Migratzaileen harrera errazteko plana aurkeztu du Jaurlaritzak

Artolazabalen esanetan, diskriminaziorik eza eta tratu berdintasuna dira asmoaren oinarriak. Denera, 103 neurriz osatuta dago plana

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak egindako elkarretaratze bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Migrazio eta asilo politiketan «koherentzia esparru bat» ezartzeko helburuarekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kultura arteko VI. Plana. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen hitzetan, aniztasuna kudeatzeko euskal eredu bat eraikitzea da asmoa: «XXI. mende honekin bat datorren etorkizuneko euskal gizartea eraikitzeko oinarriak ezartzen ari gara».

Kultura aniztasuna errespetatzeko eta kulturen arteko bizikidetza sustatzeko asmoz, sailburuak adierazi du «tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren» printzipioetan oinarritu dutela plana, eta generoa, giza eskubideak eta hizkuntza gaiak tratatu dituztela. Hala, 103 neurri aurkeztu dituzte 147 orrialdeko txostenean, hiru multzo handitan banatuta: estrategikoak, antolaketakoak eta programatikoak.

Elementu estrategikoei dagokienez, Euskal Harrera Eredua martxan jartzeko proba pilotu bat egiteko asmoa azaldu du Jaurlaritzak. Hurrengo urtean abiatu nahi du, eta harekin batera «atzerritar jatorriko pertsonen harrerarako laguntzak» mantentzeko eta hobetzeko ahaleginak egin; hala nola asilo eskatzaileentzako eta igaroan dauden etorkinentzako bizitoki baliabideei eustea, Errefuxiatuentzako Babes Komunitariorako Programa indartzea eta egun martxan dauden laguntzak berrikustea. Era berean, Migraziorako Euskal Itun Soziala udal eremuan zabaltzeko neurriak eta haren hedapenerako materialak eratzea aurreikusi dute, gazteen problematikari heltzeko euskarri estrategia bat ezartzeko eta atzerritar emakumeen errealitate soziala aztertzeko neurriekin batera.

Antolaketa erronken kasuan, berriz, Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren «lidergoa» indartzeko eta sektoreko eragileen koordinazioa hobetzeko neurriak aurkeztu dituzte.

«Helburu orokor, sektorial eta espezifikoen» ezarpenetan eta horiek gauzatzeko ekintzetan zentratutako dira, berriz, neurri programatikoak, lau esparru nagusitan banatuta: hezkuntza, enplegua, bizikidetza eta hizkuntza —horien «osagarri» lirateke osasuna, etxebizitza eta esparru juridikoa—. Hezkuntzaren esparruan, esaterako, «ikastetxeekiko inplikazioa bultzatuko duten komunitate guneak sortzearen» eta «ikasleen hizkuntza errefortzurako baliabideak gehitzearen» alde egin dute. Osasun arloan, berriz, Osasun Sailari mendekotasun egoeran dauden etorkinen senideei arreta emateko beharra adieraziko zaio, eta Osakidetzako lankideak sentsibilizatzeko egitasmoak sustatuko dira.

Hori soilik ez. Planean jasotakoaren arabera, Jaurlaritzak espero du hura burutu aurretik bere egingo duela immigrazio eskumena: «Transferentziaren helburua izango da atzerritartasunaren arloko jarduketa betearazleei hertsiki lotzen ez zaizkien administrazio jarduera guztiak bere gain hartzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen tituluetan sartzen badira». Horien artean leudeke, besteak beste, mugen kontrola, eta atzerritarren harrera, arreta soziosanitarioa eta orientazioa, baita integrazio soziala, ekonomikoa, linguistikoa eta kulturala ere.

Testuingurura egokituz

Artolazabalen esanetan, planak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak azken urteetan sustatutako ildo estrategikoarekin, baina azken urteetako aldaketetara «egokituta». Txostenak, besteak beste, pasaerako migrazioaren, asiloa edo babeslekua eskatzen duten migratzaileen eta familia laguntzarik gabeko adingabe atzerritarren hazkundea aipatzen ditu, baita COVID-19ak eragindako pandemia eta haren ondorio ekonomikoak ere, eta diskurtso xenofoboen gorakada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.