Eutanasia legeztatzeko eskatu dio Portugaletek Espainiako Kongresuari

Alzheimerdun herrikide baten sendiak sustatutako adierazpena onetsi du udalbatzak. Beste 20 udalek ere egina dute zigorgabetasun eskea

Maribel Tellaetxeren senar Txema Lorente, atzoko udalbatzan. M. R. / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Portugaleteko Udalak eskaria egin dio Espainiako Kongresuari; eutanasia legeztatzeko bertan bidea egiten ari den lege proiektuaren tramitazioa desblokeatzeko eta onartzeko. Maribel Tellaetxe herrikidearen familiak aurkeztuta, horren aldeko adierazpen bat onartu zuten atzoko udalbatzan. PSE-EEk, EAJk, EH Bilduk eta Esna Gaitezen plataformak babestu zuten; PP abstenitu eginzen. Halako adierazpen bat egin duten lehen udala da Bizkaian; baina ez Euskal Herrian: Nafarroan, Heriotza Duinerako Eskubidea elkarteak sustatuta, dagoeneko 20 udalek onartu dituzte eutanasia zigorgabetzearen aldeko testuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkartea adierazpen gehiago aurkezteko lanean dabil.

Tellaetxek alzheimerra du. «Burua argi zuenean, hainbatetan adierazi zuen ez zuela bizi nahi gaur egun bizi den egoeran. Idatziz ere utzi zuen bere borondatea», irakurri zuen atzoko bilkuran Mikel Torres alkateak. Adierazpenak gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrak baduela hil hurren daudenen eskubideak eta duintasuna bermatzeko legea, 2016an onartutakoa. Baina aitortu du ez dela aski «heriotza duinerako eskubidea bermatzeko», Espainiako beste arau batzuekin talka egiten duelako. Izan ere, Zigor Kodearen 143.4 artikuluak espetxe zigorra ezartzen dio beste baten heriotzari «beharrezko eta zuzeneko ekintzekin aktiboki eta zuzenean eragiten dionari, baldin eta biktimak heriotza eragingo dion gaixotasun larria badu». Artikulu hori indargabetzeko ere eskatu diote Kongresuari. Baita Espainiako Gorteek onartutako 26/2015 legearen bigarren azken xedapena indargabetzeko ere. Xedapen horrek muga batzuk jartzen dizkio 2002ko Espainiako pazienteen autonomiarako legeari. «Bere borondatearen kontra bizitzera behartzeak egoerari krudeltasuna handitzea esan nahi du, eta heriotza bortitz bat izatera kondenatzea», salatu du adierazpenak. Tellaetxeren senar Txema Lorente udalbatzan izan zen. Eskerrak eman zizkion Portugaleteko herriari: «Goazen gaur denok elkarrekin; gu gara herria». Change.org atarian sinadurak biltzen ari da sendia. Sosamatxu.wordpress.com blogean eman daiteke babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.