Zorroza enpresako lan baldintza «penagarriak» salatu dituzte sindikatuek

LABek ziurtatu duenez, hamar orduko lanaldiak dituzte Murgako plantan, eta arriskuen prebentzioari buruzko neurririk ez dago

Sindikatuen protesta Murgako birziklatze plantan, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Azken lan istripu hilgarria lan baldintza «penagarriekin» lotu dute sindikatuek. Astelehenean gertatu zen istripua, Zorroza birziklatze plantan, Murgan (Aiara, Araba). 30 urteko langile bat, gizonezkoa eta Senegalen jaiotakoa, lau metrotik erori zen, eta zaurien ondorioz hil, asteartean, Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia).

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariak Murgako lantegiaren aurrean batu ziren atzo, Lan istripu gehiagorik ez zioen pankartarekin. CCOOk ere protesta egin zuen, baina Gasteizen, SEA patronalaren egoitzaren aurrean.

Agiri baten bidez, LABek ziurtatu du urtea hasi denetik hamalau lagun hil direla Euskal Herrian lanean ari zirela. Horiei batu dakizkieke Zaldibarko zabortegiko luiziaren azpian desagertu diren bi beharginak, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze.

Laneko ezbeharrak prekaritatearekin lotuta daudela esan ohi dute sindikatuek, eta, Murgako kasuan, horri buruzko zalantzarik ez du LABek. Haren arabera, oso lan baldintza kaskarrak dituzte birziklatze enpresa horretan. Egunean hamar orduko lanaldiak egin behar dituzte, «nahitaez»; soldatak txikiak dira, eta lan erritmoak, berriz, oso handiak. LABek dioenez, instalazioen garbitasuna «desegokia» da, eta enpresako kudeatzaileek «hitzezko tratu txar jarraituak» ematen dizkiete langileei.

Deia agintariei

Sindikatuak ziurtatu du birziklatze plantako langileek ez dutela prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan. CCOOk zehaztu duenez, langilea erori zenean, mantentze lana ari zen egiten, teilatu hodi batzuk aldatzen. «Zentzu onak dio lan hori ez dagokiola birziklatze enpresa bateko langile bati», esan du Juan Luis España CCOOko eraikuntza eta zerbitzuetako Arabako arduradunak. Sindikatu horrek dio biktimak eragiten dituzten istripuak «izozmendiaren punta» baizik ez direla.

CCOOk enpresei eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die neurriak har ditzatela laneko heriotzen aurrean. Bide beretik mintzatu da LAB ere: «Ezinbestekoa iruditzen zaigu erakunde publikoak interpelatzea, neurri faltagatik halakorik berriro gerta ez dadin. Beharrezkoa da erakundeek zaintza, kontrol eta jarraipen neurri eraginkorrak ezartzea».

LABek ziurtatu duenez, prekaritate handiko eskualdea da Aiaraldea. Zorroza ondoan dagoen enpresan, Tubos Mecanicos del Norten, greba mugagabean daude otsailaren 10az geroztik, eta Garobel enpresako langileek «etorkizuna arriskuan dute».

Arratsaldean, manifestazioa egin zuten Amurrioko Herriko plazatik abiatuta, Aiaraldeko greba batzordeak deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.