Besarkada bat eskubideak babesteko

'Herrien besarkada' ekitaldia egingo dute Durangon, maiatzaren 5ean. Europa osoko hamaika txokotan antolatu dute ekintza bera

Herrien besarkada kanpaina aurkeztu zuten, atzo, Bilboko Arriaga plazan. ARITZ LOIOLA/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Europak duen egoerarekin kezkatuta agertu dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. «Neofaxismoaren eta Europan ezartzen ari diren politika migratzaileen aurka gaudela adierazi nahi dugu». Salaketa hori egin nahi dutela azaldu du Nati Ovelleiro Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak, eta horretarako ekitaldi bat prestatu dutela. Herrien besarkada deituriko ekintza antolatu dute maiatzaren 5erako, Durangon (Bizkaia), «herrien, pertsonen eta eskubideen» arteko elkartasuna adierazteko asmoz. Atzo aurkeztu zuten, Bilboko Arriaga plazan eginiko agerraldi batean. Antolatzaileek herritarrak deitu dituzte ekitaldian parte hartzera.

Aipatu dutenez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak sustatu dute ekintza, baina nazioarteko kanpaina baten parte da, eta Europako hamaika txokotan atxiki zaizkie. «Berlinen, Dublinen, Palermon eta Londresen ere besarkada erraldoia egingo dute maiatzean», zehaztu du Ovelleirok. Europatik at ere, AEBetako San Frantziskon bat egin dute. Maiatza «borrokaren ikur» bihurtu nahi dute.

Ana Perez Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kideak zehaztapenak eman ditu mobilizazioen arrazoien inguruan. «Krisi soziala eta ekonomikoa migratzaileen gain jartzen dituen diskurtso manipulatua igorri dute instituzioek. Gezurra esan dute, eta, horrela, eliteen erantzukizuna saihesten dute». Hori ikusita, pertsona guztientzako eskubideak defendatzeko konpromisoa berretsi dute.

Durangoko ekitaldian zortzi errenkada eratuko dituzte, eta, gero, besarkada batean bilduko dira denak. Simulazioa egin zuten atzo: eskutik oratuta, sigi-saga eta bueltaka ibili ziren Arriagako plazan, elkartasuna irudikatuz. Gero, besarkada batean batu ziren denak, eta txalo zaparrada batekin bukatu zuten entsegua.

Eskari zehatzak

Europako politika nola, euskal instituzioak ere interpelatu dituzte antolatzaileek. Neurri zehatzak eskatu dizkiete: «Euskal Herriko instituzioei exijitzen diegu migratzaileen eskubideak modu eraginkorrean bermatuko dituzten baliabide guztiak ezar ditzaten». Bide horretan, enplegurako eta politika publikorako neurri eraginkorrak exijitu dituzte, «migratzaileen zaurgarritasuna eta bazterketa geldiarazteko» asmoz.

Mobilizazioon oinarrian dauden salaketak, eskariak eta konpromisoak Arteako konpromisoa deritzon dokumentuan zehaztu dituzte. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak ondu du agiria, eta horrekin bat egin dute Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragileek. Deitzaileek «alternatibak» planteatzea dute helburu, esku artean dituzten «askotariko erronkei» aurre egiteko. Batzuk zerrendatu ditu Perezek: «Eraso neoliberala, nekropolitikak, kolapso ekologikoa eta elkartasunaren kriminalizazioa, besteak beste». Horri aurre egiteko, «elkartasun sare bat» osatu nahi dute euskal gizartean dauden eragile eta sindikatuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.