Desobedientzia egotzita, epailearen aurrean deklaratu dute bi feministak

Algortako jaietan ziztada bat salatu zuen neskari laguntza emateko unean identifikatu zituzten. Protokoloa urratzea leporatu diete

Getxoko Epaitegian mugimendu feministak deitutako elkartasun kontzentrazioa, atzo goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Getxo
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Algortako Mugimendu Feministako bi kide deklaratzera deitu zituzten atzo Getxoko Epaitegian (Bizkaia). Desobedientzia delitua egotzi diete, Algortako Portu Zaharreko jaietan «Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik». Neska batek salatu zuen norbaitek ziztatu egin zuela. Bi kideak hura laguntzera joan ziren, baina Ertzaintzak identifikatu egin zituen. Elkartasuna adierazi nahian, mugimendu feministak protesta antolatu zuen epaitegi aurrean Ez kriminalizatu mugimendu feminista! lelopean. Arratsaldean manifestazioa egin zuten herrian.

«Ertzaintzak prozesu judizial hau mantendu du gezurrez betetako kontaketa baten pean», azpimarratu zuen Oihane Landazabal Algortako Mugimendu Feministako kideak. Eta gehitu zuen bi kide horiek koordinatu zutela «prozesu guztia» Ertzaintzarekin, eta erasoa jasan zuen pertsona «ondo baino hobeto» artatu zutela. Adierazi zuenez, mugimendu feministak urte asko daramatza jai guneetan erasoak salatzeko erraztasunak jartzen eta gune feministak izan daitezen bermatzen.

Abuztuan, Portu Zaharreko jaietan, mugimendu feministako bi kidek eraso bat jasan zuen neska bat artatu zuten. Ziztada bat zela jakin zutenean, osasun zerbitzuetara jo eta Ertzaintzarekin «beharrezko prozedura guztia» kudeatu zuten. «Hori guztia kudeatuta zegoenean, neskarentzako sortu genuen harrera eta espazio erosoan zibil jantziriko eta identifikatu gabeko beste polizia batzuk sartu ziren, tentsioa sortuz», adierazi zuen. Haiek eraman zuten neska anbulantziara: «Guk adostuta geneukan gure kide batek eramango zuela, erosoagoa izango zelakoan eta, bereziki, erasoa jasan zuen neska ez berriro biktimizatzeko». Neska anbulantzian zegoenean, bi kideak gerturatu ziren, neska ondo zegoela jakiteko eta dena lotuta zegoela konfirmatzeko. «Momentu horretan hurbildu zitzaizkien ertzainak identifikazio eske».

Erkorekaren erantzuna

Abuztuko gertakarien ostean, mugimendu feministak prentsaurrekoa antolatu zuen. Ukatu egin zuten Ertzaintzari oztopoak jarri izana, eta argi utzi zuten irmotasunez erantzungo ziotela mugimendu feminista jopuntuan jartzeko estrategia politiko orori.

Ertzaintzaren Esan sindikatuak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu zion «zerbait» egin dezala egun hartan laguntzera joan ziren feministen aurka. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak erantzun zuen «larria» dela ziztada kasuetarako ondu duten protokoloa ez betetzea, arriskuan jar zitekeelako biktimaren osasuna, eta «desobedientzia delitua» aipatu zuen.

«Erkorekak egindako deklarazioak mugimendu feminista kriminalizatzeko saiakera argia izan ziren», azaldu zuen Landazabalek. «Gezur guzti horiek atzera bota ditzaten eskatu nahi dugu, jokatu dezatela arduraz eta bertan behera utzi ditzatela gure aurka dituzten karguak».

Babes mezu eta elkartasun keinu asko jaso ditu mugimendu feministak, bai herritarren partetik, baita kanpotik ere: «Uste dugu herritarren gehiengoak gurekin bat egiten duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.