Nor bere aldetik Osasunbidean

Mobilizazioei eutsiko diete SAE, ELA eta CCOO sindikatuek. Grebara deitu dute apirilaren 4rako

SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, atzo, CCOOren Iruñeko egoitzan, mobilizazioen berri ematen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Apurtu da batasun sindikala Osasunbidean. Nafarroako Gobernuarekin akordioa sinatuta, gaur egitekoa zuten greba bertan behera uztea erabaki zuten LABek eta UGTk, intersindikaleangehiengoa dutela baliatuta. Bi sindikatu nagusiekin batera greba komitea osatzen zuten SAEk, ELAk eta CCOOk, baina, mobilizazioei eutsiko diete datozen egunetan, eta greba propioa erregistratu dute, apirilaren 4rako. LABek eta UGTk sinatutako akordioa «eskasa eta zehaztugabea» dela argudiatu dute. Aurrerantzean, nor bere aldetik ariko dira Osasunbidean, eta ikusgai da lurrikara honek errepikarik izanen duen administrazioko beste alor batzuetan. Hezkuntzan, adibidez, elkarrekin ari dira, eta greba deialdia egina dute apirilaren 3rako.

SAEk, ELAk eta CCOOk ezin izan diote gaurko greba deialdiari eutsi; sindikatuok atzo azaldu zutenez, LABen izenean erregistratua baitzegoen. Horren ordez, Nafarroako Legebiltzarraren aurrealdean protesta eginen dute 10:00etan, salatzeko LABek eta UGTk gobernuarekin sinatutako itunak «ez dituela ezertan hobetuko langileen lan baldintzak».

Protestari eutsiko dieten sindikatuen izenean, hedabideen aurrean azaldu ziren atzo Vito Astrain eta Patxi Larunbe (CCOO), Cati Jimenez eta Begoña Ruiz (SAE), eta Beatriz Rubio eta Josetxo Mandado (ELA). Ruizek adierazi zuen LABek eta UGTk sinatutako akordioak «ez dakarrela ezer berririk, ezta aurki parlamentuan aztertuko den foru legearen proposamenean jasota ez dagoen ezer ere». Hala, sinatutakoa «promesen adierazpen hutsa» dela esan zuen Mandadok: «Lanbide karrerari buruz esaten duten guztia, adibidez, literatura hutsa da, akordio honek ez baitu gobernua ezertara behartzen; guk neurri zehatzak eskatzen ditugu, lanbide karrera efektiboa, benetakoa».

«Alderdi politikoen menpe»

Horrez gain, EH Bildu eta PSNren menpe egotea eta «autonomiarik ez izatea» egotzi zieten akordioaren alde egin duten sindikatuei: «LAB eta UGT leialagoak izan dira alderdi horiekin, ordezkatzen dituzten langileekin baino, eta aukeran, nahiago izan dute gobernua salbatu, Osasunbideko langileen lan baldintzak hobetu beharrean».

SAEko Begoña Ruizen esanetan, akordioa sinatu duten elkarte sindikalek langileei azaldu beharko diete «zer hobekuntza ekarriko dien ituna sinatu izanak». Are: azpikeriaz jokatzea leporatu die LABi eta UGTri, «joan den larunbateko manifestazioan parte hartu eta grebarako deia egin zutelako, sinatu berri duten dokumentua ordurako ezaguna izanda ere».

Zehazki, martxoaren 23ko greba bertan behera uzteko erabakia LAB sindikatuak eginiko urrats «aldebakarreko eta antidemokratikoa» izan dela esan dute SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek: «LABek bere kabuz hartu zuen greba bertan behera uzteko erabakia, eta gainerako sindikatuei galarazi egin digu greba egitea». Ruizek esan du zilegi direla sindikatuen arteko desadostasunak, «baina grebarako oinarrizko eskubidea oztopatzea da ezein sindikatuk zeharkatu behar ez lukeen marra gorria».

Hori dela eta, greba deialdi propioa erregistratu dute Osasunbidean, apirilaren 4rako: «Mobilizazio horren helburua da osasun arloko langileen eta osasun arlokoak ez direnen lan baldintzak hobetuko dituen eta desberdintasunak zuzenduko dituen akordio bat lortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.