Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Katalunia. Carolina Telechea. ERCren Kongresurako hautagaia

«Judizializazioa, errepresioa... Ez ditugu kartzelatze gehiago nahi»

Esquerra Republicanak gorakada handia izango du, inkesten arabera. Marra gorririk gabeko jarduna lehenesten du zerrendako hirugarrenak, eta elkarrizketa jarri du erdigunean. Badu konfiantzarik PSOErekin.

J. P. GANDUL / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Birraitona Bilbokoa zuen Carolina Telecheak (Igualada, Katalunia, 1981). «Emigratu egin behar izan zuen, eta aitona Argentinan jaio zen». Espainiako Kongresurako hauteskundeetarako ERC Esquerra Republicanaren zerrendaburua Oriol Junqueras da, Gabriel Rufian da bigarrena, eta Telechea hirugarrena. Madrilen diputatua izan zen, 2018ko uztailetik Gorteak desegin ziren arte. Elkarrizketaz mintzo da une oro, eta elkarrizketa horrek helburu bat du: erreferendum lotesle bat adostea Madrilekin. «Hori eskatzen digu Kataluniako herriak». Bere ibilbide politikoaren hasieran PSCko militantea izan zen.

Azken inkestek diote 12-14 aulki lortuko dituzuela Espainiako Kongresuan. Zer ondorio ateratzen duzue zenbaki horiek irakurrita?

Hasteko, bai ni neu eta bai Esquerra Republicana oso eszeptikoak gara inkestekin. Denok begiratzen ditugu, hori egia da, baina ez diet kasu handirik egiten. Oraindik bi aste falta dira hauteskundeetarako, herritarren portzentaje batek ez du erabaki botoa nori eman...

Zenbaki horiei erreparatuta, uneotan zenbat jarlekurekin konformatuko litzateke ERC?

Guk irabazteko asmoa dugu; horretarako ari gara lanean. Kataluniako herriari garaipen hori zor diogu. Esquerra Republicanak inoiz ez ditu irabazi [Espainiako] hauteskunde orokorrak Katalunian.

Eta jarleku bat gora, jarleku bat behera, inkestek diotena betetzen baldin bada, zerrol jokatuko du ERCk Madrilen?

Elkarrizketaren, kontsentsuaren, negoziazioaren alderdia izango da. Guk ahal den neurrian lagundu nahi dugu herritarren, katalanen eta espainiarren onerako diren politika sozialak aurrera eraman daitezen. Eta, noski, autodeterminazio eskubidea eta erreferenduma ere hor daude.

JxC Junts Per Catalunyaren kontrara, Pedro Sanchezek autodeterminazio eskubidea onartzea ez da zuentzat ezinbesteko baldintza bat hura inbestitzeko.

Guk ez dugu marra gorririk jarriko. Horiek probokatu dezakete alfonbra gorri bat jartzea eskuineko hiruko gobernu bati. Beraz, hitz egingo dugu, beti egin dugun bezala, eta negoziazio mahaian eseriko gara.

Generalitatearekin osatutako negoziazio mahaitik altxatu zen PSOE joan den otsailean. Zer aldaketa behar dira aipatzen duzun elkarrizketak bidea egin dezan?

PSOEk ausarta izan beharko luke, eta ez luke kikildu behar, ez eskuin muturraren mehatxuaren aurrean, ez eta alderdiko barruko mehatxuengatik ere. Espero dugu PSOE, ezkerreko alderdi eta demokrata gisa, negoziazio mahaian esertzea.

Sanchez esan eta esan ari da inoiz ez duela autodeterminazio eskubidea negoziatuko. Halere, posible ikusten duzu elkarrizketa mahai bat osatzea?

Esango nuke baietz. Inoiz ez da itxaropena galdu behar da.

Gabriel Rufian zure alderdikidearen esanetan, Sanchez inbestitzeko ez dira hainbeste baldintza jarri behar; bai, ordea, hura Moncloan mantentzeko.

Pausoz pauso joan nahi dugu. Behin emaitzak edukita, ikusiko dugu nola geratzen diren hemizikloko gehiengoak.

Eskuinak eta eskuin muturrak osatutako hirukoari ez zaiola alfonbra gorririk jarri behar diozu. Albert Riverak (Ciudadanos) behin eta berriz esan arren Sanchezekin ez duela bat egingo, beste aukera bat da PSOEren eta Ciudadanosen arteko ituna.

Bai, posible da. Ciudadanos esaten ari da ez ezetz dela, ez duela bat egingo PSOErekin. Baina, oso oker ez baldin banabil, PSOEk noizbait esan izan du ez duela itun hori baztertzen. Agertoki horren aurrean, Esquerra Republicanak eta gainontzeko alderdi subiranistek eta independentistek ahalik eta indartsuenak izan beharko lukete. Zertarako? Balizko itun horiek baldintzatzeko.

Sanchezek, agian, bi aukera edukiko ditu hauteskundeen ondoren: Ciudadanosekin itun bat egitea, edo, bestela, zuekin, EH Bildurekin, eta EAJrekin, besteak beste. Nola konbentzitu bigarren hautua egin dezan?

Tira, ez dakit... Pedro Sanchez pertsona arrazoizkoa da. Katalunian egon da, ezagutzen du Kataluniako gizartea, gure errealitatea. Argi dago problema bat dagoela, eta hori modu demokratikoan, bide politikoak erabiliz, konpondu behar dugu. Sozialistak ez dira desagertuko, baina ezta independentistak ere. Horrenbestez, arazo bat dago, eta arazo hori ez da judizializatu behar. Ezin da konpondu zuzenbide penala erabiliz. Bide politikoa, elkarrizketa, beste biderik ez dago.

Egun, herritarren %48 inguru dira independentista Katalunian. Kataluniako Parlamenturako hurrengo hauteskundeen ondoren kopurua handiagoa izateak elkarrizketaren bide hori arindu ahal izango luke?

Argi dago gehiago izan behar dugula. Gehiago baldin bagara, indar handiagoa edukiko dugu. Egia da, bestetik, kataluniarren ia %80 daudela erreferendum baten alde. Datu horiek nahikoa garrantzitsuak dira mahai gainean jarri eta ez gutxiesteko.

2017ko abenduaren 21eko bozetan bezala, elkarrekin aurkeztea proposatu dizue JxCk. Baina ez duzue nahi. Zergatik?

Adibide batekin azalduko dut: denok ez dugu jaka berarekin joan behar, baizik eta helburu berarekin.

2015eko Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan elkarrekin joan zineten, Junts Pel Si koalizioan.

Pentsatzen dut testuingurua beste bat zela, eta zenbakietan ikusi genuen elkarrekin joanda bananduta baino aulki gutxiago batu genituela. Dena den, azkenean inportanteena da denok helburu bera edukitzea.

Zer aldatu da ERCn 2017ko urritik gaurdaino? Orduan baino askoz ere posibilistagoa da. Zergatik?

2017ko urriaren 1ean egin genuen herritarrek eskatzen zigutena, eta erreferendumeko emaitzek erakutsi ziguten beharrezkoa zela gehiago izatea. Prozesuaren judizializazioa ere kontuan hartu behar da, errepresioa... Ez ditugu kartzelatze gehiago nahi.

Apirilaren 28an eta udal hauteskundeetan Katalunian izango diren emaitzek zehaztu dezakete zein den prozesuan jarraitu beharreko bidea? Pragmatikoagoa, posibilistagoa zuena, frontistagoa, blokeoaren aldekoa, JxCrena.

Guk berdin-berdin jarraituko dugu gure programarekin, gure helburuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.