PPk atea ireki dio DSBEaren erreformari

Popularren abstentzioari esker tramitera onartu dute EAJren eta PSE-EEren proposamena. EH Bilduk ohartarazi du «bide arriskutsua» dela

Beatriz Artolazabal Enplegu sailburua eta Laura Garrido, Eusko Legebiltzarrean artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bidelaguna aurkitu dute EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean. Ateak ireki baitizkio PPk DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreformari, urtebete ez atzera ez aurrera egon ondoren. Testua gustuko izan ez arren, PPkoak abstenitu egin dira bozketan, eta lege proposamena tramiterako onartzea ahalbidetu dute ondorioz. Hain zuzen, PPren babesa lortu izana gaitzetsi diote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzako bi alderdiei. Uda ostean ekingo dio Legebiltzarrak legegaiaren eztabaidari.

Iritziz aldatu du PPk, eta uste du garai egokia dela orain gizarte laguntzen inguruko araua moldatu eta «enplegagarritasuna helburu duen babes sistema justu bat» adosteko. Laura Garridok aitortu du ez duela gustuko proposamena; ez da «nahikoa» haren irudikoz. «Ez doa norabide egokian». Legearen erreformari ateak ireki dizkio, hala ere, eta iaz oztopatu zuena ahalbidetu du orain. Zuzenketen bidez testua aldatzen saiatuko direla adierazi du Garridok. Iñigo Urkulluri ohartarazi dio, halaber, aukeratu dezala norekin adostu nahi dituen aldaketak, ez baitute zerikusirik EH Bilduk eta popularrek defendatzen duten gizarte ereduek: «Denak ez du balio».

Oso kritiko azaldu dira oposizioko gainerako bi alderdiak. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du ulertezina dela gaiaren inguruko akordioak erdiestea gizarte laguntzen kontrako jarrera izan duten alderdiekin, eta diskurtso «xenofoboetara» hurbiltzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri. «Oso arriskutsua da eskuin xenofoboarekin, elektoralismoz gaiaren erabilpen ankerra egin duenarekin, bidea egitea».

Erreformaren edukia negoziatu eta adosteko borondate falta egotzi dio Kortajarenak Eusko Jaurlaritzari. Ohartarazi du, halaber, etxebizitza bakoitzean errenta bakarra jasotzeko aukerak kanpoan utz ditzakeela herritar asko, eta fokua kontrolean jarri izana kritikatu du.

Elkarrekin Podemosentzat ere testuak ez du ezertarako balio: «Hau soilik hobetu daiteke zakarrontzira botata eta berria idatzita». Tinixara Guanchek azpimarratu du indarrean dagoena baino «okerragoa» dela proposamen berria, eta eskubideak murrizten dituela salatu du. Izan ere, ordaina jasotzen dutenei sistema biometrikoen bitartez identifikatzeko aukera jasotzen du testuak, hatz marken sistema aipatu gabe, hori bai. Guanchek uste du onuradunak «kriminalizatu» egiten dituela horrek.

Eztabaida amaitu ondoren hitz egin dute Euskal Herriko eskubide sozialen gutunaren ordezkariek ere. Testuak aurrera egin izana txarretsi dute. «Herri Ekinaldi Legegilea eztabaidatzen egon beharko genuke», adierazi du Jabier Saenz bozeramaileak. Iazko urrian 51.000 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean, baina ez ziren aintzat hartuak izan. EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu zuten.

Ekarpenak jasotzeko prest

EAJk eta PSE-EEk ukatu egin dute PPri «txeke zuririk» eskaini diotenik, eta «akordio zabala» lortzen saiatu direla berretsi dute. Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak azpimarratu du arau berria «ona eta aurrerakoia» dela. Adierazi du arauaren moldaketak gizartearen kohesioan eragingo duela, eta krisiaren ondorioak leuntzen lagunduko duela. Horrez gain, iritzi dio laguntzaren kudeaketan sortu diren «disfuntzioak» zuzentzeko ere balioko duela. Gainerako alderdiei «ausartak» izateko eskatu die, eta adostasunak bilatzeko. Testua hobetzeko ekarpenak jasotzeko prest azaldu da, «demagogia alde batera utzita».

Proposamenak gaur egungo baldintza nagusiei eusten die, baina aldaketa garrantzitsuak ditu errentaren zenbatekoaren kalkuluan. Egun, Espainiako lanbidearteko gutxieneko soldataren arabera kalkulatzen dute, baina testu berriak jasotzen duenez, oinarrizko gastuen adierazle baten bitartez egingo litzateke aurrerantzean. Adierazle hori 455 euro litzateke, eta horri osagarri ekonomikoak gehituko zaizkie. Hala, norbanakoak gehienez 659 euro kobratuko lituzke. Pentsiodunen errenta ere aparte kudeatuko da: orain baino 52 euro gehiago jasoko du bakoitzak, eta 62 euro gehiago beste batekin bizi bada.

Errenta jasotzeko gutxieneko adina 23 urte izango da, arau berriak jasotzen duenez, baina onuradunek Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako udalerri batean gutxienez hiru urte erroldatuta egon beharko dute. Horrez gain, onuradunei laguntza modu mailakatuan kentzeko tresna bat ere jasotzen du testuak; ez du horretarako irizpiderik zehazten, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.