«Lege leun» bat gatazkak konpontzeko

Burujabetza gatazkak onbideratzeko osagaiez gogoetatu dute aditu ugarik. Praktika egokiak biltzeko kode baten oinarriak landu dituzte

Nicola McEwen Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea, atzoko saioan hizketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Zer dira lurralde burujabetza gatazkak eta zeintzuk izan daitezke horiek konpontzeko osagaiak? Irtenbidean parte hartu behar al dute Europako Batasuneko instituzioek, eta nola? Zer mekanismo dituzte horretarako? Galdera horiei politika zientzietatik, zuzenbidetik eta filosofiaren ikuspegitik erantzuten ahalegindu ziren atzo nazioarteko irakasle ugari, Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak jardunaldien bigarren saioan. Besteak beste, saioan zehar eztabaidatu zuten Eusko Ikaskuntzaren eta Ikerketa Katalanen Institutuaren ekimenez burujabetza gatazkak konpontzeko sustatutako praktika onen kodearen beharraz eta ezaugarriez. Gaur aurkeztuko dute kode horren oinarria.

Adituak bat datoz Europako instituzioek nolabaiteko parte hartzea izan behar dutela gatazka horien konponbidean, eta praktika onen kode bat tresna egokia izan daitekeela nazioartean irizpide partekatu batzuk ezartzeko. Batez ere, bi gogoeta nagusitu ziren: Europaren rolari buruzkoa bat eta, sakonean, erabakitzeko eskubidearen eta mekanismoen egokitasunari edo zilegitasunaren ingurukoa bestea, horretarako eskubidea duen subjektuaz eztabaidatzearekin batera.

Filosofia juridikoaren ikuspegitik, Costanza Margiotta Padovako Unibertsitateko irakasleak beharrezko jo zuen Europako erakundeek aintzat hartzea «barne zabalkundearen» aukera, estatu independente bat osatu nahi dutenek jada badutelako europar herritartasuna eta azken urteetako mugimendu independentista indartsuenek, Eskoziakoak eta Kataluniakoak, beren burua europazaletzat dutelako: «Barne zabalkundea aitortu beharko litzateke herritar europarren narratiba indartzeko, estatuena sustatu beharrean». Horrek Europako instituzioen «federalizazio dinamika» bat abiatu lezake, lurralde gatazkak «leundu» ditzakeena.

Narratibaz mintzatu zen Elisenda Casañas-Adam Edinburgoko Unibertsitateko ikerlaria ere: «Arrakala izugarria gertatzen ari da EBren esparru juridikoan, eta kalte egiten hasi da erakunde eta estatu kideen arteko kolaborazioan». Zergatik hutsune edo arrakala hori? Narratibarengatik, Casañas-Adamen hitzetan: «EB nazioz gaindiko ente gisa aurkezten da, eta narratiban sartzen dira giza eskubideen balioa eta herritarren batasuna. EBk, ordea, «estatuen batasun gisa funtzionatzen» jarraitzen du, eta, Casañas-Adamen esanetan, ez du erantzun juridikorik eskaini ezta «printzipio demokratikoak urratu direnean» ere: «Ondorioa da estatu kideen demokraziaren higadura». Horregatik uste du EBren esparruren batek zehaztu behar duela horrelako auzien aurrean zer prozedura jarraitu.

Ildo berean mintzatu zen Nikos Skoutaris East Anglia Unibertsitateko irakaslea; hura ere esku hartze europarraren aldekoa da, EB «bake plan» gisa sortu zelako: «EBk baliabide sorta bat eduki beharko luke, eta baliabide gehiago dauzka mugetatik kanpoko gatazketan parte hartzeko barruetan parte hartzeko baino». Gogorarazi zuen, ordea, estatuak direla EBren itunen jabeak, eta, beraz, baliabide «mugatuak» dauzkala estatuen burujabetza murriztu dezakeen pausorik emateko. Izan dezake rol bat, halere, Skoutarisen iritziz: «Zipreri eta Ipar Irlandari begiratuta, EBren ekarpenik garrantzitsuenetakoa ez da izan negoziatzaile bilakatzea, paradigma bat sortzea baizik: nola aritu lankidetzan; nola partekatu subiranotasuna. Soft law edo lege leuna».

Horixe izan zen eguneko kontzeptu protagonistetako bat, gaur aurkeztuko duten kodeari aieru egiteko balio izan zuena: jakinik estatuek ez dutela onartuko legeria idatzirik beren burujabetzaren aurka, zer ibilbide izan dezakeen gatazken konponbiderako jardunbide egokien kode batek, horretan gutxieneko printzipio politiko batzuk jasota. «Kode honek lagunduko lieke erakundeei jakiteko zer proba pasatu behar dituzten, eta estatuek proba demokratikoak bete dituzten gatazka bat konpontzeko. Oztopo juridikoak egonda ere, badago espazio bat EBk esku hartze aktiboa izateko. Kodeak ekarpen izugarria egin ahal izango dio».

Galdeketa baino gehiago

Beste eztabaida nagusietako baten ardatza erreferenduma izan zen; haren egokitasuna mekanismo gisa, eta hura osatu beharra. Francesco Palermo Veronako Unibertsitateko irakasleak ohartarazi zuen, ikuspegi juridiko huts batetik, gatazka bat konpontzeko alternatiba bakarra lege prozedurak ezartzea dela, eta horretan ari direla gero eta konstituzio gehiago. Haatik, uste du erreferenduma «beharrezkoa» dela, «baina ez nahikoa», galdeketa bera «binarioa» eta, horrela, «sinplista» izan daitekeelako. Hori zuzentzeko, proposatu zuen «botere orekak» ezartzea, gehiengo indartuak eskatzea, erreferendum bakarra baino gehiago egitea edo erreferenduma erabakitzeko prozesuan beste pauso batzuekin osatzea kasu.

Nikolas Levrat Genevako Unibertsitateko ikerlariak, ordea, tai gabe babestu zuen galdeketen mekanismoa, argudiatuta horiek direla herritarren nahia ezagutzeko tresnarik egokiena. Bat dator Matt Qvortrup Coventry Unibertsitateko irakaslea: «Erreferenduma berez ezin da legez kanpokoa izan, bide bat delako jendearen nahia azaleratzeko. Demokrazia dugu iritzi ezberdinak entzunaraz ditzakegulako. Praktika demokratiko ona da, aitortu behar da».

Arratsean, autodeterminazioaren eta erabakitzeko eskubidearenzilegitasuna izan zuten hizpide. Alain G. Gagnon Montrealgo Quebeceko Unibertsitateko irakasleak ukatu egin zuen legezkotasunetik kanpo zilegitasunik ez dagoenustea, eta erantsi zuen, Espainiaren kasuan, «fundamentalismo konstituzionalaz» jokatu izan duela Auzitegi Konstituzionalak, konstituzioa «zilegitasun iturri bakar» gisa jota. Jorge Cagiao Tourseko Unibertsitateko irakasleak, berriz, argudiatu zuen estatu berrien sorrera zilegi dela estatu demokratikoen testuinguruan ere; izan ere, gutxiengoak gehiengo bihurtzeko «promesak» egonkortasuna ematen die sistema politikoei, baina promesa hori «ezin da bete» gutxiengo nazionalen kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.