Myanmarrera itzultzeko bermeak eskatu dituzte rohingyek

Ia milioi bat rohingya bizi dira erbestean Bangladeshen. Myanmarren diskriminazioaren eta indarkeriaren biktima dira oraindik

Rohingyak Bangladesheko errefuxiatu esparru batean. MONIRUL ALAM / EFE.
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Bost urte bete ziren atzo rohingyek inoizko exodorik handiena egin zutenetik. 2017ko abuztuaren 25ean rohingya talde batek eraso egin zien mugako segurtasun indarrei, eta, mendeku gisa, militarrek dozenaka etxe erre zizkieten eta zibilak tirokatu zituzten. Sarraskitik ihesi, 774.000 rohingyak ihes egin zuten herrialdetik, eta Bangladeshera joan ziren. Atzo milaka lagun irten ziren kalera, Myanmarrera itzultzeko baldintza seguru eta duinak eskatzeko.

Bangladesheko hego-ekialdean dagoen Cox's Bazar eskualdean, errefuxiatu esparruetan bizi dira ia milioi bat rohingya. Munduan errefuxiatu gehien biltzen dituztenen artean daude eremu horiek. Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute gehiegizko biztanleriaren ondorioz oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituztela, eta ugaritu egin direla azaleko gaixotasunak, uraren bitartez eratorritakoak eta gaitz kronikoak. Hortaz gain, montzoiek eta suteek milaka babesleku txikitu dituze. COVID-19aren pandemiak egoera are ezegonkorrago egin zuen, neurriak hartzeko zailtasunagatik eta elikatzeko segurtasun ezagatik.

«Nahikoa izan dugu; etxera, Myanmarrera, itzuli nahi dugu ahalik eta azkarren», azaldu zion Azra Kathun errefuxiatuak Al-Jazeera telebistari. «Gure haurrek heziketa bat eta bizitza duin bat izan dezaten nahi dugu», gehitu zuen. Cox's Bazarreko errefuxiatu esparruetan egin zuten protesta. Beren aberrira itzultzeko eskubidea aldarrikatu zuten, beren burua arriskuan jarri gabe. 2017an, militarrek rohingyen herriei eraso egin eta hiru hilabetera, Myanmarrek eta Bangladeshek errefuxiatuak aberriratzeko plana abiatu zuten, baina ez zuen arrakastarik izan, segurtasun falta zela medio.

Justizia eske

Justizia eskatzeko baliatu zuten atzoko eguna; Bangladeshi eta nazioarteari babesa eta laguntza eskatu zieten horretarako. «Nazioarteko Zigor Auzitegiak erantzuleak epaitzea nahi dugu», aldarrikatu zuten —2019ko azaroan onartu zuen Myanmarko militarrak ikertzea gizadiaren aurkako krimenengatik—.

Giza eskubideen erakundeek uste dute Myanmar ez dela oraindik leku segurua rohingyentzat, diskriminazioaren eta indarkeriaren biktima baitira. Myanmarko armadak indarkeriaz jokatu du rohingyen aurka XX. mendearen erdialdetik —alegia, 1948an Erresuma Batutik independentzia lortu zuenetik—. 1990eko hamarkadan 300.000 lagunek egin behar izan zuten ihes Bangladeshera. Ordutik, migrazio fluxua ez da eten. 2016an, militarren beste erasoaldi baten ondorioz, 87.000 rohingya iritsi ziren Bangladeshko errefuxiatu esparruetara. Etnia horretako 600.000 kide inguru bizi dira Myanmarren; horietako 130.000, barneko migrazio eremuetan.

Aurten 40 urte dira, halaber, Myanmarrek herritartasun legea ezarri zuela, eta hark ukatu egiten die Myanmarko herritartasuna rohingyei, zaurgarriago eginez, besteak beste ez dietelako aitortzen errefuxiatu estatusik. Hala nola giza salerosketen eta indarkeriaren biktima izan dira.

2021eko otsaileko estatu kolpe militarraren ostean, ugaritu egin dira talde armatuen eta militarren arteko borrokak Myanmarko Rakhine estatuan —rohingya gehienak bertakoak dira—.

Bangladeshek dio «nahikoa» egin duela. Errefuxiatu esparruak hesitu ditu, bertan bizi direnak bakartzeko, eta hezkuntzarako eta lanerako ateak itxi dizkie. Gainera, rohingyek salatu dute azken hilabeteetan ohikoak bihurtu direla Bangladesheko Poliziaren abusuak, xantaiak eta atxilotzeko mehatxuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.