Italiak bide eman dio 301 migratzaile lehorreratzeari; 271 daude zain

'Rise Above' eta 'Geo Barents' ontzietakoak dira lurreratu diren etorkinak. «Zaurgarritzat» jo dituztelako eman diete lurreratzeko baimena

Italian atzo lehorreratu ziren migratzaileetako bi, Cataniako portuan, Sizilian. MARCO COSTANTINO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Georgia Meloni Italiako lehen ministroaren eskuin muturreko gobernuak portu itxien politika berreskuratu izanaren ondorioz, egoera geroz eta etsigarriagoa bihurtzen ari da Italian lehorreratzeko zain erreskate ontzietan dauden ehunka migratzailerentzat. Gobernuak 301 etorkin lehorreratzea baimendu zuen atzo, baina beste 271 portu bat zapaltzeko baimenaren zain daude oraindik ere.

Lehorreratzeko baimena jaso duten 301 migratzaileetatik 212 Mugarik Gabeko Medikuen Geo Barents ontzian zeuden. Hilaren 5etik Cataniako portuan geldirik egon da ontzia, Sizilian. 572 lagun zeuden barruan, eta «zaurgarrienek» baino ez zuten izan lehorreratzeko aukera. Gainerakoek barruan geratu behar izan zuten. Bi iheslari siriarrek ontzitik salto egin zuten herenegun, etsita, eta Cataniako portura iristea lortu zuten igeri. Han eman zuten gaua.

Atzo beste ikuskapen bat egin zuen Italiak Geo Barents ontzian, hazteri agerraldi batengatik eta migratzaile batzuen izu krisiengatik. Gobernuak «zaurgarritzat» jo zituen ontziaren barruan zeuden gainerakoak, eta lehorreratzen utzi zieten Cataniako portuan.

Migratzaile «zaurgarriak»

Italiako Gobernuak onartu duen dekretuak agintzen duenez, soilik migratzaile «zaurgarriak» hartuko ditu herrialdeak. Gainerakoek portua utzi behar dute, eta nazioarteko uretara itzuli.

Gainerako 89 etorkinak Alemaniako Mission Lifeline gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) Rise Above ontzietan zeuden. Gobernuak haien lurreratzea baimendu zuen, argudiatuta Italiaren erreskate eremuan atzeman zituela ontziak.

Hala ere, beste 271 lehorreratzeko baimenaren zain daude oraindik ere. Ontzietako arduradunek salatu dute egoera «jasanezina» dela.

Libiako eta Maltako ur eremuetan egin zituzten erreskate operazioak SOS Mediterranee GKEaren Ocean Viking ontziak eta SOS Humanityren Humanity 1-ek. Lehena nazioarteko uretan egon da zain, Italiako uren mugatik gertu. 234 iheslari ditu. Bi aste baino gehiago daramatzate ontzian, eta, tripulazioak Italiari porturatzeko 30 eskari baino gehiago egin arren, ez du baimenik jaso. Hori dela eta, Frantziarantz abiatzea erabaki zuen atzo.

Oraingoz, Humanity 1-eko 144 migratzaileri eman diete lehorreratzeko baimena, eta beste 35 gelditzen dira ontzi barruan, Cataniako portuan. Italiako Gobernuaren ikuskapenek erabaki dute nork zapaldu zezakeen Italiako lurra eta nork ez.

Matteo Salvini Italiako Azpiegitura ministroak herenegun esan zuen EB Europako Batasunak ezin duela Italia «bakarrik» utzi, eta Italiako kostaldera iristen diren etorkinak «beste leku batzuetara eramateko» eskatuko diotela berriro Bruselari.

GKEek salatu dute egoera larria dela ontzien barruan, eta Humanity 1-en, migratzaile batzuek gose greba hasi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.