Albistea entzun

Hirutik birentzat euskal gatazka itxi gabe dago, Naziometroaren arabera

Estatuekin adostutako erreferendum batean, hamarretik lau euskal estatuaren alde daude
Urriaren 18ko Adierazpena irakurri zuten Rodriguezek eta Otegik Aieten.
Urriaren 18ko Adierazpena irakurri zuten Rodriguezek eta Otegik Aieten. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2022ko urtarrilak 4

Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak Naziometroaren hirugarren neurketa plazaratu du, eta, besteak beste, euskal gatazkari buruzko pertzepzioez galdetu die herritarrei, Aieteko Bake Konferentziaren eta ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaieraren urteurrenean. Besteak beste, Naziometroak azaleratu du hiru herritarretik bik uste dutela euskal gatazka ez dagoela «itxita» eta «zer konpondu» badagoela (%64,8); %22,5ek, berriz, uste dute «guztiz itxita» dagoela.

Konpondu gabe dauden gaien artean, ordea, ez dago erabateko nagusitasuna eskuratzen duen aukerarik. Hiru erantzun dira nagusi: ezker abertzaleak eragindako mina eta kaltea aitortzea (%39,8), torturak ez errepikatzeko bermeak ematea (%38,4) eta Espainiako Estatuak edota Gobernuak eragindako oinazea aitortzea (%38,3). Lau aukera daude beste bloke batean: presoak gizarteratzea (%30,5); elkarrizketa mahai bat sortzea Espainiako eta Frantziako gobernuen eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren edota Euskal Hirigune Elkargoaren artean (%29,7); Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzea (%28,6); eta Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak egindako kaltea aitortzea (%25,7).

Testuinguru horretan, Naziometroak ezker independentistaren Urriaren 18ko Adierazpenaz itaundu du. Aieteko jauregian eginiko adierazpen batean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ETAren biktimei adierazi zieten haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar»: «Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua, eta konpromisoa hartzen dugula ahal dugun neurrian arintzeko». Naziometroan, zehazki, «min hori ez zen inoiz gertatu behar» esaldiaren balioaz galdetu dute. Zerotik hamarrera, herritarrek 6,14ko balioa eman diote batez beste, eta erdiek baino gehiagok (%53,9) seitik hamarrerako puntuazioa eman diote. %22,5ek zero eta lau arteko nota jarri diote adierazpenari.

Bestalde, Aieteko Adierazpenaren laugarren puntuak honela zioen (2011): «Eragile ez-bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zerikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritarrei kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako». Estatus politiko bat hitzartzearekin ados zenbateraino dauden galdetuta, hirutik bat dago ados (%35,8).Ordezkari politikoek akordioa lortuz gero herritarrei kontsulta bat egitearekin ados ote dauden galdetzen zaienean, aldekoak gehiengoa dira (%57,7).

Klima aldaketa kezka iturri

Aztikerrek egin zuen landa lana, azaroan, eta 610 inkesta egin zituzten: 417 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 119 Nafarroan; eta 74 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hirugarren neurketan, klima aldaketaren inguruko iritziak ere bildu ditu Naziometroak. Datu bat esanguratsua da: zerotik hamarrera, galdekatutako herritarrek 7,70eko larritasuna eman diote klima aldaketari, batez beste bostetik lauk uste baitute arazo oso larria edo nahikoa larria dela. Horren harira, herritarrek kritiko begiratzen diote instituzioen jarrerari; hamarretik zazpik uste dute Frantziako eta Espainiako gobernuak gutxi (%47,8) edo batere (%21,4) ez direla egiten ari klima aldaketari aurre egiteko, eta iritziak hobexeagoak dira Nafarroako Gobernuaren, Jaurlaritzaren eta Euskal Elkargoaren gainean: hamarretik seik uste dute gutxi edo batere ez direla egiten ari, eta %29,7k, berriz, nahikoa egiten ari direla.

Hortaz, nork kudeatu klima aldaketari aurre egiteko politikak? Aukera nagusia da Espainiako eta Frantziako gobernuek eskumenak partekatu behar dituztela Euskal Elkargoarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Jaurlaritzarekin; hirutik bik uste dute hori (%65). Bostetik batek (%21,3), ordea, nahiago du euskal erakundeek izatea eskumen guztiak. Euskal estatuaren balizko kudeaketaz galdetuta, berriz, aukera nagusia da euskal estatuak egungo egoeraren antzera kudeatuko lukeela klima aldaketaren aurkako politika (%41,5), baina hirutik batek (%33,2) uste du hobeto edo askoz hobeto egingo liokeela aurre.

Burujabetza nahiak

Besteak beste, euskal herritarren independentzia nahiak neurtzea eta horretan eragiten duten aldagaiak identifikatzea da Naziometroaren xedea, eta, beraz, erabakitzeko eskubidearekiko eta euskal estatuarekiko iritziez galdetu dute hirugarrenez. Hiru herritarretik bik uste dute Euskal Autonomia Erkidegoak (%64,4), Nafarroako Foru Komunitateak (%62,5) eta Euskal Hirigune Elkargoak (%60,6) beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela.

Zenbakiok bat datoz beste datu batekin: Espainiako edota Frantziako lurralde antolamenduaz galdetuta, atxikimendu gehien dituen formula autonomia erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen dien estatua da (%32,3).

Euskal estatuarekiko iritzia, berriz, egonkor mantendu da hiru neurketetan; estatuekin adosturiko erreferendum batean, %40,5ek emango lukete euskal estatuaren aldeko botoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Protesta Melillan, 37 pertsonen hilketaren ostean. ©F.G.Guerrero

Melillako hilketak salatu dituzte EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk

Iñaut Matauko Rada

Eusko Legebiltzarreko hiru alderdi horiek adierazpen bateratua egin dute, Melillako hilketak gaitzetsi eta Pedro Sanchezen hitzak arbuiatzeko.

Juana Balmaseda batzordeburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean, txostena aurkezten. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Egiari Zor fundazioak «txalotu» egin du Poliziaren 46 biktima aitortu izana

Berria

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearen «profesionaltasuna» goratu du, eta prozesuan «konfiantza» sortzeaz mintzatu da.

 ©Aritz Loiola / Foku

«Herri gogoa berpizteko ekimen bat izango da»

Iosu Alberdi

Gure Esku-k eta Kataluniako zenbait eragilek Pirinioetako 400 tontor argiztatuko dituzte larunbatean. Europari mezu bat bidali nahi diote: «Erabaki nahi dugun bi herri gara». 

Ertzain bat herenegun, Legutioko Zentro Sozialista hustu zutenean. ©David Aguilar / EFE

Karguekin aske utzi dituzte Legutioko Zentro Sozialista hustean atxilotutako bi gazteak

Berria

Ertzaintzak desordena publikoak eta erresistentzia larria egotzi dizkie atxilotuei.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...