Albistea entzun

Ikus-entzunezkoen Legeari zuzenketa sorta bat gehituko dio EAJk

Jeltzaleek eta Espainiako Gobernuak 45 zuzenketa txertatuko dituzte proiektuan. EITB eta euskara jarri dituzte akordioaren erdigunean
Aitor Esteban, artxiboko irudi batean.
Aitor Esteban, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko maiatzak 17

EAJk eta Espainiako Gobernuak akordio bat erdietsi dute Ikus-entzunezkoen Lege proiektuari zenbait zuzenketa txertatzeko. Jeltzaleek jakinarazi dute alderdiaren hiru helburu nagusiak lortu dituztela: «autogobernua babestea», «EITBren autonomiari eustea» eta «ikus-entzunezkoen marko berrian euskararen presentzia areagotzea». Zehazki, 45 zuzenketa adostu dituzte.

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek adierazi duenez, akordioak haien nahiak «ase» ditu, legea «ideala» ez den arren. Izan ere, EAJk gobernuaren proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu zion lehenik, baina hura atzera bota zuten, Moncloak «hizketan hasiko zela» adierazi ostean. Hala, hasierako lege proiektu «zentralista» moldatzea lortu dutela azpimarratu du Estebanek, eta EITBren gobernantzari eusteko urratsak nabarmendu ditu.

Joseba Agirretxea diputatuak eman ditu akordioaren xehetasunak. Jakinarazi du EAJk aurkeztutako 58 zuzenketa partzialetatik 45 txertatuko dituztela, eta beste hamarren inguruan elkarrizketan ari direla. Izan ere, ostegunera arteko epea dute horretarako, orduan itxiko baitute lege proiektua zehazteko epea Gai Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Batzordean.

EITBren agintaritzari dagokionez, Agirretxeak azaldu du hartan «eskua sartzea» eragotzi dutela. Izan ere, adierazi du Gernikako Estatutuak jasotzen duela «telebista propio bat izateko gaitasuna», eta ez dagoela estatuko lege baten beharrik horretarako. Beraz, azaldu du legean aipamen bat izango dela Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen esparruan dituen eskumenen inguruan.

EITBren emisio digitalen kontrolari eustea ere adostu dute. Agirretxeak kritikatu du kontrakoak etorkizuneko emisio oro estatalizatzea eragingo lukeela, litekeena delakoan urte gutxian emisio denak modu horretan egitea. Bestetik, azaldu du EITBren Nafarroako emisioek «aurrerantzean ere agintaritza autonomikoa» izango dutela, bi erkidegoren arteko emisio harremanak marko autonomiko baten pean mantenduko direlako. «Ikus-entzunezkoen Lege proiektutik EITBren gobernantzaren gaineko esku sartze oro ezabatzea lortu dugu», ondorioztatu du diputatuak.

Gutxienez, %10

Euskararen presentziari dagokionez, Agirretxeak azaldu du ez dela jeltzaleek nahiko luketen presentzia bermatuko, baina jatorrizko proiektuak ezarritako bermeak handituko direla. Legearen arabera, estatuko hornitzaile publikoek saioen %15 estatuko hizkuntza koofizialetan eman beharko dituzte, eta, Agirretxeak azaldu duenez, bi aldeek adostu dute ehuneko hori erkidegoetako biztanle kopuruaren arabera ezartzea, euskara ez dadin kanpoan geratu. Gutxieneko kuota %10ekoa izango da hizkuntza bakoitzarentzat. Era berean, estatuko hornitzaileek haurrentzat dituzten edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz bikoiztuta eskaini beharko dituzte. Azken urrats horren garrantzia defendatu du Agirretxeak, esanez orain arteko proiektuak ez ziela erreferentziarik egiten hizkuntza koofizialetarako bikoizketari eta azpitituluei.

Legediak, baina, ez die eragingo egoitza Espainiako Estatutik kanpo duten enpresei; besteak beste, Netflixi eta Disneyri. EAJk gobernuarekin adostu du azken horrek, erkidegoetako gobernuek eta hornitzaileek erantzukizun konpromiso bat zehaztu beharko dutela, legediak horretara behartzen ez badu ere, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hiru herritarretik bik onesten dute ikasleen euskalduntzea bermatzea

Jon O. Urain

Naziometroaren neurketaren arabera, «erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen» dien estatua da lurralde antolaketarako lehen aukera (%31,5). Eskola publikoak jaso du baloraziorik onena
Gonzalo Boye pantailan eta Oihana Goiriena eskuinean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Pablo Gonzalez, lau hilabete inkomunikatuta

Iñaut Matauko Rada

Kazetariaren bikotekideak uste du Espainiak «lan gutxi» egin duela. Gonzalezen familiak bi eskutitz bakarrik jaso ditu espetxeratu zutenetik
Buruntza Mendiko gurutze frankista bota dute

Epaileak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntzako gurutzearen eraisketagatik

Berria

Gazte antolakundeak bere gain hartu zuen ikur frankista hori bota izana. Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak jarri zuen haien aurkako salaketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...