«Euska Herria ezagutzeko gogoz» iritsi da Le Moing Surzur suprefeta

Lurraldearen «aberastasuna» aipatu du, baina ez da sartu landu beharko dituen gaien mamian

Philippe Le Moing Surzur Baionako suprefeta, atzean Emmanuel Macron Frantziako presidentearen argazkiarekin, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

Philippe Le Moing Surzur izanen da Baionako suprefeta ondoko urteetan. Asteburuan iritsi zen Lapurdiko hiriburura, eta atzo egin zuen bere burua aurkezteko agerraldia prentsa aitzinean. «Ez dut lurraldea ezagutzen», adierazi zuen argi eta garbi, eta Euskal Herrira etortzen den lehen aldia dela erran zuen. Ez zuen «ezagutu berri dituen» dosierren edukian sartu nahi izan, «goizegi» delako, baina «pozik» agertu zen bere izendapenaz, eta erran zuen «lurraldearen errealitatea» ezagutzea «berantetsia» duela.

 

Sortzez Bretainiakoa da, eta 56 urte ditu. Nekazaritzako ingeniaria da formakuntzaz, baina, zenbait urtez agroindustrian lanean aritu ondotik Administrazioaren Frantziako Eskolako konkurtsoa pasatu zuen. Bi urtez Frantziako Ekonomia Ministerioan ibili ondotik, Barne Ministerioarentzat lan egin du gaur arte, nagusiki suprefeturetako kabineteetan. 2013tik Krisien Planifikazio eta Kudeaketaren Zuzendariordetzan zegoen, eta, hortaz, 2015ean Parisen izan ziren atentatuen kudeaketan parte hartu zuen.

Asteburuan iritsi zen Euskal Herrira, eta, beraz, atzo ez zuen sartu nahi izan kudeatu beharko dituen dosierren mamian: «Goizegi da, orain ari naiz ohartzen. Badakit badirela aspaldiko gaiak, itsas hegiaren higadura bezala, eta, noski, COVID-19a ere kudeatu behar da». Lurraldearen «aberastasuna» aipatu zuen Surzurrek, itsasoa eta mendia, eta, hirigunea eta barnealdea biltzen dituelako.

Herve Jonathan aitzineko suprefetarekin mintzatzeko aukera izan du, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin ere bildu da. «Badakizue zer gai lantzen dituen Baionako auzapezak, pentsa dezakezue aipatu dizkidala». Mamirik ez. Mugako zortzi pasabideen itxieraz galdetu zioten kazetariek, «entzun dut gaia aipatzen»; hizkuntza, kultura eta lurralde aldarrikapenez galdera: «lurraldea dimentsio horietan guzietan ezagutzeko gogoa dut. Nortasun handiko lekua da». Behin eta berriz errepikatu zuen: ez du Euskal Herria ezagutzen.

Estatuaren ordezkari

«Eric Spitz prefetaren ordezkaria naiz, Baionako barrutian; estatua ordezkatzen dut». Bere lekua zein izanen den nabarmendu zuen Le Moing Surzurrek: departamenduko prefetak finkatzen du koadroa, bera bigarren mailan da, eta urte batzuen buruan, etorri bezala joanen da. «Garrantzitsua da erregularki aldatzea, bestela, lurraldea ongiegi ezagutzen duzu, eta ongiegi ezagutzen zaituzte. Erregularki aldatzea beharrezkoa da, interes publikoa ongi ordezkatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.