Estatuek ez dituzte bete 2020rako biodibertsitate helburuak

Aniztasun Biologikoari buruzko Munduko Ikuspegiaren bosgarren edizioa argitaratu du NBEk

Itsas ekosistemetako arazo bat da plastikoaren pilaketa. MAXIM BLINKOV / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Herrialdeen agendan dago biodibertsitatea eta espezieen iraunkortasuna bermatzea, eta hori sustatzeko eta babesteko neurriak eta mekanismoak ezarri dituzte estatuek azken urteetan; badirudi, baina, ez dutela horiek betetzeko nahikoa nahimen eta borondate izan. NBE Nazio Batuen Erakundeak atzo argitaraturiko txostenaren arabera, azken hamarkadan gobernuek ez dituzte bete 2020rako nazioartean adostutako helburuak, eta, dibertsitate biologikorako plan estrategikoan ezarritako jomugak modu partzialen burutu dituzte; hots, apenas egin dioten jaramon.

Aniztasun Biologikoari buruzko Munduko Ikuspegiaren bosgarren edizioan egin dute azterketa, eta, bertan jasotzen denez, herrialdeek ez dituzte lortu 2010ean Japonian ezarritako biodibertsitate helburuak; hogei puntu ziren guztira. Txostena oinarrizko pieza horietako bat da CBD Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenak helburu sorta berri bat ezartzeko datorren hamarkadarako (2021-2030).

Elizabeth Maruma Mrema Biodibertsitatearen Konbentzioko idazkari exekutiboak adierazi zuenez, txostenaren emaitzak etsigarriak dira. Kritiko mintzatu zen: «Bosgarren txostena da. Aurretik beste lau egin ondoren, munduak lezioa ikasiko zuela espero nuen, eta azkenak emaitza positiboagoak emango zizkigula».

Txostenaren egileetako batek, Dadid Cooperrek, Eferi jakinarazi zion kontserbazioan eta zaharberritzean inbertitu behar dela, baina, horrez gainera, ekoizpenari eta kontsumoari dagokionez ere neurri zorrotzak hartu behar direla: «Ekonomia osoan behar dugu ekintza». Cooperren arabera, ezinbestekoak diren neurrietako bat da ingurumen kalte larriak eragiten dituzten sektoreei «gobernu subsidioa kentzea». Gauzak horrela, ezagutzera eman den txostenak argi utzi du funtsezko aldaketak behar direla giza jarduera anitzetan.

Estatuek adostutakoa betetzeko konpromisoa hartzea beharrezkoa izango da proiektua gauzatzeko neurri praktiko eta eraginkorrak ezartzeko, eta, azken txostenaren ondorioak negatiboak izan badira ere, esperantzarako tartea ireki zuen Cooperrek: «Mezu gakoetako bat zera da: neurriak hartu diren lekuetan aurrerapenak ikusi ditugula. Adibidez, deforestazio mailak murriztu izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.