Tipikotasuna izatera kondenatuta Donostian

Zigor Etxaburua Urbizu
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Ezagutu dugu aurtengo Aste Nagusiko egitaraua eta berriro ere adierazi beharra dugu ez gatozela bat euskaldunak arrozten gaituen jai eredu honekin. Aurten, laugarren urtez jarraian, udal arduradunek erdaldundu egin dituzte Aste Nagusiaren eduki herrikoienetakoak diren Sagueseko kontzertuak.

Joan den agintaldiko lehen urtean, programazioa adostuta utzi zuen Juan Karlos Izagirreren gobernuak. Urte hartan, Sagueseko emanaldien erdiak euskaraz izan ziren. Hurrengo urteetan, ordea, erabat aldatu zen egoera, euskararen kaltetan. 2016 eta 2017ko Aste Nagusietan emanaldi bana izan zen euskaraz. Iaz, bi izan ziren eta, aurten, berriz ere bakarra izango da euskaraz. Emanaldi horien ikus-entzuleak nagusiki gazteak dira eta, dakigunez, euskararen ezagutza gehien hazi den esparrua da hori.

Eustat-en 2011ko datuen arabera, 15 eta 35 urte bitarteko 39.600 gazte donostiarretatik %60 euskalduna da, eta beste %24 ia euskalduna. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren eta baita Donostiako udalaren plangintzek nabarmentzen dute esparru horretan eragin behar dela, euskararen erabilera hazi dadin. Hain zuzen ere, Donostiako udalaren 2015-2019 aldirako Euskararen Plan Orokorrak bere balorazio estrategikoan dio Gazteria, Kultura eta Kirola sailekin elkarlana handitu behar dela, eragite lana eginez. Gainera, gazteak hizkuntzaren normalizazio prozesuan giltzarri direla nabarmentzeaz batera, aisialdirako estrategiaren baitan proposatzen du Donostia Kulturak eta Gazteria sailak bultzatzea euskarazko jarduerak beren eskaintzetan, garrantzia handia aitortuz horri.

Kezkagarria izan bada uda joan eta uda etorri euskaldunak geure burua arrotz sentitzea Donostiako udalak antolatutako Aste Nagusian, are kezkagarriagoa da ikustea Udal Gobernu zahar-berriak ez duela egoera birbideratzeko ekimenik egin. Merezi du gogoratzea Juan Karlos Izagirreren udal gobernuak moldatu ahal izan zuela euskararen mesedetan, sartu berritan, urte hartako Aste Nagusiko egitarau erdaltzalea.

Udal Gobernuak 2015ean bere programan agindu zuen profesionalen talde independente bat eratuko zuela, Aste Nagusiko Sagueseko kontzertuen egitaraua adosteko. Agintaldia amaituta, ordea, ez du taldea osatu, agintaldi erdian hura sortzeko asmoez galdetu genion arren. Ez zigun argitu, halaber, zein irizpideren arabera osatzen den egitaraua. EH Bilduk baditu irizpideak, 2011-2015 agintaldian erabilitakoak, hain zuzen ere: nazioartekotasuna, tokikotasuna, euskara eta kalitatea. Horregatik, eskatzen diogu Udal Gobernuari irizpide horiekin bat egitea, donostiar guztiontzako erakargarria izango den jai eredu baten mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.