Ertzaintzak uste du amak hil duela Azpeitian itotako 4 urteko mutikoa

Etxean hilda aurkitu dute mutikoa, eta zaurituta ama; uste dute bere burua hiltzen saiatu dela

Azpeitiko plaza. Artxiboko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ume baten hilketa ikertzen ari da Ertzaintza Azpeitian (Gipuzkoa). Herenegun arratsaldean jaso zuten deia larrialdi zerbitzuetan: ume bat itota zegoela etxe batean. Anbulantziak joan ziren, baina ezin izan zuten mutikoa suspertu. 4 urte zeuzkan. Etxean bertan zaurituta aurkitu zuten umearen ama, eta ospitalera eraman zuten. Ertzaintzaren hipotesi nagusia da hark hil zuela umea, eta bere buruaz beste egiten saiatu zela gero.

Larrialdi abisua 18:00ak aldera jaso zuten, Ertzaintzako iturriek azaldu dutenez. Azpeiti sarreran, Lasao auzoko baserri batean gertatu zen hilketa. Larrialdi taldeek sumatu zuten asfixia sintomak zeuzkala umeak, eta ez zirela ezbehar baten ondorioz sorturikoak. Areago, etxean bertan aurkitu zuten haren ama, zauriekin. Ertzaintzak zabalik dauka ikerketa, baina, polizia iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, hipotesi batekin ari dira lanean: amak ito egin zuela semea, eta bere buruaz beste egiten saiatu zela zaurien bidez.

Haurraren gorpua Donostiara eraman zuten, auzitegi medikuntzako zerbitzura, eta atzo zioten autopsia egitekoa, nola hil zen jakiteko. Ertzaintza emaitza horien zain dago ikerketan pauso gehiago emateko. Donostiako ospitalean dago ama, zauriekin. Ez dute xehetasunik eman haren egoeraz.

Hilketak zirrara eragin du Azpeitian, festak hastear daudela. Udalak ohar bat kaleratu du. Familiari babesa agertu dio Nagore Alkorta alkateak: «Denentzat oso momentu gogorra da». Ohartarazi du Ertzaintza ari dela ikertzen zer gertatu zen, eta esamesetan ez jarduteko deia egin du: «Utz ditzagun alde batera espekulazioak eta zurrumurruak, momentu gogor hauetan inori ez diotelako onik egiten, kalte baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.