Albistea entzun

Lanbiden egotea Enplegu Legean jasotzeko eskatu du Konfekoopek

Confebaskekin jarrerak hurbiltzen saiatu da konfederazioa, baina ez du bermerik lortu oraingoz
Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Iñaki Nubla konfederazioko zuzendaria, atzo, Bilbon.
Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Iñaki Nubla konfederazioko zuzendaria, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko maiatzak 6 - Bilbo

Konfekoop kooperatiben elkarteak begi onez hartu du Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Legearen aurreproiektua; konfederazioak aitortu du «aurrerapausoak» ikusten dituela, eta uste du «esparru egokia» eskaintzen duela Lanbideren administrazio kontseiluan egoteko eskaera historikoa bete ahal izateko. Izan ere, legeak lehen aldiz jasotzen du Konfekoopek bertan egoteko duen «eskubidea», nahiz eta ez duen leku hori izango duenik bermatzen.

Hori betearaztea izango da elkartearen helburuetako bat aurten, hain zuzen. Hala azaldu zuen atzo Konfekoopek iazko balantzea eta aurtengo erronkak aurkezteko ekitaldian. Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak argi adierazi zuen, beste behin, ez dagoela «arrazoi juridikorik» horretarako, eta gogorarazi zuen urte hasieran onartu zen Enpleguaren Espainiako Legea ere ez dela oztopo. «EAEko Aholku Batzorde Jurikoak ere berretsi du auzi politikoa dela, eta legegilearen borondatearen araberakoa dela».

Eusko Legebiltzarrera joango da hurrengo astean Konfekoopeko presidentea, alderdiei eskaera aintzat har dezaten eskatzera: «Orain izan behar du; esparru egokia da». Baikor azaldu zen Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria ere: «Alderdi politikoekin hitz egin dugu, eta hitzak onak dira. Hala ere, lan egin behar dugu hori ziurtatzeko».

Ez da horren erraza izango, halere; alderdi politikoez gain, Confebask ere konbentzitu beharko duelako. Hark ditu patronalari dagozkion bost ordezkaritzak Lanbideko zuzendaritza kontseiluan, eta hura izan da Konfekoopek aulki horietako bat izateari betoa jarri diona urte luzez. Lavinek adierazi zuen konfederazioak ahaleginak egin dituela jarrerak hurbiltzeko: «Garrantzitsua da, orain arte ez baita halakorik egin. Baina uste dugu lege esparru bat egoteak eskatzen zuela bi elkarteen arteko gerturatze bat». Ohartarazi zuen, ordea, bide luzea geratzen dela oraindik egiteko: «Gure borondate osoa jarri dugu akordio bat lortzeko, baina partida zabalik dago oraindik».

Emaitza onak

2022a datu onekin itxi zuen konfederazioak. «Ezohiko urtea» izan zela nabarmendu zuen Nublak, pandemiaren ondorioei ez ezik, Ukrainako gerrari eta lehorteari ere aurre egin behar izan zietelako enpresek. Edonola ere, eta «ziurgabetasun eta ezegonkortasun handia» izanagatik, konfederazioari atxikitako kooperatibentzat «urtea ona» izan dela azpimarratu zuen.

Iazko urte amaieran 1.391 kooperatiba ziren guztira elkartean, 2021ean baino 41 gehiago. Eta denera, 56.762 langile dituzte kooperatibek, aurreko urtean baino 387 gutxiago (-%0,6). Nublak azaldu zuen beherakada hori kontsumo kooperatibetan gertatu dela, pandemia garaian jarduera indartu behar izan zutelako eta oraindik merkatua «egonkortze bidean» delako. «Hala ere, 2019arekin alderatuta goitik gaude», nabarmendu zuen.

Lavinen hitzetan, datuek erakusten dute euskal kooperatibismoak «heldutasun maila handia» lortu duela. Aurrera begira ere, bide beretik jarraitzea espero du. Hain justu, iragarri zuen aurtengo urtarriletik apirilera bitarte 51 kooperatiba eratu direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Enpresen deslokalizazioak kezka eragiten duen garai honetan, lurraldean errotutako enpresa kooperatiboek enplegua sortzen eta kohesio soziala sustatzen jarraitzen dugu», esan zuen.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek

Iraia Vieira / Imanol Magro Eizmendi

EAJko agintariek Alderdi Egunean esanikoei erantzun diete sindikatu subiranistek, eta gizarteari bizkarra ematea leporatu.

Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. ©David Aguilar / Efe

Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino

Iker Aranburu

Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...