Etika Batzordeari «Jaurlaritza zuritzea» egotzi dio EH Bilduk

Salatu dute batzordean filtrazioak egon direla eta salatzaileen anonimotasuna urratu dela. Garamendiri «ezer ez egitea» leporatu diote

Estarrona eta Fernandez de Betoño, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
EH Bilduk salatu du Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordeak ez duela bete salatzaileen anonimotasuna babesteko duen beharrizana eta, horren ondorioz, koalizioaren legebiltzarkide batek mehatxuak jaso dituela. Gainera, batzorde horretako buru den Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuari gertatutakoaren jakitun egon eta hala ere ezer ez egitea leporatu diote: «Badirudi batzordearen eginkizun bakarra Jaurlaritzaren jarduera zuritzea dela».

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Fernandez de Betoñok esan duenez, berak Garraio Plangintzako zuzendari Ivan Pedreiraren kasua eraman zuen Etika Batzordera, haren jokabidea okerra izan zelakoan. Fernandez de Betoñok egindako salaketa horren ondorioz, batzordeak gaitzetsi egin zuen Pedreiraren jokabidea, «etika kodea ez betetzeagatik».

Etika Batzordeko kideek obligazioa dute lan horretan jasotzen duten informazio guztia sekretupean gordetzeko, eta, beraz, Pedreiraren kontrako salaketa nork egin zuen ere batzordekideek baino ezin zuten jakin. Baina, batzordeak ebazpena egin eta bederatzi egun geroago, Fernandez de Betoñok Pedreiraren abokatuaren mezu elektroniko bat jaso zuen: han, abokatuak auzitara eramatearekin mehatxu egin zion.

Garamendiri kritika

Hori guztia 2022ko uztailean gertatu zen. Geroztik, eta EH Bilduko legebiltzarkideek esan dutenez, Garamendik ez du «ezer» egin auzia argitzeko, nahiz eta horren jakitun egon, abokatuak hari ere bidali ziolako Fernandez de Betoñori igorritako mezua: «Pedreiraren kasua salatu zuenaren izena filtratu dela jakinda, legebiltzarkide batek bere organoan egindako salaketaren ondorioz mehatxua jaso duela jakinda, atzamar bat bera ere ez du mugitu», esan du Josu Estarrona legebiltzarkideak; «salatuak salatzaileak baino hobeto babesten ditu».

Hori ikusita, Estarronak iragarri du gaia legebiltzarreko kontrol saiora eramango dutela, eta Garamendiri eskatu dio identifika dezala «salatzaileen anonimotasuna bermatzeko obligazioa urratu duen batzordekidea», eta ondoren «dagozkion neurriak» har ditzala.

Estarronak esan duenez, horrelako jokabideekin batzordearen sinesgarritasuna «kolokan» dago: «Agerikoa da sailburua ez dela Etika Batzordean dituen funtzioak behar bezala betetzen ari, eta funtzionatzeko modu horrekin batzordeak berak ez duela ezertarako balio». Haren iritziz, batzordearen eginkizuna, «praktika desegokiak detektatu» ordez, «Jaurlaritzaren jarduera zuritzea» da. Horregatik, «organo independente bat» sortzeko eskatu dute.

EP-IUren susmoak

Elkarrekin Podemos-IUk ere baditu susmoak Etika Publikorako Batzordearen jardueraren inguruan, eta legebiltzarrean bi galdera erregistratu ditu, Jaurlaritzari eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari zuzenduak. Lehenago ere eginak zituzten horren inguruko galderak, Mahaiari zuzenduak, baina erantzunik jaso ez dutenez, berriro erregistratzea erabaki dute.

Batzordearen osaketaren ingurukoak dira galderak, eta EP-IU-k jakin nahi du batzordekideetatik zenbatek duten lotura EAJrekin. Miren Gorrotxategi bozeramaileak esan duenez, batzordea osatzen duten bost kideetatik hiru EAJkoak dira.

Gorrotxategiren ustez, batzordea horrela osatuta, haren jarduna «politizatuta» dago, eta ez du«inpartzialtasunik»: «EAJko goi kargudunak ikertu behar dituena EAJko kideen gehiengoa duen batzorde bat baldin bada, ate birakariak ez dira desagertuko. Horiek betikotzeko baino ez du balio batzordeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.