Gida bat sortu dute bortxa matxistaren biktimentzat, prozesu judizialari buruz

Auzibidearen faseak argi azaltzea du helburu, eta emakumeek eta haien seme-alabek prozesuan dituzten eskubideen berri ematea

Gidaren aurkezpena, atzo, Gipuzkoako Auzitegian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren biktimak sarri mintzatu dira prozesu judizialaren konplexutasunaz, eta kexu agertu dira auzibideen inguruko informazio faltaz. Orain, gabezia hori konpontzea du helburu gida batek, zigor prozesuan emakumeek zein euren seme-alabek dituzten eskubideen berri emanez. Hala, gidak argitu du, besteak beste, andreek doako laguntza juridikoa jaso dezaketelasalaketa aurkezten dutenetik bertatik, epaiketan konfiantzazko lagun batek lagundu ahal diela, eta ez dutela zertan erasotzailearekin fisikoki topo egin epaitegietan.

Atzo aurkeztu zuten material hori, Gipuzkoako Auzitegian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan justiziarekin lotutako eragileek genero indarkeriaren inguruko lurralde batzordeak eratu zituzten iaz, eta Gipuzkoako taldearen lehen emaitza izan da gida —Araban eta Bizkaian ere erabili ahalko dute—. Emakumeek adierazitako premia bati erantzun nahi diola berretsi zuen Maria Victoria Cintok, CGPJen Genero Indarkeriaren Behatokiko ordezkariak: «Andreak ez dira ondo tratatuak sentitzen eremu konplexu honetan». Haren alboan izan ziren Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidentea, Iñaki Subijana Gipuzkoako Auzitegiko presidentea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria.

Gidak hamabi orrialde dauzka, eta prozesu judizialaren fase bakoitzari buruzko azalpenak jaso ditu. Euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere argitaratu dute, Gipuzkoan salaketa jarri duten andreek erabiltzen dituzten hizkuntzak kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.