Zaintza eredu «berri» baterantz

Jaurlaritzak zaintza ereduaren inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu Donostian

Maria Angeles Duran eta Beatriz Artolazabal solasaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Pertsona guztien babesa eta zaintza bermatzea», hori da Jaurlaritzaren asmoa zaintza eredu berriari bide emanez, atzo Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu zuenez. Hain zuzen, hitz horiekin hasi zuen Olanok Jaurlaritzak Donostiako Tabakaleran antolatu zuen Euskadiren zaintza eredu berri bateranzko trantsizioari buruzko jardunaldia. Bertan, hainbat hizlarik hartu zuten hitza; besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Maria Angeles Duran Espainiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko ad honorem ikerketako irakaslea eta Rafael Lopez Arostegi Gizarte Politiketako aholkularia. Guztiek azpimarratu zutenzaintza eredua aldatzea «urgentziazko erronka bat» dela.

«Nola bermatu zaintza abiadura bizian aldatzen ari den gizarte batean?», galdera egin zuen Olanok ekitaldiaren hasieran. Hizlari bakoitzak bere gakoak eman zituen, galdera horri erantzuteko. «Politika sozialak etorkizunerako egokitu behar ditugu, eta pertsona zaharren portzentajea etengabe hazten ari da», esan zuen Artolazabalek. Helduak erresidentzietara ahalik eta beranduen sartzearen garrantzia azpimarratu zuen: «Pertsona zaharrak etxean ahalik eta denbora gehien egotea, hori da lortu behar duguna. Hori behar da sistema hau jasangarria izan dadin».

Horretarako egokitzapenak egiteko, «berrikuntza» beharrezkoa dela azaldu zuen, eta eredua aldatzeko «oinarrizkoak» izango diren eragileen inguruan ere mintzatu zen: erakunde publikoak, familiak eta enpresa pribatuak, besteak beste. «Enpresa pribatuak aliatuak dira», esan zuen. Gehitu zuen «Euskadi garapen ekonomikoa eta soziala orekatzen aitzindaria» izan dela, eta ez duela «inor» atzean utzi.

Horrez gain, adierazi zuen zaintza lanak egiteko «tresnak» eman behar zaizkiela zaintzaileei, eta horiek ere «zaindu» behar direla: «Horretarako, gako garrantzitsua da berdintasuna. Atzean utzi behar ditugu genero rolen araberako zaintza lanak, eta lan horiek libreki aukeratu behar ditugu».

Duranek hartu zuen parte Artolazabalekin batera solasaldian, eta beste gai batzuk jarri zituen mahai gainean: «Sistema kapitalista batean gaude, eta onura asko izango ditu; baina zaintza ez da sistemaren lehentasunetako bat». Azaldu zuen zaintzak lotura daukala pentsioen aferarekin ere: «Zaintza instituzionalen auzia berehala hobetu beharreko zerbait da». Prebentzioaz ere hitz egin zuen: «65 urtetik gorako pertsonak ahalik eta independenteen izatea ahalbidetu behar dute instituzioek, eta egoera hori luzatu. Pertsona zahar batek bere kabuz mugitzeko eskailerak ez baizik igogailu bat jartzea behar badu, horretaz arduratu beharko dute erakundeek». Bestalde, azaldu zuen zaindu beharreko pertsonak geroz eta gehiago direla, eta zaintza lanak egiteko moduan daudenak, geroz eta gutxiago: «Orain, familia nukleoak geroz eta txikiagoak dira».

Lopez-Arostegik, berriz, eredu berriak izango dituen helburuak azaldu zituen: erakundeen zaintza sendotzean familia zaintzari dagokion proportzioa murriztea, zaintzak «birbanatzea» eta, horretarako, gizonek zaintzan duten ardura «areagotzea», zaintzen lana duin egitea, lan hori egiten dutenak «ordezkatzea» eta «haiei ahotsa ematea».

Zaintza lanak «desfamiliarizatu» eta «desfeminizatu» nahi dituztela azaldu zuen: «Urteko 365 egunetan 24 orduz zaintza lanak emakumeen gain uzten dituen zaintza sistema hori jada bukatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.