Zaintza sistema publikoaren premia aldarrikatu dute arloko langileek

«Zaintza eredua aldatzeko», greba egin dute Hego Euskal Herrian, ELAk deituta

Zaintza sektoreko langileak, atzo, Bilbon egin zuten manifestazioan. ARITZ LOIOLA/ FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Zaintza lanen prekaritatea salatu, eta eredu aldaketa aldarrikatu zuten atzo arloko langileek, ELA sindikatuak deitutako greba egunean. Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egin zituzten Zaintza publikoa bizitzarako lelopean. Sektoreko hainbat kolektibok hartu zuten parte lanuztean: zahar etxeetako langileek, eguneko zentroetakoek, etxez etxeko langileek, elbarritasunen bat dutenen egoitzetako beharginek, adingabeen zaintzaileek...

Sektore horietako zaintza lanak ezinbestekoak direla berretsi zuen sindikatuak: «Negozio bihurtzeko asmoz, premiazko lan hauek enpresa pribatuen esku ari dira geratzen; eta zaintzarik gabe ezin da bizitza sostengatu». Horrez gain, ELAk salatu zuen sektoreko langileek ez dutela baldintza duinetan lan egiten: egutegi «gizagabeak», langile kopuru «guztiz eskasak», soldata murritzak eta «gizatasunik gabeko arreta eskasa» jasaten dutela azaldu du.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitu zuten Bilboko manifestazioa. Bertan, Mitxel Lakunza ELAko idazkari nagusiak hartu zuen hitza: «Gaur egungo zaintza lanen eredua ez da ez sostengagarria, ez defendagarria. Soldata arrakalan eta zerbitzu prekarioetan oinarritzen da; ezin da horrelako eredu bat defendatu, eta hori aldatzera gatoz». Egungo «hipokrisia politikoa» ere salatu zuen Lakuntzak: «Zaintzako langileei premiazkoak direla esaten diete, baina ez dituzte horrela tratatzen».

«Hipokrisia» horren adibide gisa jarri zuen zaintza lanak «negozio bilakatu» izana. Horren aurrean, helburu argi bat adierazi zuen: «Zaintza lanen eredua aldatzea». Bide horretan, zaintza sektorea publiko bihurtu eta 10.000 lanpostu gehiago sortu nahi dituzte. Izan ere, Lakuntzak adierazi zuenez, langile gehienak azpikontratatuta daude. «Zahar etxeetan, %8 baino ez da zerbitzu publikoa. Aldaketa guztiak kaletik hasten dira beti, baita aldaketa handienak ere».

Etxez etxeko langileek ere badute zer esana. Mertxe Valparisek hitz egin zuen kolektiboaren izenean. Adierazi zuen sektoreko hainbat langilek ez dutela grebarako eskubiderik: «Kide asko falta dira gaur hemen, oinarrizko eskubiderik gabe daudelako; besteak beste, grebarako eskubiderik gabe. Gaur ez daudenak ere merkantilizatuta dagoen zaintza horren parte dira». Pertsona horien egoera aspalditik «muturrekoa» dela salatu zuen: «Gutako kide asko esplotatuta daude, eta muturreko jazarpen egoeretan. Lan karga izugarria daukagu, eta ratioak gizagabeak dira».

Egoera hori pandemiak azaleratu badu ere aspaldiko auzia dela azaldu du: «Oraingo sarraskiaren erruduna ez da COVID-19a, baizik eta gizatasunik gabeko sistema hau». Hain justu, birusaren ondorioz lanera «beldur handiz» joaten direla aitortu zuen, hainbat pertsonaren osasunari eragiten baitio euren lanak: «Zaintzen ditugunen osasuna, gure osasuna eta gure ingurukoena ere jokoan jartzen dugulako gara beldur».

Itzala baino itzalpeago

Zaintza lanak, oro har, itzaletan badaude, etxez etxeko zaintza zerbitzuak oraindik itzalpeago daudela iruditzen zaio Leire Indias beharginari. Pandemiak sektorearen aldarriak azaleratu dituela dio, baina arazoa «egiturazkoa» dela iruditzen zaio: «Urte asko daramatzagu prekaritatea salatzen. Pandemian egoerak eztanda egin duela diote batzuek, baina gu geu gara eztanda egin dugunak. Ez dugu gaixotzeko eskubiderik ere izan; bestela, nork egingo zuen gure lana?».

Adinekoen egoitzetako egoerarekin alderatuta haien sektorea ikusgaitzago dagoela uste du Indiasek, eta, ondorioz, beharginen artean ere kontzientziarik ez dagoela: «Gure egoera ez da hain begi bistakoa. Etxean gertatzen diren gauzak ez ditu inork ikusten. Egoera hau bizi duena baino ez da benetan kontziente».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.