Osakidetzari eta sindikatuei eskatu diete solasak berriz abiatzeko

Eusko Legebiltzarrean eztabaida izan dute Osakidetzako oposiziei buruz, datorren asterako sindikatuek deitutako greben atarian

Erredakzioa
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Osakidetzaren eta sindikatuen arteko elkarrizketa berriz abia dadila eskatu du Eusko Legebiltzarrak. SATSE, ELA, LAB, Sindikatu Medikoa, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitua dute heldu den astean, hilaren 18rako eta 19rako, Osakidetzaren «eraistea» salatzeko, eta negoziatzeko borondate falta leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Lanpostuen behin-behinekotasuna da gatazka sortu duten puntuetako bat, eta, hain justu, atzo Osakidetzako LEP lan eskaintza publikoari buruz jardun ziren legebiltzarrean, EH Bilduk bultzatuta.

Elkarrekin Podemos-IU taldearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari dei egin zioten bere «izaera negoziatzailea» berreskura dezan. Azkenean, EAJk eta PSEk babestutako testua atera zen aurrera; lan poltsak aurreikusi bezala aurrera eramatea eskatu zuten bertan.

Eztabaidan, langileak «gaizki tratatzea» leporatu zion Osakidetzari Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. «Osasun Sailak suteak piztu besterik ez du egiten, baina ez da gai suhiltzaile izateko», adierazi zuen. Kontratazio politika eta LEP eredua aldatzeko eskatu zuen, langileak «etengabeko ziurgabetasunetik» atera daitezen.

Kritika horiek «irrealak, desenfokatuak eta neurriz kanpokoak» direla erantzun zion EAJko Jon Aiartzak, eta Osasun Saila bere konpromisoak betetzen ari dela baieztatu zuen. Adostasunaklortzeko ateak irekiak dituztela erran zuen. Bere aldetik, PSEko Ekain Ricok alde guziei dei egin zien negoziazioetan «normaltasuna» berreskura dezaten.

Osasun legean parte hartzea

Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak biltzen dituen OPA koordinakundeak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio errespeta dezala herritarrek Osasun Legearen lanketan parte hartzeko duten eskubidea. Osasun sistemaren araudian jasoa dago herritarren parte hartzea, baina, OPAren iritziz, ez da behar bezala betetzen. Osasun lege berriaren proiektuan kontsulta publikoa hogei egunekoa baizik izan ez dela deitoratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.