Ofizialtasunaren bidean atzerapausorik ez!

Juan Zubia Goikoetxea
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Europako Mendi Duatloi txapelketa jokatu zen 2015eko urrian Castro Urdialesen, eta Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituan buru-belarri lehian zebiltzan kirolariek beraien indarrak punta-puntako aurkariekin neurtzeko aukera bikaina izan zuten. Lan on bat egiteko asmotan, Julen Larruzea eta Endika Gartzia bakoitza bere klubaren maillotarekin joan ziren irteera puntura. Garai hartan, antolakuntzatik Espainiako maillota eramatera animatu zituzten parte-hartzaileak, baina ez zuten inor horretara behartu.

Gure mutilen lana aparta izan zen. Endikak, lehenengo postuan zihoala, zulatu bat zela medio, proba utzi behar izan zuen, eta Julen bigarren postuan iritsi zen, belgikar baten atzetik. Juleni ez zioten utzi ikurrinarekin helmugaratzen, helmugan sartu eta berehala Espainiako txandalaren gainekoa jantzi zioten, eta podiumera ere horrekin igotzera behartu zuten. Esandakoa egin ezean, bigarren postua kenduko zioten. Han geundenontzat momentu oso desatseginak izan ziren, eta antolakuntzakoekin hitz bat baino gehiago gurutzatu genituen.

Irailean, Euskal Herrian, Balmasedan hain zuzen, Europako Mendi Duatloi txapelketa jokatuko da, eta, 2015ekoarekin alderatuta, aldaketa batzuk iragarri dituzte. Horietako bat, Euskal Herriko parte-hartzaileek Espainiako edo Frantziako maillota eraman beharraren derrigortasuna da. Elite mailan, Espainiako edo Frantziako selekzioek deitutakoak soilik joango direnez, ulergarria izan daiteke, baina Adin-taldeetan ere derrigortasun hori mantentzea zentzugabekeria bat iruditzen zaigu.

Ekitaldi honen sustatzaileak diren Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Aldundiari eta Balmasedako Udalari horrelako baldintza iraingarriak ezartzen dituen ekitaldirik ez babesteko eskatzen diegu, eta gatazkak saihesteko beraien indar guztiak jartzeko.

Hori zuzendu ezean, Castro Urdialeseko gertaera txiki gera daiteke. Arau horrek kirolaria ataka batean jartzen du, eta, hartzen duen erabakia hartzen duela, ez du bere gustukoa izango. Beste behin, kirolaria galtzaile.

2011. urtean Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua martxan jarri genuenetik euskal selekzioaren aldeko hautua egin dugu, eta horrelako erabakiek mindu egiten gaituzte. Temati jarraituko dugu euskal selekzioa ofiziala izan arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.