I+Garen inbertsioak ez du lortu %2ra gerturatzerik, hazi den arren

2018. urtean, %4,4 handitu dute gastua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, BPGaren %1,85

Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Emaitza gazi-gozoa I+G ikerketan eta garapenean egindako inbertsioarentzat. Eustatek ziurtatu du 2018an gora egin zuela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez da gerturatu administrazioek bere buruari jarritako %2ko helburura. Are gehiago, bigarren urtez jarraian barne produktu gordinaren %1,85ean geratu da I+Gan egindako inbertsioa, %4,4ko hazkundea jan egin dutelako ekonomia beraren hazkundeak eta inflazioarenak.

2010etik 2013ra %2ko muga gainditu zuen I+Gk hiru lurraldeen batuketan, baina hurrengo urteetan inbertsioa amildu egin zen, zorraren krisiak ekonomia berriro atzeraldian sartu baitzuen. Azken hiru urteetan gora egin du berriro. Baina, ikerketaren garrantziari buruzko hitz politak gorabehera, oso poliki baizik ez da handitzen ari, eta ozta-ozta gainditzen du 2008ko datua, BPGaren %1,84. Datu hori bera izan zuen Europako Batasunak 2008. urtean, baina orduz gero bilakaera oso bestelakoa izan da: urrats apalekin izan bada ere, gora egin du urtero eta 2017an %2,07ra iritsi zen. Iazko datua aurki emango du Eurostat estatistika agentziak.

Batezbesteko horretatik oso gora daude Eskandinaviako herrialdeak —Suediak bere ekonomiaren %3,33 inbertitu zuen 2017an I+Gn; Danimarkak %3,06; Finlandiak %2,76—, baita Austria (%3,16) eta Alemania ere (%3,02). Ekialdera eta hegoaldera eginez gero, jaitsi egiten da inbertsioa.

Edonola ere, Euskal Herriko lurraldeen artean bada aldea, eta handia, gainera. Gipuzkoak egiten du gastu gehien (%2,37), han biltzen baitira inbertsio handienak egiten dituzten lau eskualdeak: Goierri (%4,39), Debagoiena (%3,73), Debabarrena (%3,38) eta Donostia aldea (%2,28). Bizkaian %1,68 da inbertsioa, Bilbo Handia buru duela (%1,80), eta Araban %1,35era jaisten da, eskualde askoren ekarpen txikiaren ondorioz. Nafarroako datua datorren astean eguneratuko du lurralde horretako estatistika erakundeak, baina are urrunago izango da EBko batezbestekotik, 2017an %1,73ra baizik ez zelako iritsi. Ipar Euskal Herriari buruzko kalkulu bat egin du Gaindegiak, eta horrela ondorioztatu du Euskal Herri osoan inbertsioa BPGaren %1,82 izan zela 2017an.

Inoiz baino diru gehiago

Kopuru erlatiboetan inbertsioa ez da goiko mailara iritsi, baina bai, ordea, kopuru osoetan. Eustatek dio 1.432,4 milioi euro erabili zirela iaz ikerketa eta garapena sustatzeko, aurreko urtean baino %4,4 gehiago.

Gainera, inoiz baino jende gehiago ari dira I+Gan: 19.274 izan ziren iaz, dedikazio osoko baliokidetzan. 2017an baino %3,8 gehiago dira. Haien artean are gehiago handitu dira ikertzaileak: 13.165 dira (+%4,4). 2002an, I+Gn aritzen zirenen %56 ziren emakumeak, baina %66 dira orain.

Arlo maskulinizatua da I+Garena, langileen %35,9 baizik ez direlako emakumeak. 2005. urtetik 4,1 puntu handitu da emakumeen batezbestekoa.

Enpresen esku

Euskal Herriko I+Garen inbertsioaren berezitasun bat da nagusiki enpresek egiten dutela (%75,9). Goi mailako irakaskuntzak %17,4 egiten du, eta administrazioak, berriz, %6,8. Hala ere, hor ez da amaitzen gobernuen ekarpena, haiek funtsez hornitzen dituztelako beste eragileak: finantzaketa publikoa izan zuen gastuaren %33,1ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.