Haur eskoletan matrikulazioak behera egin duela azaldu du ELAk

Haien ustez, «helburu gauzagarria» da zerbitzua doan izatea. LABek greba deialdia egin du haur eskoletako kudeaketa sailean

LABeko ordezkariak, greba deialdiarekin, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskola publikoen egoerari buruzko txostena aurkeztu du ELA sindikatuak. Ikerketa horretan, matrikulazioak behera egiten jarraitzen duela azaldu dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Partzuergoaren politikak salatu dituzte eta, horiek horrela, haur eskoletako zerbitzu «publiko, doako eta unibertsala» eskatu dute.

ELAko Alain Garciak azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskoletan matrikulazioak behera egiten jarraitu du —%10 inguru azken lau urteotan—, eta eskaintzen dituzten lekuetatik %32 hutsik gelditu dira. Haren ustez, jaiotze tasaren beherakada ez da arrazoi nahikoa jaitsiera hori azaltzeko, matrikulazioa gehiago jaitsi baita.

ELAren ustez, beste nonbait bilatu behar dira horren zergatiak: «Haurreskolak partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza garatzen ari diren politikak herren gelditzen dira», azaldu dute. Prezioak «altuak eta desorekatuak» dira, eta ezarritako kuoten sistemak ez du egoera hori konpondu, oraindik ere familien hiru laurdenek kuotarik handiena ordaintzen dutelako.

Aurten beste kuota mota bat ezarri dute, oso diru sarrera gutxi dituzten familientzat —kasu horretan, ez dute ezer ordaindu behar—, baina, familia horiek euren egoera frogatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa oso konplikatua denez, familia gutxik lortzen dute, eta tarte horretan ere matrikulazioa ez da igo.

Horrek guztiak eragina du sektorean aritzen diren langileen egoeran, ELAko ordezkariek salatu dutenez. Haien datuen arabera, behin-behinekotasuna oso handia da. Hezitzaileei dagokienez, egindako 1.182 kontratuetatik %59 baino ez dira behin betikoak, eta kudeaketan aritzen diren langileen kasuan are larriagoa da egoera, langileen %100 behin-behinekoak direlako eta kontratu finkorik duen langile bakar bat ere ez dagoelako.

Hori ikusita, ELAk eutsi egin dio 2014an aurkeztutako proposamenari: haur eskola publikoak «unibertsalak eta doakoak» izatea, eta horretarako beharrezkoak diren diru baliabideez hornitzea. «Helburu guztiz gauzagarria da», esan du Garciak.

«Iruzurra» negoziazioan

LABek greba deialdia erregistratu du kudeaketa alorrean. Sindikatuak gehiengoa du Haurreskolak partzuergoan, eta iaz akordioa sinatu zuen administrazioarekin, baina kudeatzaileen esparruan akordioan agertzen ziren edukiak gauzatzeko negoziazioari ekin diotenean «iruzurra» egin nahi izan dietela salatu dute.

Sindikatuak azaldutakoaren arabera, administrazioak uko egin dio langileen zerrenda handitzeari, lan baldintzak Hezkuntza Saileko langileek dituztenekin berdintzea atzeratzen ari dira, eta ordezkatzearen eta barne sustapenaren alorrean ere trabak jartzen ari dira.

Egoera ikusita, hilabeteko grebara deitu ditu LABek haur eskoletako kudeaketan aritzen diren langileak, abenduaren 23tik urtarrilaren 24ra.

LABek esan duenez, akordioa ez gauzatzeko jarritako «aitzakia» izan da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko aurrekontuetan ez dagoela horretarako diru poltsarik. Horregatik, LABek dei egin die aurrekontuak babestuko dituzten alderdiei, eta bereziki EAJri eta Elkarrekin Podemosi, «Haurreskolak partzuer- goko langile eta familien beharrei erantzungo dieten neurriak» har ditzaten, zerbitzuaren doakotasuna eta gatazkaren konponbidea lortze aldera.

LABek iragarri du harremanetan jarriko dela ELA eta Steilas sindikatuekin, eta eskatuko dietela greba deialdi honekin bat egin dezaten. Horretaz galdetuta, ELAko ordezkariek esan dute proposamena langileekin eztabaidatu behar dutela, baina erantsi dute partzuergoarekin izandako azken bileran «atzerapauso nabarmenak» sumatu zituztela kudeaketan aritzen diren langileen arloan, eta iragarri dute prest daudela «mobilizazio eta greba beste ziklo bati» ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.