Konpainia elektrikoek esan dute ez direla aberasten ari

Argindarraren tarifa arautuak beste marka bat hautsiko du gaur, laugarrena aste honetan. Beroaldiak ez du merkatzea erraztuko

Zentral elektriko baten inguruko dorreak, Asturiasko hilerri baten ondoan. ELOY ALONSO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Argindarra egunez egun garestitzen ari da Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta begi asko konpainia elektrikoei begira jarri dira. Beren burua justifikatu beharra ikusi dute, eta ziurtatu dute ez diotela «etekinik atera» prezio handiei. Konpainiek tarifa arautua aldatzeko proposatu diote berriro Espainiako Gobernuari, ez dadin eguneko kotizazioaren menpe egon eta prezio finkoagoak izan ditzaten. Hain zuzen ere, eguneroko prezio horrek asteko laugarren errekorra hautsiko du gaur, batez beste 115,83 euroko kostua izango baitu megawatt-orduak. Iazko abuztuan halako hiru. Gaur ez da urrun ibiliko, Iberiar penintsula ia osoan den beroaldiak aire egokituaren gastua handituko duelako, eta ekoizpen eoliko gutxi izango delako.

Energia Elektrikoko Enpresen Elkarteak (Aelec) agiri baten bidez azaldu duenez, argindarraren prezioaren igoera orokorra da Europa osoan, eta haien menpe ez dauden faktoreen ondorio da. Azken asteetan behin eta berriz entzun da gasa oso garesti dagoela eta Europako Batasunaren CO2 isurketa eskubideak ere inoizko garestien daudela —EBk trantsizio energetikoa bultzatu nahi duelako— .

Bi faktore horiek luzarorako egongo direla kontuan hartuta, konpainia elektrikoen patronalak proposatu du PVPC tarifa arautua ez dadila argindarraren handizkako merkatuaren menpe egon, pool deitutakoaren mende, alegia. Merkatu horretan, REE argindar sarearen kudeatzaileak hurrengo egunerako beharko den argindarra kalkulatzen du, eta eskari hori betetzeko eskaintzak eskatzen dizkie hornitzaileei. Sistema horretan, lehentasuna dute energia berriztagarriek eta nuklearrak —ezin daitekeelako besterik gabe itzali—, baina, haiekin eskaria ez bada betetzen, energia iturri garestiagoak sartzen dira. Azken asteetan, ziklo konbinatuko zentralak behar izan dira eskaria betetzeko, eta haien erregaia, gasa, garesti dago, batez ere Txina eta beste herrialde batzuk iazko negu hotzean hustutako erreserbak betetzen ari direlako.

Prezioa kalkulatzeko sistemari marjinalista deritzo, eta badu ezaugarri bat: energia garestienaren prezioa ordaintzen zaie hornitzaile guztiei, horren kostua kontuan hartu gabe. Espainiako Gobernuak urrats bat egin nahi du sistema hori erreformatzeko, zentral hidroelektrikoak eta nuklearrak prezioak kalkulatzeko sistematik aterata, baina, aldaketa lege bidez egingo duenez, hilabeteak beharko dira indarrean sar dadin. Hain zuzen ere, Eldiario.es-ek kaleratu du zentral hidroelektrikoek eskainitako prezioa hartu dela gehien kontuan azken asteetan. Hau da, zentral hidroelektrikoen jabeek prezio handiak eskatu dituztela beren energiaren truke, beren kostua txikia izan arren eta ondasun publiko batekin (ura) funtzionatu arren.

Sistemaren aldaketa

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari eskatu dio sistema marjinalista aldatzeko, baina ezezkoa jaso du, Bruselak uste baitu hura dela sistemarik onena eskaria bete ahal izateko. Hori bai, Madrili gogorarazi dio badituela tresnak kontsumitzailerik zaurgarrienei laguntzeko. PVPC da indarrean dagoena, eta deskontu batzuk baditu irabazi txikikoentzat eta familia ugarientzat, esaterako. Konpainia handiak (Iberdrola, Endesa, EDP eta Viesgo) biltzen dituen patronalak, ordea, ziurtatu du hori ez dela nahikoa. Prezio finkoagoei lotutako tarifa arautua eskatu du, «Europako beste herrialde batzuetan dagoen bezala».

Enpresa elektrikoen lana defendatu du Aelecek: «Ez dira etekinak ateratzen ari handizkako merkatuaren garestitzetik». Irabazia gas konpainientzat dela dio, «merkatuaren oraingo egoerak mesede egiten dielako». Gas asko erretzen duenez, Endesaren irabazia %26 txikitu da 2021. urteko lehen erdialdean; Iberdrolarena %30 jaitsi da (1.531 milioi), baina iazko diru sarrera bereziak zenbatu gabe —Siemens Gamesaren salmenta—, %8,5 handitu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.