Albistea entzun

Orion gertatu den eztandan gizonak andrea hil ote duen ikertzen ari dira

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, bortxa matxista da hipotesi nagusia
Deflagrazioa gertatu zen tokian, atzo, ertzainak lanean.
Deflagrazioa gertatu zen tokian, atzo, ertzainak lanean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko maiatzak 17

Tiroketa baten ondorioz hildako bi pertsonaren albistea hedatu zen aurrena atzo arratsaldean; Orion (Gipuzkoa) gertatu zela jakin zen, kale erdian, jendea erruz ibili ohi den parke batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, tarte batera, baieztatu zuen bi pertsona behintzat zendu zirela, eta «deflagrazio» baten ondorioa izan zela dena. Berehala zabaldu zen andre bat eta gizon bat zirela hildakoak, eta ilunabarrean iturri ofizialek jakinarazi zuten indarkeria matxista dela ikertzen ari diren hipotesi nagusia. Astia beharko zutela esan zuten aurrena Segurtasun Saileko iturriek, baina ilunabarrerako zabaldu zuten berria.

Bi hildakoek bikote harremana izan zuten egiaztatzeko ikerketak egiten ari ziren, hain justu, atzo ilunabarrean, eta gizonak deflagrazioa andrea hiltzeko asmoz eragin ote zuen. Zenbait iturriren arabera, etenda zuten bikote erlazioa. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk berak ere bortxa matxistarekin lotu zuen gertaera, iluntzean egin zuen ekitaldi batean. Ikerketak hipotesia baieztatzen badu, aurten indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian hildako lehenengo emakumea izango da.

Larritasuna

Gertaera 17:30 inguruan jazo zen. Hainbat lekukoren arabera, bi petardo lehertu izan balira bezalako soinua entzun zen. Auzokoek bi pertsona topatu zituzten, hilda, buruan zauriak zituztela. Emakumezkoaren gorpua eserlekuan zegoen, eta gizonezkoarena, lurrean. Ertzaintzak eremua hesitu zuen, eta gertaturikoa ikertzen hasi zen. Adierazi zutenez, ikertzen ari dira gizonak propio eraman ote zuen toki horretara lehergailu bat, eta hantxe andrea hiltzeko asmoz zartarazi ote zuen. Hainbat lekukok ere adierazi zuten hori bera gertatu zela. Zenbait iturriren arabera, etxean egindako lehergailu motaren bat zen zartarazi zuena. Eskopeten hipotesia baztertzeko zegoela adierazi zuten beste hainbat iturrik. Ertzainek jarraitu zuten esaten deflagrazio bat izan zela.

Momentu latzak izan ziren inguruan, jende asko baitzebilen, eta ezuste handia izan baitzen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Basaurin EAJk eginiko mitin batean (Bizkaia) baieztatu zuen gertaera ikertzen ari direla indarkeria matxista kasu baten moduan. Minutu bateko isilune bat egin zuten.

Aurreko kasuak

Iaz, lau emakumezko hil zituzten bikotekideek Euskal Herrian, eta semeak emandako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. 2003tik, indarkeria matxistaren ondorioz 117 andrazko hil dira Euskal Herrian, 11 haur.

Sara Pina izan zen lehen hildakoa iaz, 38 urteko emakumezko bat. Tuteran hil zuen bikotekideak (Nafarroan), etxean. Agertzen ez zela-eta, bila joan zitzaizkion gertukoak, eta hantxe aurkitu zuten, hilotz. Apirilaren 26an Felisa S.P. hil zen Gurutzetako erietxean, Barakaldon (Bizkaia). 90 urte zituen, eta erietxera eraman zuten min hartuta; zauriak tratu txarrekin lotu zituzten osasun profesionalek, eta handik aste batzuetara semea atxilotu zuten. Irailean Maria Luisa Larrañaga hilotz agertu zen Benidormen (Herrialde Katalanak); senarra auto istripu batean hil zela esatera joan zitzaizkion, eta orduan aurkitu zuten. 68 urte zituen, eta sortzez Soraluzekoa zen (Gipuzkoa).

Urte amaieran gertatu ziren azken bi hilketak. Abenduren 19an Maria del Carmen Ruiz Huerta hil zen, Zaragozan; gero jakin zen Corteskoa zela (Nafarroa). Senarrak berak jo zuen Poliziarenera, emaztea hil zuela esanez. Abenduren 28an Rebeca Huayta Huacan hil zuen bikotekideak. Bilboko San Frantzisko auzoan taberna bat zuten, eta hantxe aurkitu zuten, hilotz. 45 urte zituen. Hilketa guztiek izan zuten instituzioen arbuioa, eta mugimendu feministak ere salatu zituen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
RD-936 errepidea, Beskoitze (Lapurdi) parean. ©BERRIA

Bi lagun hil dira Beskoitzen, trafiko istripuan

Berria

Motorrean zihoazen biak, eta traktore baten kontra talka egin dute. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.

Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.