Osakidetzako itxaron zerrenda murrizteko plan bat eskatu dute

Ebakuntzetako itxaron zerrenda %27 luzatu da 2019ko uztailetik. Oposizioak galdegin du itxaron zerrendei buruzko dekretua betetzeko

Gurutzetako ospitaleko ZIU unitatea. MARISOL RAMIREZ /FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gero eta pazientzia handiagoa eduki behar dute ebakuntza bat egiteko zain dauden gaixoek Osakidetzan, etengabe handitzen ari baita presazkoak ez diren eta programatuta dauden ebakuntzetarako itxarote zerrenda. Jaurlaritzako Osasun Sailak uztailean publiko egindako datuek ematen dute neurria: guztira, 23.831 herritar zeuden ebakuntza baten zain; duela hiru urte, 18.702 ziren. Pandemia aurreko datuekin alderatuta, beraz, %27 luzatu da ebakuntza baten itxaron zerrenda.

Datuokin kezkatuta agertu ziren atzo Eusko Legebiltzarreko legebiltzar taldeak, nahiz eta ez ziren bat etorri itxaron zerrendak luzatzea zerk eragin duen aztertzekoan. Oposizioko taldeek Osakidetzaren «egiturazko arazoei» egotzi zieten egoera. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek, berriz, COVID-19aren pandemiari.

Desadostasun horiek azaleratu egin ziren osoko bilkuran. EH Bilduk Osasun Sailari eskatu zion itxaron zerrenden gehienezko epeak zehazten duen dekretua betetzeko, baina EAJk eta PSE-EEk baztertu egin zuten ekinbidea, eta, haren ordez, «optimizazio plan bat» egiteko eskatu zioten Osakidetzari, itxaron zerrendak murrizteko. Testuan, bi taldeek proposatu zuten plan horren bitartez itxaron zerrenden poltsak berrikusten hastea espezialitateen, ospitaleen, ebakuntza gelen, giza baliabideen eta ospitaleetako kanpo kontsulten beharren arabera. Halaber, ontzat jo zuten Osakidetzan lanpostuak handitzeko eta egonkortzeko abiatu den prozesua, eta ziurtzat jo horrek ere eragina izango duela itxaron zerrendak murriztekoan.

Osakidetzaren kudeaketarekin oso kritiko agertu ziren EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+C's, eta «egiturazko arazoei» egotzi zieten egoera. «Osakidetzako ebakuntzetako itxaron zerrenda gero eta luzeagoa da, eta horrek eragina dauka pazientearen osasunean», adierazi zuen Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuak aletu zituen jarraian: 30 egunetik beherako itxaron zerrendan 7.414 herritar daude, eta 30 egunetik gorako itxaron zerrendan, berriz, 16.417. 180 egunetik gorako itxaronaldian, berriz, 1.074 herritar daude.

Zenbakien atzean herritarrak daudela gogoratu zuen Uberak, «beren patologiekin, gaixotasunekin, kezkekin, beldurrekin», eta pandemiaren «aitzakia» albo batera utzi eta «anbiguotasunik gabe» gaiari heltzeko eskatu zuen. Besteak beste, Osasun Sailari galdegin zion ebakuntzetako gehienezko itxaron zerrendak arautzen duen 65/2006 Dekretua bete dezala. Bat egin zuten eskaerarekin Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.