Funtsa txalotu du Olanok, baina adabaki bat dela uste du Gipuzkoako oposizioak

Gipuzkoako udalerriek kalkulatutakoa baino 29 milioi gehiago izango dituzte gastatzeko. Zerga bilketa %2,8 jaitsi da urtarrilean Bizkaian

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Mugarria» batentzat, eta «adabakia» besteentzat. Finantzen Euskal Kontseiluaren biharamunean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan kontuak emateko ordua iritsi zitzaion atzo Markel Olano ahaldun nagusiari, bezperan Ekarpenen Legearen erreforma amaitzeko interes handiena zuenagintariari. Ez zuen halakorik lortu, baina, desorekak arintzeko, funts berri batekin eta 4,04 milioi euro gehiagorekin itzuli zen. «Berri zoragarria, oso positiboa», Olanoren iritziz. Eskaskeria bat, oposizioaren arabera.

Olanok onartu zuen Ekarpen Legearen berritzea lortu nahi zuela, baina ez dela posible izan; «aukerarik onena lortu dugu». Ez da posible izan Bizkaiak ez duelako amore eman. Oraingo banaketak hari egiten dio mesede, enpresa oso handien egoitza den aldetik, bizkaitarrek, batez beste, diru gutxiago jartzen dutelako arabarrek eta gipuzkoarrek baino. Oraingo legea 2007koa da, eta, 2011n berritu behar zen arren, orduz geroztik urtetik urtera luzatu behar izaten dute.

Ahaldun nagusiak balorazio ona egin izana «tristea eta penagarria» iruditu zitzaion EH Bilduko bozeramaileari, Xabier Olanori. Haren iritziz, «Gipuzkoari kalte larria egiten diote EAJren barruko gatazkek». Olanok eta Ione Cisneros Ahal Duguko batzarkideak hitz bera erabili zuten adostutakoa izendatzeko: «Adabakia». Are gogorrago jo zuen Juan Carlos Cano PPko batzarkide bakarrak: «EAJren porrotik handienetako bat da; Gipuzkoak limosna bat lortu du, azken minutuan, ia luzapenean».

Batzarkideekin ez ezik, Olanok eta bere taldeak udalen ordezkariekin bildu behar izan zuten atzo, Finantzen Lurralde Kontseiluan. Horretan, finkatu zuten 515 milioi izango dituela udalak finantzatzeko funtsak, iaz baino %10 gehiago, eta aurrekontuan kalkulatutakoa baino 29 milioi gehiago.

Bizkaian, bilketa behera

Iaz zergetan ia 15.000 milioi jaso ondoren, aurten 15.262 milioira iritsiko zirela kalkulatu zuen urrian Finantzen Euskal Kontseiluak. Uda hurbildu ahala ikusi ohi da iragarpenak beteko ote diren, baina lehen datua ez da oso ona izan: zerga bilketa %2,8 jaitsi da urtarrilean Bizkaian (21,6 milioi gutxiago). Errenta zergaren bilketa %1,9 handitu da, baina beste zergena jaitsi egin da. Datorren astearen hasierarako espero dira Arabako eta Gipuzkoako datuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.