Bakterio gehiagotara hedatuko du Jaurlaritzak meningitisaren txertoa

12 urteko nerabeei jartzen zaie; ezohiko kanpaina egingo da urteotan 18 urte arteko gazteentzat

Bakterio gehiagotara hedatuko du Jaurlaritzak meningitisaren txertoa.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun

Haur eta nerabeak txertatzeko eran aldaketa bat egiteko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hain zuzen ere, meningitis eritasunaren aurkako txertoaren hirugarren dosia aldatu egingo du. Txertaketen Aholku Batzordeak egindako ikerketa baten ostean hartu du erabakia. Haren arabera, gaixotasunaren epidemiologian aldaketak egon dira.

Meningitisaren aurkako txertaketa egutegian hiru dosi zehazten dira. Lehenak, haurraren lehen urtean jartzen dira; lau eta hamabi hilabeterekin. Hirugarren dosia, berriz, 12 urterekin jartzen dute. Orain arte, azken dosiak C meningokokoari aurre egiteko balio izan du, baina aldaketak egin dituzte. Txerto berriak A, Y eta W meningokokoei aurre egiteko ere balioko du. Gaixotasun larriak eragin ditzakeen bakterio bat da meningokokoa; esate baterako, meningitisa. Haur eta nerabeengan izaten du eraginik handiena.

Urrian jarriko da martxan txertoa jartzeko era berria, eta, beraz, 12 urteko nerabeak izango dira lehenak hura hartzen: 2008. urtean jaiotakoak. Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, 21.000 dosi baino gehiago erosteko asmoa dute. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du «zelatan» egon behar dela beti, eta, beraz, dei egin du txertaketa egutegian jasotzen dena betetzera. «Erantzukizun ekintza bat da».



Ezohiko kanpaina

12 urteko nerabeei jarriko diete lehenbizikoz meningitisaren aurkako txerto berria. Hala ere, ezohiko txertaketa kanpaina bat ere abiatuko dute. Hori dela eta, 13 eta 18 urte arteko gazteei ere jarriko diete hirugarren dosi berria: 2001-2007ko aldian jaiotakoei. Murgak gogoan izan du zer «babes» ekarriko dien: «Ahalik eta inpakturik handiena lortu nahi da egungo nerabeen immunitatea hobetuta, arrisku taldea baitira».

Ikasturte honetan hasiko da ezohiko kanpaina, urtarrileko bigarren astean. 2001., 2002. eta 2004. urteetan jaiotako nerabeei jarriko diete txertoa ikasturte honetan. Datorrenean, 2003an eta 2005ean jaiotakoek. Azkenengoan, 2021-2022ko ikasturtean, 2006tik 2007ra jaiotakoei emango zaie hirugarren eta azken dosia. Txertoak hezkuntza zentroetan jarriko dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako ikastegietan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitateetan ere edukiko dute txertoa emateko era. Are, txertoa osasun zentroetan ere eskuragarri egongo da, eskolara ez doazen gazteentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.