Akordio «zabal bat» Katalunian gatazka politikoa gainditzeko

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialak manifestu bat aurkeztu du. Irtenbide baten alde «aktibatzera» deitu du

Amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko akordioaren ekitaldia, atzo. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Katalunian, Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Sozialak manifestu bat aurkeztu zuen atzo. Dokumentua 90 gizarte eragileren aurrean plazaratu zuen, Bartzelonan, eta, herritarrei atxikimendua eskatzeaz gain, mobilizaziorako deia ere egin zien. «Egoera ilunen dagoenean aktibatu behar dugu gehien», adierazi zuen David Fernandez CUPeko parlamentari ohi eta Akordio Sozialaren sustatzaileetako batek.

Aurkezpenean parte hartu zuten Kataluniako alderdi subiranista guztiek, eta hainbat gizarte eragilek; horien artean, Omnium Cultural eta ANC Biltzar Nazional Katalana. Akordioaren bultzatzaileek irailaren amaierara arteko epea ezarri diote beren buruari, «ahalik eta babes sozialik handiena» biltzeko Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen alde eta, Kataluniako prozesu independentistarekin lotuta, «jazarriak» izan diren «3.000 lagunen baino gehiagoren» amnistiaren alde.

Baldintzak «zailak» direla aitortu zuen Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta Akordio Sozialaren bultzatzaileak; «pandemiaren irteeran, eta blokeo politiko baten eta Ukrainako gerraren erdian». Baina erronkari helduko diote, eta sinadurak biltzeari ekingo diote gaurtik hasita.

Akordio Sozialak frogatu nahi du gizartean badela adostasun zabal bat Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoa amnistiaren eta autodeterminazioaren bidez gainditzeko. Lana datorren urriaren 1erako amaitu nahi dute, Kataluniako independentzia erreferendumak bosgarren urteurrena betetzen duenerako. Bildutako babesari buruzko txosten bat aurkeztukodute orduan. Adierazpen «plurala eta bateratua» izatea espero dute.

Lan isila

Egitasmoa iazko udan hasi zen lanean, oso modu diskretuan. Lehendabizi, talde eragile txiki bat sortu zuten. Talde horretako kide dira, besteak beste, Forcadell, Fernandez eta Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari ohia. Kide sustatzaileek —30 lagun inguru— dozenaka gizarte eragileren ekarpenak jaso dituzte azken asteetan —tartean alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte mugimenduak eta patronalak—. Elkarrizketa horien emaitza da atzo Bartzelonan aurkeztu zuten manifestua.

Akordio sozialaren egitasmoa legealdirako plangintzan jasoa zuen Pere Aragones Generalitateko presidenteak —hasieran Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Nazionala izenarekin—, eta lehen egunetik izan du helburu gizartearen sektore zabal bat biltzea, independentziaren aldekotik harago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.