Sinesteak ematen duen indarra

'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta' liburua aurkeztu dute Bilbon. Gizarte zibilaren ekimenaren garrantzia nabarmendu dute

Joanmari Larrarte, Bilboko Kafe Antzokian bildutakoei hizketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian, gizarte zibilaren ekimenari esker sortu dira hainbat eta hainbat proiektu. Baina hori ez da atzoko kontua: gaur egun ere, badugu ahalmena herri gisa falta ditugun hainbat egitasmo abian jartzeko». Joanmari Larrarteren hitzak dira. Edo Juan Mari Torrealdairen hitzak, Larrerteren ahotan ezagutaraziak. Torrealdairen Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta liburua aurkeztu dute Bilboko Kafe Antzokian, eta aukera baliatu dute Euskaldunon Egunkariabezala sinestearen indarraz sortu diren beste bi egitasmo ere aurkezteko: Ekhilur kontsumo kooperatiba eta Labore supermerkatu kooperatiboa.

Herrigintzaren indarra eta «boterekeriarena», euskarazko egunkaria sortzeko gauza izan zen bultzada eta hura desagerrarazi zuena kontrajarri ditu Ane Zabala kazetariak ekitaldiaren aurkezpenean; batez ere, lehenengoaz aritu da Larrarte. Torrealdaik aspalditik zuen Egunkaria-ren historia kontatzeko nahia; 2020ko uztailean zendu zen, liburua amaitzear zuela, eta Larrarteri egokitu zitzaion lanari azken puntua jartzeko zeregina.

Baina Torrealdairena ez da edozein kontakizun: «Juan Marik pentsatzen zuen bera gertuegi zegoela Egunkaria-ren historia idazteko, eta beharbada beste batzuek egin beharko zutela hori, baina gertaeren kontakizuna bere ikuspegitik egin nahi zuen. Liburuan agertzen den guztia gertatu zen, ongi dokumentatuta dago, baina Torrealdairen ikuspegitik kontatua».

Kontu asko aletzen ditu Torrealdaik liburuan: euskarazko egunkaria sortzeko XX. mendean egindako ahalegin zapuztuak, 1989an Argia-ko kazetari haiek egindako urrats ausarta, egunkariaren ibilbidea, itxiera. Den-dena xehe kontaturik, dokumentazio ugari erabilita. Eta gauza guztien gainetik, ideia bat: «Itxiera mingarria izan zen, baina hori beste batzuek egin zuten. Egunkaria-rena, aldiz, arrakasta baten historia da. Euskal gizartearen arrakasta izan zen egunkaria abian jartzea, diru laguntza publikorik gabeko lehen lau horietan eustea, eta itxierari buelta eman eta beste proiektu bat altxatzea».

Egitasmo berriak

Torrealdaik belaunaldi berriei esan nahi zien posible zela, herri ekimenaren indarrez gauza asko lor daitezkeela. Ekitaldian aurkezturiko beste bi egitasmoak horren adibide dira. Ekhilur kontsumo kooperatiba bat da, oraingoz batez ere Bilbon garatu dena, eta, hango kide den Alex Lopezek esan duenez, «ekonomia soziala» bultzatzea du helburu: «Bertoko ekonomia sarea hobetu nahi dugu, diruaren kontrola berreskuratu eta, horren bidez, eredu ekonomikoa eraldatu».

Labore, berriz, Santutxun (Bilbo) dagoen supermerkatu kolaboratiboa da. 250 bazkiderekin abiatu zen, duela lau urte; 600 bazkide dira egun, eta mila izatea dute xede: «Elikadura subiranotasuna bultzatu nahi dugu, bertoko ekoizle eta produktuak sustatuz», esan du Alaitz Ajuriagerrak.

Larrarteren hitzak dira: «Ez dira garai samurrak, baina Egunkaria sortu zenekoak ez ziren samurragoak, eta hura abian jarri zuten, sinetsi egin zutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.