegoetan. Batxilergoaren eskaintzan ere badago berritasunik onartutako legean. Lau batxilergo mota eskaintzeko aukera ireki dute: zientzia eta teknologia, giza eta gizarte zientziak, artea eta orokorra. Azken hori izango da berrikuntza.

Ados jarri ezinik

Espainian, azken 40 urteetako hezkuntza politiken ezaugarri nagusia izan da gobernu aldaketa bakoitzak ekarri duela ezinbestean irakaskuntzaren arloko lege berri bat. UCDk LOECE Ikastetxeen Estatutuaren Lege Organikoa jarri zuen indarrean 1980an, baina sozialistak gobernura iritsi zirenean LODE Hezkuntzarako Eskubidearen Lege Organikoa, LOGSE Hezkuntza Sistemaren Arautze Orokorraren Legea eta LOPEG Ikastetxeen Parte Hartzerako, Ebaluaziorako eta Gobernatzeko Legea onartu zituzten.

Jose Maria Aznarren gobernuak haiek aldatu nahi izan zituen LOCE Hezkuntzaren Kalitatearen Lege Organikoaren bidez, baina PSOEk boterea berreskuratu zuen hura indarrean sartu aurretik, eta 2006an LOE Hezkuntza Lege Organikoa onartu zuen. Hari jarraitu zion PPren LOMCE Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak.

Orain, LOMCE indargabeturik gelditu da lege berriaren ondorioz; zortzigarrena da, unibertsitate arloko legeak albo batera utzita. Baina honek ere ez du denen adostasuna bildu, eta PPk eta UPNk jadanik iragarri dute horren kontrako helegitea jarriko dutela, Espainiaren Konstituzioaren kontrakoa delakoan. UPNren bozeramaile Prudencio Catalanek berretsi egin zuen hori atzoko bilkuran: «Lege hau hilda jaio da», esan zuen; «badu iraungitze data».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.