Aitor Allende. Gurutze Gorriko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako koordinatzailea

«Behar egoeratik ateratzeko aurreikusitako epea ez da betetzen ari»

Krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egiteko administrazioek eta enpresek duten ardura kontuan hartzeko eskatu du Allendek, dauden beharrizanei erantzuna «modu bateratuan» eman ahal izateko.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Krisiak pertsonengan eragindako beharretan jarri dugu arreta, bereziki». Hala laburbildu du Aitor Allendek (Gasteiz, 1966) Gurutze Gorriak azken urteetan egin duen barne aldaketa. Aurretik, egitasmo zehatzetan egiten zuen lan, «oso mugatuta zeuden taldeei bideratuta». Krisi ekonomikoak eragindako ondorioei heltzeko, ordea, bestelako egitura bat abiarazi zuten. «Gai gara kasuan kasuko egoera zehazteko, eta esku hartzea horretara zuzentzeko». Horrek krisiak izan dituen eraginak aztertzeko aukera eman die.

Zeintzuk izan dira krisiaren hasieratik sumatu dituzuen aldaketa nagusiak?

Krisiaren hasieran prekaritate egoeran zeuden pertsona asko egoera okerrago batera igarotzen hasi ziren; egoera egonkor batean zeudenak ere prekaritate baldintzetan bizitzera pasatu ziren. Hori da gizartean izan dugun aldaketa nagusia: bizitza egonkorra zuten pertsona askok galdu egin dute egonkortasun hori.

Krisiaren hasieran okerrera egin zuten horiek hobera egiten ari ez direla ohartarazi dute zenbait elkartek. Hots, prekaritate egoerak betikotzen ari direla.

Uste dugu krisia hasi aurretik prekaritate egoeran zeuden pertsona horietako batzuk behar egoeran daudela; 2008tik aurrera, ahultasun egoera handiagoan geratu ziren horiek, hain zuzen ere. Haien egoerak ez du atzera bueltarik izan. Egia da gizarte laguntzek hori are gehiago gaiztotu ez dadin laguntzen dutela. Gure herrialdean ez da inor gosez hiltzen, hori argi esan behar da. Administrazioek eta hirugarren sektoreak premia egoerei erantzuna ematen diete, baina abagunea ez doa hobera. Behar egoeratik ateratzeko aurreikusitako epea ez da betetzen ari.

Hirugarren sektoreak 2008tik egin duen lana nabarmendu da, baina arriskua dago elkarteek eta erakundeek laguntza ere betikotu behar izateko?

Aipatu taldeekin lan egiten hasi ginenean, administrazioekin ere hitz egin genuen. Haiek ere ekarpenak egin behar dituzte beharrei aurre egiteko. Modu antolatuan egin dugu esku hartzea, eta lankidetzara ere jo dugu. Gure helburua pertsonei arreta ematea da, baina erakunde publikoei eskatzen diegu beren gain hartzeko dagokien arduraren partea. Giza diplomazia esaten diogu horri. Enpresen ardura soziala ere jarri dugu mahai gainean, eta haiengana jo dugu. Erantzuna modu bateratuan eman behar dugu.

Non antzeman dituzue behar nagusiak?

Hiru ardatz nagusi ditugu: haurrak, edadetuak eta emakumeak. Horiek dira krisiaren eragina gehien pairatu duten taldeak. Badakigu beste elkarte eta erakunde batzuk beste sektoreekin ari direla lanean. Saiatzen ari gara zerbitzu bera bitan ez ematen; elkarte batzuekin elkarlanean ari gara, hori ez gertatzeko eta informazioa partekatzeko. Askok migratzaileen egoera nabarmentzen dute, baina esku hartzearen heren bat baino ez dira. Batzuetan, muina ez dago pentsa dezakegun lekuan.

Zein da Gurutze Gorrira gerturatzen den pertsonaren soslaia?

Krisiak langile autonomoei, eraikuntzako langileei eta 45 urtetik gorako pertsonei erasan die. Horien kasuan, beste behar batzuetarako prestatzea zaila da. Pertsona horiekin ari gara lanean gaur egun, nagusiki. Garai batean, 45 urtetik gorako pertsonengan jarri genuen arreta, familia ardurak izan ohi zituztelako.

Zenbait ikerketek azalarazi dute pobrezia energetikoa ere gora doala.

Esparru horretan, lan ildo bat abiarazi genuen iaz. Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu genuen, eta laguntza zuzenak ere eman ditugu behar horiei aurre egiteko. Instituzio publikoek, kasu horiek antzematen dituztenean, gugana bidaltzen dituzte. Bi edo hiru hilabetez ematen diegu laguntza zuzena, eta batzuk luza daitezke; betiere, kasuaren arabera. Dena den, hori zati bat baino ez da. Egoera orokorra aztertzen saiatzen gara. Esan ohi dugu ez dagoela pobrezia energetikorik, bere hartan. Pobrezia orokorra da, eta argindarraren edo gasaren fakturei aurre egiteko ezintasuna horren parte bat baino ez da.

Hortaz, premia egoeran dauden pertsonen kopurua igo den heinean, behar hori ere igo da?

Igo da, bai. Pertsona askok aurrezkiak baliatu zituzten krisiari aurre egiteko, egoerak hobera egingo zuen itxaropenarekin. Diru hori amaitu denean, egoera aldatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.