jon olano
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. ANALISIA

Eztabaida saihetsezina

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Burua altxa ezinik dago Espainiako sistema politikoa. Azken urteetan loa kentzen dion buruko mina kendu ezinik dabil, eta, errezeta egokia bilatu beharrean, PSOEk hauteskundeen pilula probatzea lehenetsi du. Bi arazo dauzka orain: subiranismoak eragiten dion buruko min areagotua, eta errezeta okerrak eragin dizkion albo kalteak: eskuin muturraren hazkunde ikusgarria. «Independentisten mende» egongo ez zen «gobernu egonkor» eta indartsu baten bila jo zuten sozialistek hautetsontzietara, eta setatsuak dira bertan topatu dituen emaitzak: Llotja de Marreko adierazpena izenpetu duten indar subiranistek 2.038.179 boto eta 29 diputatu eskuratu dituzte Espainiako Kongresuan; duela sei hilabete baino hiru diputatu eta 160.000 boto gehiago.

Komeni da gogoratzea zein den Llotja de Marreko adierazpenaren edukia, mezua ulertze aldera. Bost puntu: autodeterminazioa, bide demokratikoa eta baketsua, «preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera», askatasun zibil eta politikoak, eta politika sozialak. Pedro Sanchezek jarrai dezake zapia begietatik kendu nahi izan gabe, baina, gehiengoak kudeatu behar dituen parlamentuan, erabakitzeko eskubidearen eztabaida saihetsezina da.

Izan ere, igandeko emaitzek PSOEren kalkulagailuan uzten dituzten aukerak oso murritzak dira, subiranistekiko betoari eusten badiote. Bat, PPren abstentzioa negoziatzea, legealdian ildo orokor batzuk garatzea (eta beste batzuk baztertzea) adostuta. Bestea, hausturarik proposatzen ez duten alderdi sorta zabalean babesak biltzea: hor sartzen dira Unidas Podemos, Mas Pais, EAJ, Coalicion Canaria, Kantabriako PRC eta Teruel Existe. Eta, posible bada, Ciudadanosen abstentzioarekin, Albert Rivera buru zuen alderdiak bere burua «blokeotik» kanpo kokatu eta gero. Kontua da nola kudeatzen den hori inbestidura batetik harago, lau urterako gobernatu nahi bada.

Hirugarren aukera litzateke indar subiranistak ekuazio politikoan sartzea, baina A eta C aukerak bateraezinak dira; bat edo bestea hautatu beharrean dago PSOE. Atzoko mezu ugarik, behintzat, errealitate hori gogorarazi diote Pedro Sanchezi; «gobernantza autoritario baten bidea zabaltzen bada, aurrean izango gaituzte. Beste aukera alternatibo bakarrak Llotja de Mar izena du: burujabetza, autodeterminazioa, preso politikoen askatasuna, politika sozial antioligarkikoak. Ez dago besterik, eta aukeratu beharra dago», esan zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak emaitzen balorazioa egiteko agerraldian. Antzera hitz egin zuen Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak: «Inoiz baino gehiago, esertzeko eta hitz egiteko garaia da». C aukerak apenas duen abagunerik, hauteskunde gau betean Sanchezek bere alderdiko militanteei emandako erantzunei erreparatuta.

«Alde erradikala», martxan

Igaro dira hauteskundeak, eta ikuskizun dagoen elementu nagusietako bat izango da PSOEk aipatutako bi bide horietatik zein hartuko duen; luze gabeko lehia elektorala baztertuta, elkarrizketaren bidea lehenetsiko duen eta Kataluniatik datorkion Tsunami Demokratikoan surf egingo duen, edo, hauteskunde kanpainan erakutsi duen bezala, prest dagoen eskuinak planteatutako tsunami antidemokratikoarekin bat egiteko. Ez litzateke harritzekoa, hauteskunde zikloa itxita eta Tsunami Demokratikoak kalean protestara deitu bitartean, mugimendu sozialetako teorikoek Alde erradikalaren efektu esaten diotena eratzea: aktibismo erradikalago batek helburu bera duen beste mugimendu moderatuago baten eragiteko ahalmena handitzea. Alegia: PSC/PSOE, Unidas Podemos/En Comu Podem eta ERC Katalunian tentsioa murriztera bideratutako pauso gurutzatuak ematen hastea (batek daki: topagune hori Kataluniako Gobernuan gorpuztu daiteke 2020an). Zenbat erraztuko lukeen horrek ERCko hamahiru diputatuen lankidetza Espainiako gobernabidean.

Edonola ere, ez da komeni perspektiba galtzea: subiranistek, gora eginda ere, indar erlatiboa dute; gehiengoa PSOE-PP parametroetan dago. Ustezko zentroa ia desagertuta, bipartidismoa indartu egin da hemeretzi diputatutan, eta bien arteko elkar ulertzeko gaitasunak erakutsiko du zer norabide hartuko duen legealdiak.

Azkenik, indar subiranisten esparruaz harago, alderdi erregionalisten ordezkaritzaren ugaritzeak ere esanahi politiko interesgarria azaleratu du. Espainia ulertzeko (eta eraikitzeko) bi ikuskera hazi ziren herenegun. Bat, erreakzionarioa, nazioaren balioak oroz gain kokatzen dituena; gutxi-asko, una, grande y libre leloan laburbiltzen dena. Bestea, Espainiaren burujabetza auzitan jarri gabe, ulertzen duena tokian tokiko alderdiak babestea dela tresnarik onena norbere lurraldeko baldintzak hobetzeko; Espainiaren interes orokorrak urrunxeago geratzen zaizkiona, bizilekuko interesekin alderatuz gero.

Horiek ere gora egin dute, Madrilen inork mezua entzun nahi badu. Baina, lezioetan oinarrizkoena, hauxe: gizartea ez dira matematikak. Ezin da gela batean aurreikusi, eta are gutxiago kozinatu, jendeak zeren alde bozkatuko duen. Errealitate soziala hori baino kontingenteagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.