Espetxeetako suizidioen programa berrikusiko dute, Gonzalez hil ostean

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu dio EH Bilduk Espainiako Barne ministroari. Espainiako espetxe politika «eredugarria» dela erantzun du Grande-Marlaskak, Kongresuan

Grande-Marlaska, atzo, Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak Igor Gonzalez Solaren kasuan bezala «saihestu zitezkeen» suizidioekin zer egingo duen galdetu zion, atzo,Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari, Espainiako Kongresuan. Ministroak erantzun dio 2005ean sortu eta 2014an eraldatu zen Espetxe Erakundeetako suizidiorako prebentzio sistema berrikusiko dutela, sistema jada «eredugarria» bada ere.

«Igor Gonzalez. 47 urte, Bilbokoa. 15 urte Valdemoro, Badajoz eta Soriako (Espainia) kartzeletan preso. Gaixo zegoen, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen hiru aldiz. Zigorraren hiru laurden beteak zituen. Lege normala aplikatu izan balitzaio, kalean beharko luke, tratamendua jasotzen», hasi zuen bere txanda Aizpuruakatzo goizean, Espainiako Kongresuan, gobernuaren kontrol saioan. Joan den astean Martuteneko espetxeko ziegan hilik agertutako Igor Gonzalez Solaren kasuaz ari zen, bere buruaz beste egindako presoarenaz. Adierazi zuen Gonzalez Solaren heriotza saihestu zitekeela baldin eta «gaur egun aplikatzen den espetxe politika ez balitz salbuespenezkoa, baizik garai berriei egokitutakoa eta giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika bat».

Espainiako Barne ministro Grande-Marlaskak ukatu egin du euskal presoek trataera desberdina jasotzen dutela, «banakako» tratua ematen zaiela argudiatuz. Horren adibidetzat jarri ditu azken bi urteetan lekualdatu dituzten ETAko 90 preso. Aizpuruaren galderari erantzun, eta adierazi du beste presoen suizidioak ekiditeko jada martxan dagoen programa berrikusiko dutela, eta gehitu du programa hori etengabe berrikusten dutela.

Mertxe Aizpuruak gogorarazi dio Espainiako Espetxe Erakundeen esku dagoela espetxeratutako pertsonen osasuna eta bizitza bera, eta, hain zuzen, horixe bera dio suizidioen prebentziorako plana sortzeko modua eman zuen Espetxe Erakundeen 1/1979 lege organikoko 3.4 artikuluak.

«Ustezko suizidioak»

Salhaketak «kartzelazidio» gisa definitu du Gonzalez Solaren heriotza. Izan ere, Salhaketako kide Cesar Manzanosen arabera, «horrelako zerbait gertatzen denean suizidioa dela diote, baina ustezko suizidioa da; ez dute ikertzen suizidio horretara norbaitek bultzatu duen, edo borondatezkoa izan den. Gainera, fiskaltzak berak ematen du agindua hori ez ikertzeko». Hain zuzen ere, Espetxe Erakundeen legediak berak jasotzen du presoaren heriotza naturala izan ez dela frogatzeko «kartzela zerbitzuetan anormaltasunen bat» aurkitu behar dela, «falta administratiboaren eta heriotzaren arteko harreman kausala frogatzeko».

Prebentziorako programa ustez badagoela azaldu du Manzanosek. Ustez presoei jarraipena egiten zaie: esaterako, beste preso baten ardurapean uzten dituzte bere buruaz beste egiteko arriskua dutenak; psikologoek eta mediku taldeek jarraipena egiten diote... Baina Salhaketaren arabera, askotan ez da betetzen protokolo hori.

Horrez gain, taldeak uste du protokolo hori egokitu behar dela; ezin daitekeela beste preso baten ardurapean utzi bere buruaz beste egiteko arriskua duena. Prebentziorako sistema bai, baina buruko osasunaz arduratzen den lehen arretarako azpiegiturarik ez dutela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.