«Biolentzia instituzionalaren» biktima direla salatu dute

GAS sindrome faltsuaren aurkako sareko kideek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean

GASaren aurkako erresistentzia sareko kideak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Oinarri zientifiko eta medikorik gabeko teoria bat da, nazioarteko osasun erakundeek gaitzetsi egiten dute, baina sustrai sendoak ditu justizia administrazioan eta gizarte zerbitzuetan. GAS gurasoen alienazioaren sindromea delakoa oso zabalduta dago adingabeen arreta zerbitzuetan eta epaitegietan, eta oso ondorio larriak ditugenero indarkeria edo sexu abusuen kasuetan, bai eta zaintza partekatua inposatzen denean ere. Hori salatu dute Eusko Legebiltzarreansindrome faltsu horren aurka Euskal Herrian sortutako erresistentzia sareko kideek. Argi eta garbi esan dute: «Biolentzia instituzionalaren biktima gara».

Sare horren inguruan batu diren hainbat emakumeren lekukotza gogorrak entzun ahal izan dira Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Indarkeria matxistaren biktima gisa mintzatu dira Inma Mata, Laura Fuentes, Inmaculada Fuentes, Maria Paz Rodriguez eta Paula Rebaque batzordean, eta justiziareneskutik pairatzen duten «tratu txarren» berri eman dute. Salatu dute epaitegietan ustezko sindrome hori erabiltzen jarraitzen dutela, emakumeak «zigortzeko» helburuarekin. Gisa berean, adingabeen eskubideak «urratu» egiten direla kritikatu dute, eta «babesik gabe» uzten dituztela, «ahotsik gabe».

AEBetako Richard Gardner psikiatrak asmatu zuen GAS sindromea, 1985ean. Bikote banaketetan edo haurrentzako zerbitzuetan tratu txarrak edo sexu erasoak aipatzen direnean aplikatu ohi da figura hori. Haur batek uko egiten badio gurasoetako batekin harremana izateari, beste gurasoak manipulatu egiten duela ondorioztatzen da; are, arbuio hori eragitea egozten zaio. Horretarako, eufemismo ugari erabiltzen dira: gurasoen interferentziak, manipulazioa, oztopatzea, seme-alaben instrumentalizazioa, alienazioa...

Osasunean eta buru nahasmenduetan erreferente diren erakundeek ez dute GAS sindromea onartu, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak uko egin dio gaixotasunen sailkapenean sartzeari. Hala ere, epaitegietan oso hedatua dago haren erabilera. Horixe salatu dute legebiltzarrean euren lekukotza eman duten andrazkoek: «Gurea ez da kasu bakana, arazo sozial bat da. Ohiko jarduera bilakatu da epaitegi askotan», ohartarazi du Maria Paz Rodriguezek.

GAS sindromearen kontrako sareko kideek azaldu dute aldundietako adingabeen zerbitzuak sindrome horretan oinarritzen direla emakumeen salaketak auzian jartzeko eta umeen zaintzaren inguruan erabakitzeko. Indarkeria matxistaren biktima da Inmaculada Fuentes, eta kontatu du «tormentua» izaten ari dela bere semearen zaintza lortzeko azken hiru urteotan epaitegietan eta instituzioetan egiten ari den bidea. Bereziki kritikoa izan da Arabako Foru Aldundiaren adingabeen zerbitzuarekin, semearen zaintza kentzeko erabilitako txostenak «irregulartasunez» beteta daudelako: «Babes gabe sentitu naiz. Instituzio horrek ez du adingabeen ongizatea bermatzen». Are, zerbitzu horretan «terrorista» bat balitz bezala tratatu dutela gaitzetsi du. Halaber, ohartarazi du diputazioaren zerbitzuan babesgabetasuna neurtzeko erabiltzen duten sisteman —Balora izenekoa- GAS sindromearen hainbat kontzeptu «zeharka» sartzen dituztela.

Epaile batzuen «ideologia»

Gurasoaren alienazio sindromea ez dago inon aitortua, ez dago delitu gisa tipifikatuta, baina batzordean agerraldia egin duten andreek ohartarazi dute epaileek eta gizarte zerbitzuek aplikatu egiten badute zerbaitek «huts» egiten duen seinale dela. Legeek arautzen dutenaren eta botere judizialak erabakitzen duenaren arteko distantzia dagoela uste dute. «Indarkeria matxistaren aurkako legeak egon badaude, baina justiziak, askotan, ez ditu horiek betetzen. Eta, kasu horietan, emakumeok salduta eta kondenatuta gaude», azpimarratu du Laura Fuentesek. Esan duenez, bikotekideak ematen zizkion tratu txarrak baino «mingarriagoak» izan dira epaitegietan pairatu dituenak.

Rodriguezek adierazi du arazoa epaile batzuen «ideologia» dela, «sistema patriarkala» indartu nahi dutelako, are gehiago umeak tartean daudenean.

Sareko kideek «justizia» eta laguntza eskatu dizkiete alderdiei, beraiek sufritutakoa «beste inork berriro pairatu ez dezan». EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-k GAS sindrome faltsua arbuiatu dute, eta babesa agertu diete emakumeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.