Migrazioei genero ikuspegiz kasu egiteko eskatu dute

Alboan, Entreculturas, Ellacuria eta SJM gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute andreek indarkeria espezifikoa jasaten dutela

Pilar Kaltzada, Sara Diego, Caddy Adzuba, Africa Baeta, Jenny Tenorio eta Lucia Rodriguez, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Bilbo
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Emakumeen aurkako indarkeria ez da soilik lekualdatzeen kausa. Prozesu osoan jasaten dituzte indarkeriak, migrazioen jatorrian, bidean eta helmugan». Halaxe azaldu zuen atzo Sara Diego Alboan gobernuz kanpoko erakundeko intzidentzia politikoko teknikariak. Kongoko Errepublika Demokratikotik itzuli berria da Diego, Euskal Herriko hainbat emakume kazetarirekin batera egindako bidaiatik, eta agerraldia egin zuen atzo goizean Bilbon, Entreculturas, Ellacuria Fundazioa eta SJM migranteen zerbitzu jesuitako kideekin batera. Han izan ziren Caddy Adzuba Kongoko Errepublika Demokratikoko abokatu eta aktibista, eta Jenny Paula Tenorio kolonbiar jatorriko Euskal Herriko aktibista ere, baita Diegorekin batera Afrikako herrialdean izandako Pilar Kaltzada komunikatzailea eta Africa Baeta ETBko aurkezlea ere.

Eskaera zehatzak egin zizkioten Europako Batasunari eta oro har gizarteari: emakumezko migranteen behar espezifikoei errepara diezaietela, eta genero ikuspegia kontuan har dezatela migrazio politikak egiterakoan. Ez baitira gutxi migrazio prozesu bati ekiten dioten emakumeak. Kaltzadak azaldu zuenez, 280 milioi lagun dira migratzaileak gaur egun munduan, eta horietatik ia erdia dira emakumezkoak: zehazki, %48. Europara iristen direnen artean are gehiago dira, Diegoren erranetan: %51,6.

Lucia Rodriguez Entreculturas gobernuz kanpoko erakundeko intzidentzia politikoko arduradunak azaldu zuenez, Europako Batzordea 2020an hasi zen Europako Migrazio eta Asilo Hitzarmena eztabaidatzen. Baina prozesua «motela» izaten ari dela salatu zuen atzo, eta ez dela batere «gardena» izaten ari: «Segurtatze eta itzulera politikek kriminalizazioa iraunarazten dute». Oroitu zuen Ukrainako testuinguruan Europako estatu ugari ari direla harrera politikak zabaltzen eta elkartasuna erakusten. Neurri horiek txalotu zituen, baina eskatu zuen bertze herrialde batzuetatik etortzen diren pertsonei ere irizpide berak aplikatzeko.

Europako hitzarmen horretan genero perspektiba txertatzeko galdegin zuten gobernuz kanpoko erakundeek, ez baita halakorik egin orain arte. Horretarako, uste dute beharrezkoa dela migratzen duten pertsonak «erdigunean» jartzea, haien eskubideak errespetatuta. Eta zehazki emakume migranteen eskubideak: «Emakume izate hutsagatik pairatzen dute indarkeria. Neurriak behar dira emakumeak eta neskatilak babesteko».

Adzubak azaldu zuen indarkeria horren adibideetako bat, jatorrikoa: ohartarazi zuen Kongoko Errepublika Demokratikoan emakumeak gerrako arma gisa erabiltzen dituztela, eta horrek bultzatzen dituela lekualdatzera. «Emakumeen gorputzak gudu zelai bihurtu dira. Osasun zerbitzuek bortz milioi emakume artatu dituzte jada bortxaketengatik». Segurtasun falta horretatik ihesi aldatzen dira estatu barneko bertze herrietara: «Euren herrialdean bertan arrotzak dira». Tenoriok bertze adibide bat eman zuen, Hego Ameriketako emakumeek Euskal Herrian pairatzen dutena: «Ikasketak ditugula frogatu ezinda, aurreiritzien araberako lanak ematen dizkigute, garbiketa eta etxeko lanak, gogorrak eta aitortu gabekoak».

Rodriguezek eskatu zuen jatorri eta helmugako herrialdeen arteko kooperazioa handitu dadila, eta kontuan har dadila martxan diren migrazio politikek emakumeengan duten eragina: «Emakumeak maiz salerosiak dira migrazio prozesuetan, edota bideko bortxaketen ondorioz haurdun gelditzen dira».

Mugetan egiten diren harrera prozesuetan denbora eta baliabide gehiago ere eskatu zituzten, emakumeek jasandako indarkeria sexual eta salerosketa kasuak detektatu eta horiek kontuan hartuta asilo eskaerak bideratzeko. Harrerarekin lotuta, atxilotze guneak ez diren harrera zentroak sortzeko eskatu zuten, ohartarazita atxikitze zentroetan emakume eta umeek baldintza okerragoak izaten dituztela. Migrazio politiketan lan egiten duten instituzio eta profesionalei genero perspektiba duen prestakuntza espezifikoa ematea exijitu zuten, baita ere. Eta, azkenik, Europako Batasunari eta herritarrei eskatu zieten migratzen duten pertsonen ahotsak entzun ditzatela.

Izenpe bilketa

Eskaerok atzo Bilbon agerraldia egin zuten gobernuz kanpoko erakundeek sustatutako Emakumeok Martxan kanpainaren barnean egin dituzte, eta horiekin bat egiten duten herritarrei galdearen aldeko sinadura emateko eskatu diete. Mujeresenmarcha.org webgunean eman daiteke izenpea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.