Albistea entzun

Zabaldu dute aurtengo Ikergazte kongresuan izena emateko epea

Ekainaren 9tik 11ra egingo dute topaketa, Gasteizen. 163 artikulu zientifiko aurkeztu dituzte
Ikergazte kongresuaren hirugarren aldia egin zuten 2019an, Baionan.
Ikergazte kongresuaren hirugarren aldia egin zuten 2019an, Baionan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2021eko apirilak 20

Ekainaren 9tik 11ra egingo dute UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Ikergazte, nazioarteko ikerketa euskaraz egitea sustatzen duen kongresua. Gasteizen izango da, eta atzotik zabalik da topaketan izena emateko epea —maiatzaren 28ra arte egongo da—. Ainhoa Latatu kongresuko koordinatzaileak BERRIAri azaldu dionez, aurreko aldien antzekoa izango da, baina pandemia egoerara «moldatu» behar izan dute. «Egitaraua sinplifikatu dugu, jendea ahalik eta gutxien mugitzeko». Aurkezpen, hitzaldi, solasaldi eta mahai inguruak egingo dituzte, baita saio osagarriak ere.

Printzipioz, «modu presentzialean» egingo dute, koronabirusak horretarako aukera ematen badu. «Gasteizko Europa jauregian izango da, eta oso landua du kontingentzia plana. Horri egokituta, sarrera mailakatua egingo dugu, bideak ondo markatuko ditugu... Aurrez aurrekoa izatea espero dugu».

Amaitu zen lanak bidaltzeko prozesua, eta guztira 163 artikulu zientifiko aurkeztu dituzte. «Inoiz baino artikulu gehiago jaso ditugu», nabarmendu du Latatuk. Partaidetza handia izan da, beraz. «Jendea poztu egin da kongresuarekin aurrera jarraitu dugulako». Horrelako harrera izateak «harritu» ere egin ditu.

Aurtengoa Ikergazteren laugarren aldia izango da. 2015ean egin zuten lehen aldiz, Durangon (Bizkaia), eta berritasun handia izan zen; ondoren, bi urtean behin egin dute: 2017an, Iruñean, eta, 2019an, Baionan. Lataturen arabera, kongresuaren helburuetako bat da ikertzaile euskaldunen ikusgaitasuna handitzea. «Hau da, egiten duten lan hori gure gizartean zabaltzea eta horren garrantziaz jabetzea». Baina harago ere badoa; ikertzaile gazteen arteko sareak trinkotzea eta euskarazko ikerkuntza sustatzea ere baditu jomugan. «Bilgune izatea nahi du: ikertzaile horiek elkar ezagutzeko eta proiektu berriak abiarazteko. Eta, bestalde, euskarazko produkzioa handitzea da asmoa».

Edukiak

Egitarau mardula atondu dute. Goizetan hitzaldiak egingo dituzte, eta topaketei hasiera emango diote Katy Deepwellen mintzaldiarekin; arte garaikidean aditua da, eta teoria feminista aztertzen du. Ondoren, Arantza Diaz de Ilarraza arituko da hizkuntza teknologiaren bilakaerari buruz. Kongresuan zehar, hitzaldiak emango dituzte Nuria Oliver adimen artifizialean adituak eta Eneko Axpe fisikan doktoreak ere. Solasaldietan eta mahai inguruetan beste hainbat gai ere jorratuko dituzte, hala nola ezagutzaren dibulgazioa ahalduntze tresna gisa, edota pandemia osteko egoeraz zer analisi egiten duten zientziaren esparru ezberdinetatik.

Lataturen esanetan, asmoa da kongresua ahalik eta diziplinartekoena izatea. «Denentzako inspirazio iturri izatea nahi dugu, eta elkarlana ere bultzatzea. Ez dadila geratu bakoitza bere ikerketa lan eremuan». Topaketari begira, aitortu du «urduri» eta «ilusioz beterik» daudela: «Gogotsu gaude».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mauleko mainfestazioa, gaur. ©Guillaume Fauvea

Etxebizitza espekulazioaren aurka mobilizatu dira Maulen

Oihana Teyseyre Koskarat

Etxe agentzietan itzuli bat osatuz egin dute protesta, XEKK Xiberuko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak antolatuta.

Manifestazioa, gaur, Donostian. ©Itaia Donostia.

Ziztada bidezko erasoak salatu, eta indarkeria matxistaren aurka antolatzera deitu dute

Berria

Itaiak manifestazio bat egin du Donostian, 'Ziztadarik ez. Erasoen aurrean babesa antolatu' lelopean.

Indarkeria matxistaren kontrako informazioa, Baionako bestetan. ©P. BELTZAIZ

Talde bortxaketa egotzita, behin-behinean kartzelara

Oihana Teyseyre Koskarat

Baionako bestetan izandako bortxaketaren harira, bi gizon preso sartu dituzte auzia egin arte. Bi gizon zigortu dituzte sexu delituak leporatuta

Atzemandako kalamua. ©Ertzaintza.

700 kilo marihuana atzeman ditu Ertzaintzak Abantoko errepide batean botata

Berria

Kutxatan eta poltsatan gordeta zegoen kalamua, urbanizazio baten inguruko pista batean, bide ertzean botata. Merkatuan bi milioi euroko balioa lukeela zehaztu du Ertzaintzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...