Mendiak esan dio ELAri «harreman normalizatua» izan nahi duela

Ontzat hartu dio keinua Lakuntzaren sindikatuak, nahiz eta ez duen edukietan aldaketarik ikusi

ELAko ordezkariak, Mitxel Lakuntza buru dutela, Idoia Mendia Lan sailburuarekin, atzo, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Legealdi berria hasi du Eusko Jaurlaritzak, eta horrek aukera bat zabaldu du Gasteizko gobernuaren eta Araban, Bizkaian ea Gipuzkoan lehen sindikatua denaren arteko harremanek hobera egiteko. Txarrera nekez egingo baitute, ELAren eta Iñigo Urkulluren taldearen arteko desadostasunak eta haserreak oso sakonak izan baitira azken urteetan. Harremana onbideratzeko lehen saioa atzo egin zuten, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu berria Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiarekin batu baitzen, lehen aldiz.

Bileraren ondoren, Mendiak ez zuen adierazpenik egin. ELAk, berriz, formetan aurrerapausoak ikusi zituen, baina ez, ordea, edukietan. Batetik, sindikatuak ontzat hartu zuen Mendiak sindikatuarekin «harreman normalizatua» izateko konpromisoa hartu izana. «Horrek aldaketa dakar aurreko lau urteekiko; izan ere, lau urte horietan ez da elkarrizketarik izan Jaurlaritzako sailburuekin, ezta lehendakariarekin berarekin ere».

Baina, bestetik, agiri baten bidez ELAk aipatu zuen ez duela aldaketarik antzeman Jaurlaritzaren zerga eta ekonomia-politiketan, nahiz eta «oso kaltegarriak» diren langileentzat. ELAren kexuetako bat da Mendiak eta Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren aldeko apustuari heltzen diotela. Sindikatuak uste du mahai honek helburu bakarra duela: elkarrizketa sozial faltsu baten irudia helaraztea, gehiengo sindikalak —ELAk eta LABek ordezkari sindikalen %60 dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan— planteatzen dituen aldaketa sakonen aldarrikapenei jaramonik ez egiteko. «Erabakiak hartzeko sistema antidemokratiko bat» iruditzen zaio mahaia, CCOOk eta UGTk, ordezkaritzaren %29 baino ez dutelako.

Akordiorako prest

Lakuntzak ziurtatu zion Mendiari prest dagoela akordioak lortzeko gai garrantzitsuetan, eta lau aipatu zizkion: enplegua, prestakuntza, gizarte laguntzak eta lan osasuna. Baina, era berean, argi eta garbi adierazi zion bide berriak irekitzeko ezinbestekoa dela bi gairi aurre egitea. Batetik, «arau demokratikoak berrikustea eta bermatzea, sindikatu bakoitzaren ordezkaritza errespeta dadin eta patronalak beto ahalmena izan dezan». Bestetik, «Jaurlaritzaren politikak sakon aldatzea: lan munduko larrialdiek aurrekontu konpromiso handia eskatzen dute; gaur egun, are gehiago».

Koronabirusaren krisiaz ere aritu ziren Lakuntza eta Mendia. ELAko buruak gogorarazi zizkion maiatzean egindako 24 proposamenak, bost multzotan banatutakoak. Lehenik, diru sarrera publikoak handitzea, sozietateen gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan berariazko errekarguak eginez. ELAk dio zerga-sistema egitura aldatuta urtean 4.000 milioi gehiago bilduko liratekeela, ia %25 gehiago.

Bigarrenik, sektore publikoa indartu beharra ikusten du ELAk. Horretarako, aldi baterako langileen enplegua finkatu beharko litzateke, eta zainketako sektore azpikontratatuak argitara eman. Gizarte babesari dagokionez, ELAk uste du diru sarrerak bermatzeko errentak gutxieneko sarira iritsi beharko lukeela, eta horibermatu behar zaiela langabeei ere. Laugarrenik, eskubideak aitortzea eta «bizitza eta zaintza zentroan jarri» nahi du ELAk.

Azkenik, «eraldaketa sozial eta ekologikoaren aldeko konpromisoa» bultzatu nahi du ELAk, eta«funtsezko ondasunen ekoizpena birkokatzea». Besteak beste, erakunde publikoek enpresa estrategikoetan parte hartzea eta batzuk nazionalizatzea proposatu du.

LABekin, astelehenean

Asteazkenean hasi zituen lehen harremanak Idoia Mendiak gizarte eragileekin. Loli Garcia (CCOO), Raul Arza (UGT) eta Eduardo Zubiaurre (Confebask) izan zituen solaskide. Bilera sorta astelehenean bukatuko du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiarekin, Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.