«Elkarrizketa bideak» irekitzea galdegin dio EH Bilduk Sanchezi

Aizpuruak dio «haren esku» dagoela euren babesa lortzea. ERCrekin ari dira negoziatzen inbestidurari buruzkoak eta legegintzaldi akordioa

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua, atzo, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Erredakzioa
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
EH Bilduko kideek Espainiako Gorteetako diputatu eta senatari aktak jaso ahal izateko ziurtagiriak aurkeztu zituzten atzo Espainiako Kongresuan —Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Jon Iñarritu diputatuak, eta Gorka Elejabarrieta senataria—, eta horren ostean egindako agerraldian azaldu zuten ERCrekin negoziatzen ari direla inbestidura saioan hartu beharreko jarrera. Ez zioten aterik itxi Pedro Sanchez PSOEko presidentegaia babesteari, baina hori «haren esku» dagoela esan zuten, eta «elkarrizketa bideak» irekitzeko eskatu zioten. Indar subiranista legegintzaldirako akordio estrategiko bat negoziatzen ari da ERCrekin.

Mertxe Aizpuruak hiru ardatz nagusi jarri zituen mahai gainean: autodeterminazio eskubidea, «preso politikoen arazoa» eta herritarren askatasunean eta eskubideetan aurrera egitea. «Ez dugu baldintzarik jartzen; elkarrizketa bideak eskatzen ditugu, eta Sanchezek aukera bat du gauzak beste era batera egiteko», adierazi zuen Aizpuruak. Presidentea hautatzeko inbestidura saiorako, esaterako, EH Bildukoek ez zioten aterik itxi PSOEren hautagaia babesteari: «Haren esku dago».

Kongresuan taldea osatu ahal izateko formulak ere ari dira aztertzen EH Bildu eta ERC. Gutxienez bost diputatu behar dira taldea osatzeko, eta EH Bilduk lau lortu zituen. Bi batzorde osatu zituzten bere garaian lankidetzaz aritzeko, eta Aizpuruak berretsi zuen aukera bat baino gehiago ari direla aztertzen: ERCk diputatu batzuk EH Bilduri uztea, esaterako, edo talde bakarra osatzea. Azken aukera litzateke talde mistoan sartzea. EH Bilduko iturriek zehaztu dute ordezkaritza handiagoa lortzea dela helburu nagusia, eta ez diru sarrerak handitzea.

EAJren bozeramaile Aitor Estebanek, berriz, esan du ez dutela eserlekurik izango Espainiako Kongresuko Mahaian. Diputatu jeltzalearen hitzetan, aukerarik «garbiena» da PSOEk, PPk, Ciudadanosek eta Unidas Podemosek osatzea mahai hori. Esteban: «Ez dugu posturik eskatu mahaian. Ez dugu inor aurkeztuko, eta ez diogu inori botorik emango». Dena den, EAJkoak ziurtatu du «protagonismo handia» izango dutela legegintzaldi berrian. «Legegintzaldi guztietan egiten dugu politika eta lortzen dugu akordioren bat; batzuetan protagonistak gara, eta beste batzuetan ez horrenbeste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.