Donald Trumpek lehen pausoa eman du Etxe Zurirako bidean

Hurrengo presidentetzarako bozetarako hautagaitza aurkeztu du AEBetako presidente ohiak, «berriz ere Amerika handi egiteko»

Donald Trumpen jarraitzaile bat, herenegun, Palm Beachen (Florida, AEB) presidente ohiaren agerraldia entzuten. EFE.
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ez da aspertu Donald Trump. Ameriketako Estatu Batuetako presidente izandakoak (2017-2021) herenegun gauean aurkeztu zuen 2024. urteko presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaitza. Paradoxikoki, azken hauteskundeetan izandako porrota aitortu baino lehenago aurkeztu du.

«Berriz ere Amerika handi eta arrakastatsua egiteko, AEBetako presidente izateko nire hautagaitza aurkezten dut», adierazi zuen Trumpek Mar-a-Lagoko (Florida, AEB) bere etxean egindako agerraldian. Hirugarrenez aurkeztuko da AEBetako presidente ohia hauteskundeetara.

2020. urteko bozetako porrotaren inguruan, esan zuen hura ez zela amaiera izan, «amets amerikarra erreskatatzeko borrokaren hasiera baizik».

«Duela bi urte, Etxe Zuria utzi nuenean, AEBak prest zeuden nire urrezko arorako», adierazi zuen errepublikanoak, bere agintaldian hartutako hainbat neurri goraipatu eta gero. Tartean, zergen jaitsiera «historikoak» aipatu zituen , «pandemia kontrolatu bat», «gizateriak sekula ikusi duen ekonomiarik handiena», eta «inoiz baino sendoagoa» izan zen Mexikoko muga.

Bere hautagaitzaren helburu nagusien artean, «ustelkeria masiboa amaitzea» nabarmendu zuen Trumpek: «Hori amaitzeko indar nahikoa izan dezakeen bakarra herria da. AEBetako herria munduko jenderik onena da, guztiak maite ditugu, bialdeok maite dugu elkar. Guk gure jendea batuko dugu».

Primarioak

Presidente ohiak asteak zeramatzan Alderdi Errepublikanoaren primarioetarako hautagaitza aurkeztuko zuela iradokitzen. Ziurrenik, adituen arabera, Ron DeSantis Floridako gobernadorea izango du aurkari nagusi. Joan den asteko kongresurako hauteskundeetan emaitza bikainak lortu zituen DeSantisek, eta Alderdi Errepublikanoaren zati bat behintzat badu bere alde. Trumpek, gainera, alderdikideen kritika ugari jasan behar izan zituen 2020ko bozetan galdu ostean.

Inkesta ugariren arabera, DeSantis gailenduko litzaioke Trumpi, hauteskunde primarioak gaur egingo balituzte.

Joe Bidenek, AEBetako egungo presidenteak, Indonesiatik erantzun zion, G20koak egiten ari diren bileratik: «Amerikari huts egin zion Trumpek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.