Murgiltze eredua babesteko gutun bat bidaliko dio Elkargoak Parisi

Euskarazko sistema plantan ezartzeko eskaria egina dute Ainhoako, Irisarriko eta Angeluko ikastetxe publikoek, baina ez diete aintzat hartu

Murgiltzearen aldeko elkarretaratze bat Irisarriko eskolan. GUIILAUME FAUVEAU.
Joanes Etxebarria.
Maule
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Frantziako Gobernuak trabak jarri dizkio eskola publiko gehiagotan murgiltze eredua esperimentatzeko nahiari. Heldu den eskola sartzean, Ainhoan, Irisarrin eta Angelun jartzekoa dute murgiltzea martxan, baina akademia ikuskariak ezezkoa eman du. Jacqueline Gourault Frantziako Lurraldeen Kohesioaren eta Lurralde Kolektibitateen ministroak eredu horren aurka hitz egin du, «konstituzioaren aurkakoa» delakoan. Egoera ikusita, Euskal Elkargoak urrats bat egingo du, Ipar Euskal Herriko Hitza-k jakin duenez: Jean Rene Etxegarai lehendakariak gutun bat bidaliko dio Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroari. Ohartaraziko dio estatuak «mugarri bat» jarri duela euskarazko irakaskuntzari buruz.

EEP Euskararen Erakunde Publikoak ere gisa bereko gutun bat bidalia du Parisera. Oraingo eskutitzean, Etxegaraik ministroari ohartaraziko dio murgiltze sistema ez dela «inposizioa», eta hiru herrien eskariari uko egin izanak «arriskuan» jar dezakeela «sail publikoko irakaskuntza elebidunaren sistema osoa». Etxegaraik nabarmendu du beste hamazazpi eskolatan ezarria dutela euskarazko esperimentazioa, eta garapen hori geldiarazteak kalte egingo diela ikasleei: «beste ikasketa sailetara» joan beharko dutela, publikoak ez diren ikastetxeetara.

Murgiltze ereduak eskoletako gurasoen oniritzia duela azaltzeko, Etxegaraik bi datu emango dizkio Hezkuntza ministroari: Irisarrin, aita-amen %84k eman diote onespena euskarazko murgiltzea ezartzeari, eta Ainhoan, %95ek. Eskaria gero eta handiagoa baita, Biga Bai eskola elebidunetako gurasoen elkarteko ordezkari Marie Andree Oureten erranetan. «Inportantea da sistema zabaltzea. Gurasoek ere ikusten dute, gero eta eskola gehiagotan galdetzen baitute eredu bera hedatzea. Aitzinamendu gaitza da sistema elebiduna hobetzeko».

Informazio okerra

Gobernuaren jokabideak kezka eragin du. Oureten ustez, ministroaren ezjakintasuna dago oinarrian. «Erakusten du ez duela dosierra ontsa ezagutzen. Ez da sekula inposatzen ez elebiduna, ez murgiltzea: beti familien hautua da». Beñat Arrabit EEPko presidenteak berretsi du argudio zentzugabeak direla: «Bistan da egiten ditugun gauza guziak legearen babesean egiten ditugula. Espero dut ezjakintasuna baizik ez dela». EEPk, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Akitania Berria Eskualdeak elkarrekin bidali diote gutuna Parisi. Euskal Konfederazioak uste du «maila politikoan» urrats gehiago behar direla, eta Parisen hitzordu bat eska dezala galdegin dio Etxegarairi.

Ouretek zentzugabetzat jo du gobernuaren jarrera: «Ez dugu ulertzen nolaz Euskal Herrian ez diren plantan ezartzen uzten esperimentazioak, eta Korsikan dei egin den heldu den sartzean murgiltze eskola batzuen irekitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.